NAIZ

Lokatza kentzeari ekin diote auzokideek Tolosaldean eta Goierrin, euri jasen ondorioz

Ekaitzak uholdeak eragin ditu bart Tolosaldean eta Goierrin. Ondorioz, Gipuzkaoko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak 140 abisuri erantzun behar izan die, gehien-gehienak 22.48etatik 23.48ra bitartean.

Kale garbiketa gaur Usurbilen gaueko euriteen ondorioz.
Kale garbiketa gaur Usurbilen gaueko euriteen ondorioz. (Usurbilgo Udala)

Bart izandako ekaitzek uholdeak eragin dituzte Tolosaldean eta Goierrin, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez. 140 abisuri erantzun die Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak ekainaren 13ko gauetik 14ko goizaldera bitartean.

Euriteak batez ere Tolosaldeko eta Goierriko eskualdeetan gertatu dira, eta Oria ibaiaren arroan eta ibaiadarretan ur-goraldiak eragin ditu. Intzidentzia gehien izan zituzten udalerriak Tolosa (35 abisu) eta Ibarra (21) izan ziren. Zaldibian (12), Alegin (8), Lazkaon (8) eta Altzon, Berrobin, Belauntzan, Amezketan, Iruran eta Anoetan ere abisu ugari jaso ziren, besteak beste.

Gainera, Bidasoa eta Oiartzun ibaien arroak nabarmen hazi ziren denbora laburrean. Irun eta Oiartzungo udalerrietan Bidasoako (Irun) suhiltzaile-etxeak 8 abisuri erantzun zien.

Dei kopuru esanguratsu bat, 100 bat abisu, ordu bakar batean kontzentratu da, ekainaren 13ko 22.48 eta 23.48 artean, hain zuzen ere. Egoera horren ondorioz, ia guardiako agente guztiak mobilizatu behar izan dituzte.

Auzolanak abian

Ekainaren 13ko 22.50etik 14ko 3.00etara bitartean, 8 foru-parkeetatik 6 aktibatu dira, eta haien baliabideak gehien kaltetutako eremuetara mugitu dituzte batez ere. Guztira, larrialdietako 20 ibilgailu eta 42 agente mobilizatu dira, Oria (Tolosa), Goierri (Ordizia), Korosti (Legazpi), Urola (Azpeitia), Kosta (Zarautz) eta Bidasoa (Irun) parkeetatik.

3:00etatik aurrera, egoera egonkortzen hasi da. Hala ere, udalerri eta errepide askok uholdeen eraginak jasaten jarraitzen dute. Gaur goizean zehar egingo dute kalteen ebaluazio zehatza.

Ekaitzak iragarrita zeuden baina toki hauetan hartu duten indarra eta denbora gutxian pilatu duten ur kopuruak harridura sortu dute. Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuak onartu du ez zutela horrelakorik espero.

Eragindako kalteak ahalik eta lasterren arintzeko asmoz, auzolanak abiatu dituzte herri askotan larunbat goizean bertan, lokatza orain kendu ezkero gero egitea zailagoa izango baita. Lazkaon eta Alegian, esaterako, goizean goiz lanean hasi dira auzokideak.

Larunbat arratsalde honetan eurijasa gehiago espero da baina itxuraz ez hain bortitzak. Gipuzkoan gerta daitezke, bai eta Nafarroan eta Lapurdin ere.