INFO

Uholdeek eragindako kalteak milioi bat eurokoak izango direla aurreikusi du Gipuzkoak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, uholdeek Tolosaldeko eta Goierriko errepideetan eragindako kalteek milioi bat euroko kostua izango dute. Horri gehitu behar zaizkio «konpontzen joango diren kalte txikiagoak».

Usurbilen uholdeek eragindako kalteak. (@usurbiludala)

Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako kalkuluen arabera, milioi bat euro inguru inbertitu beharko dira ekainaren 13an Tolosaldean eta Goierrin izandako uholdeek errepide sarean eragindako kalteak konpontzeko.

Astearte honetako Gobernu Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko egindako prentsaurrekoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Irune Berasaluzek, kazetariek kalte horiei buruz galdetu diotenean, adierazi du foru erakundeak lehen balantzea egin duela eta inguruko udalak ere ari direla egiten.

Azaldu duenez, Foru Aldundiarentzat kalteak eta gastuak «milioi bat euro ingurukoak» dira, batez ere errepideei dagokienez, foru eskumenekoak baitira. Amezketa eta Berastegi inguruko errepideetan kalte handiak eragin dituzte uholdeek, baita Altzoko errepidean ere. Dena den, Berasaluzeren esanetan, «dagoeneko konpondu dira». Horri gehitu behar zaizkio «konpontzen joango diren kalte txikiagoak». 

Berasaluzek txalotu egin du «erantzun azkarra» eman ahal izan zela, eta, horri esker, kostuen balorazioa «azkarrago ere» egin ahal izan dela.

Azkenik, nabarmendu du «etengabe» daudela harremanetan udalerriekin, eta erakundeen arteko koordinazioa «etengabea» dela, «erabateko lankidetzarekin».