Bilbok bat egin du Gazara Mugimendu Globalak mundu mailan deitutako protestekin
Aste Nagusiaren ‘usaina’ hartzen ari den Bilbon, eta eguerdiko beroari jaramonik egin gabe, Plaza Biribilean elkartaratze jendetsua burutu da larunbatean. 40 herrialdeko aktibistek osatzen duten Mugimendu Globalak Gazara koalizioak egindako mundu mailako deialdiarekin bat egin baitu Bilbok.
Bilboko Areatzan txosnen egiturak altxatzen dira dagoeneko. Zazpi kaleetan, turistak aurrera-atzera, beraien martxan. Eta Plaza Biribilean, hiriko bihotza finantziario eta komertzialean, larunbata eguerdian Palestinako ikurrek eta zapiek Gazan burutzen ari den genoziodioa salatu dute ozen. Ez baitago gugan hain urruti, Gernikako bonbardaketari egin zaizkion erreferentziek islatu duten bezala.
Bilbo-Palestina herri ekimenak deituta, 40 herrialde baino gehiagoko aktibistek osatzen duten Mugimendu Globalak Gazara koalizioak egindako mundu mailako deialdiarekin bat egiteko bildu dira ehunka lagunek Plaza Biribilean. Netanyahuren erretratu batzuen ondoan «bilatuta mundu osoan zehar, genozida eta kriminala» irakur zitekeen. ‘Israel hiltzaile, Europa laguntzailea’ edo ‘Boikot Israel, Palestina askatu’ bezalako leloak etengabe entzun dira.
Mobilizazio global honek herri palestinarrak Gazan egiten dituen premiazko deiei erantzuten die. Ekitaldiaren bukaeran irakurri den komunikatuaren arabera, Gazara koalizioak lau eskaera nagusi planteatzen ditu: bat, «Gobernu eta erakundeek presaz jardutea Israelen genozidioa eta Palestinaren kolonizazioa geldiarazteko». Bigarrena, Gazarako lehorreko eta itsasoko pasabide guztiak «berehala eta modu iraunkorrean irekitzea». Horren inguruan, «UNRWA edo nazioarteko beste erakunde neutral bat Gaza barruan elikagaiak eta ura modu seguru eta duinean banatzen hastea, oztoporik gabe» eskatu da eta, azkenik, laguntza humanitarioarekin Gazara nabigatzen duen Flotilla Global Sumud misio zibilari «itsas pasabide segurua bermatzea» eskatu da.

2023an, Israelen azken erasoaldi genozida hasi zenetik daramaten borroka-dinamikaren barruan kokatu du Bilbo-Palestinak elkartaratze berri hau. «Pentsatzen dugu hemen ere, Bilbon badagoela barrikada bat faxismoari, arrazakeriari eta sionismoari aurre egiteko», aipatu dute.
Hau dela eta, dei egin diete bilbotarrei «Palestinarekiko eta erresistentziarekiko elkartasuna erakusten jarraitzeko, mobilizazio guztietan parte hartzeko, Israelen interes orori boikota egiten jarraitzeko, zoritxarrez –gehitu dute– Bilbon ere ugari baitira, Eusko Jaurlaritza, udala edo Metro Bilbao bezalako erakundeen laguntzarekin. Erakunde eta alderdi politikoei presioa egiteko, Palestinaren askatasunaren alde eta Israelgo estatu genozidarekiko harreman oro haustearen alde jarrera argia, irmoa eta praktikoa erakuts dezaten».
Ekitaldia Euskal Herriko hainbat jaietan burutzen ari diren jaietan egingo diren protesten barnean kokatzen da. Aurki iritsiko baita Aste Nagusi, esaterako. Eta Bilboko jaiei dagokionez, «agerian jar dezagun gure elkartasuna; zapia jantzita, kamisetak jantzita, gure balkoietan banderak zintzilikatuz...», aipatu dute gaurko elkartaratzean.
«Boikota egin diezaiegun produktu israeldarrei edo genozidioa babesten dutenei. Agur Koka Kola, mila esker konpartsei! Parrandan egongo gara, baina ez lo eta ez pasibo».
Igandean, Donostian eta Iruñean
Palestinaren aldeko mobilizazioak deitu dituzte ere, premiazko deialdietan Israelek agindutako eraso berrien aurrean, Iruñean zein Donostian igande honetarako.
Nafarroako hiriburuan 19.00etan irtengo da Baluartetik, lelo honekin: «Hitz gehiagorik ez! Geldi ditzagun genozidioa eta inbasioa! Hautsi berehala harremanak Israelekin!».
Donostian Palestinarekin Elkartasuna ekimenak luzatu du deialdian, Aste Nagusiaren barruan. Ordu berean abiatuko da, 19.00etan, Bulebarretik, ‘Palestinar erresistentzia aurrera’ aldarria erabiliz.