Jai handi batekin ematen ari dira amaiera Gora Herriak jardunaldi mamitsu batzuei
Jai handi batekin jarri diete txapela Pasai Donibanen Gora Herriak jardunaldiei. Aurtengoan Abya Yala jatorrizko herriak izan dira protagonista. Hau da, Panamako eta Kolonbiako herri indigenek sortutako izena, Amerikako kontinenteari erreferentzia egiteko erabiltzen dena.
Maiatzaren 22an hasita, kulturartekotasuna ospatzen duen Gora Herriak jardunaldiak egiten ari dira Pasai Donibanen, Bixi Bixi kultur elkarteak antolatuta. Edizio honen erdigunea Abya Yala jatorrizko herriak izan dira. Hau da, Panamako eta Kolonbiako herri indigenek sortutako izena, Amerikako kontinenteari erreferentzia egiteko erabiltzen dena, Europako kolonoek jarritakoaren ordez.
Larunbat honetan jarriko diote txapela kultur hamabostaldiaren zortzigarren edizioari. Santiago plazatik eguerdian abiatutako kalejira batekin ireki dute eguna, Diablada de Pillaro ikusgarriak lagunduta. Azken hamarkadan hazi den ospakizun herrikoia da. Historiak dioenez, garai kolonialetan indigenak deabruz janzten ziren, espainiarrengandik jasotzen zituzten apaiz-predikoak eta tratu txar fisiko, psikologiko, ekonomiko eta morala gaitzesteko.
‘Elezaharrak, kantu eta kontuak’ ikuskizun ibiltariarekin segida eman eta Amerikar jatorriko jakiekin egindako herri bazkariaren ostean iritsiko da ekitaldi nagusia.
Amerikari eskainitako hamabostaldia izanik, musikan ere nabarmena izaten ari da presentzia hau. Larunbat honetan Kolonbiatik iritsitako Ritmo Forastero taldea igoko da taulara, baita Hija del Nopal musika jartzailea ere, kunbia, saltsa, mambo eta boogaloo erritmo latinoamerikarrak nahastuz.
Bi aste luzez hainbat ekimen antolatu dituzte. Aniztasuna eta erresistentziaren inguruko hitzaldiak, hizkuntza biziberritzeei edo emakumeen lidergoei buruz hausnartzeko mahai-inguruak, bertsoak, kantuak eta Olloki eta Ingot bezalako taldeen kontzertuak ere izan dira egun hauetan zehar.