Azken 24 orduetan hiru langile hil direla istripuz salatu du LABek
Hiru langile hil dira istripuz azken 24 orduetan, LABek jakitera eman duenez. Horietako bi basolanetan izan dira, bata Altsasun eta beste Eskoriatzan. Hirugarrena, Donostian, 63 urtekoa eta azpikontratatua, istripu ez traumatikoan, belarra kentzen ari zela, belauniko.
Azken 24 ordutan hiru langile hil direla istripuz salatu du LABek. Horietako lehena Altsasun izan zen astelehenean, basolanetan ari zen Errioxako langile bat. Bigarrena, E.A.M.C, Eskoriatzan, hau ere basolanetan, adar batek jota hil da. Hirugarren ezbeharra Donostian izan zen, astelehenean; 65 urteko J.M.E.G-k istripu ez traumatikoa izan zuen eta lanpostuan bertan hil zen. Belar txarrak kentzen ari zen, belauniko.
LAB sindikatuak nabarmendu duenez, hiru hildako hauekin 31 dira Euskal Herria urte hasieratik bizia galdu duten langileak.
Altsasuko istripuaz, hildako langilea Logroñoko enpresa batek kontratatua zela jakin du LABek. «Honek esan nahi du hildako langile hau ez dela Nafarroako kontabilitate ofizialean jasoko eta heriotza gertatu ez balitz bezala jokatuko duela Chiviteren Exekutiboak», salatu du.
Honekin batera, salatu du langilea bakarrik ari zela basolanetan. «Hau da, hilkortasun handiena erakusten duen lanbidean, derrigorrezkoa den errekurtso prebentiborik ez lankiderik gabe. Hau sektorean dagoen muturreko prekatitatearen beste adibide besterik ez da», gaineratu du sindikatu honek.
«Azken urteetako istripu tasa izugarrien atzean enpresek lanerako araudia ez betetzea dago, atzo heriotzarekin gertatu den bezala. Heriotzen atzean, beraz, arduradunak daude, nahiz eta gobernuek arduradun horiek, enpresariak, itsuki babesten jarraitzen duten», nabarmendu du LABek.
Eskoriatzan hildako langilearen inguruan ez duela beste daturik adierazi du sindikatuak.
Donostiakoa, 63 urte eta azpikontratatua
Donostian hildako beharginari dagokionez, adina, 63 urte, azpimarratu du LABek, baldintza kaskarretan azpikontratatua zegoela eta beropean lanean ari zela gaineratuz. Parques Historicos 2023 aldi baterako enpresen elkarterako ari zen lanean Aiete auzoko lorategi batean, Udalak azpikontratuta, azaldu du.
«Patronalak zein gobernuek absentismoaren mamua zabaltzen duten bitartean, langileok bizitza galtzen dugu lanean. Prebentzio falta da heriotzen arduradun bakarra. Langileok hiltzen gara, ez enpresariak. Gero eta nabarmenagoa da, gainera, prebentzio araudiaren ez betetzea orokortua dagoela eta honen aurrean neurri gogorrak hartu beharra dagoela», nabarmendu du LABek.