14 urtera arte luzatuko da doakotasuna EAEko garraio publikoan asteartetik aurrera
Astearte honetatik aurrera eta abenduaren 31ra arte, 14 urtera artekoek doan bidaiatuko dute garraio publikoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Barik txartel pertsonalizatua izatea da baldintza bakarra.
Datorren asteartetik aurrera 14 urtera luzatu egingo da doakotasuna EAEko garraio publikoan. Urte hasieratik, 12 urtetik beherakoentzat doakoa zen zerbitzua eta, orain, erabaki dute adin tartea zabaltzea 14 urtera arte. Neurri hori abenduaren 31ra arte mantenduko da, Bilboko Udalak gogoratu duenez.
Espainiako Gobernuak garraio publikoarentzat bultzatutako hobarien barruan kokatzen da neurria. Bestalde, 26 urtetik beherakoek %50eko hobaria izango dute bidaietan. Gainontzeko herritarrek, ordea, %40ko hobaria izango dute.
Bilbori dagokionez, Udalak ohartarazi du Barik pertsonalizatua eskatzeko epea zabalik dagoela jada. Bilboko Metroan, Bizkaibus, Euskotren, Bilbobus eta Renfeko aurrez aurreko arreta bulegoetan izapidetu daiteke.
Horretarako, informatu dutenez, tramitazioa gurasoek edo legezko tutoreek egin behar dute, argazki bat eta NANa edo familia-liburua aurkeztuta.
Iruñean, arrakasta
Nafarroan ere urratsak egin dituzte doakotasuna ezartzeko garraio publikoan. Izan ere, 14.000 gaztek eskatu dute dagoeneko gazte-txartela doan bidaiatzeko asteartetik aurrera.
Nafarroako Gobernuak kalkulatu duenez, 40.000 adingabe inguru egon daitezke Iruñerrian bizi diren 5 eta 14 urteren artean, hots, zerbitzuaren doakotasunaren onuradun izan daitezkeenak. Izan ere, gazte-txartela eskatu duten gazteek 15 eguneko epean jasoko dute txartela etxean.