Indigenek Alcatraz geldiarazi ondoren, berriz irekitzeko baimena
Floridan etorkinak espetxeratzeko Alligator Alcatraz guneak jardunean jarraitzea ebatzi du Atlantako helegiteen auzitegiak. Aurretik, giza eskubideen aldeko elkarteek eta Everglades parke nazionaleko miccosukee indigenek atxilotze gunearen aurka egin ostean, ixteko agindua garaipentzat hartu zuten.
Duela bi hilabete pasa, Donald Trumpek Everglades parke nazionalera deitu zituen kazetariak. Han, Ron DeSantis Floridako gobernadorearekin eta Kristi Noem Segurtasun Nazionaleko idazkariarekin, Alligator Alcatraz izendaturiko atxilotze gunea aurkeztu zuen handikiro. Bi hilabetera, bertan bizitzen mendeak daramaten indigenek kartzela geldiaraztea lortu zuten.
Trumpek Alligator Alcatraz aurkeztu eta bi egunera ekarri zituzten lehen atxilotuak. Presidenteak harropuzkeriaz azaldu zuen hautaketaren zergatia. San Frantziskoko badiaren erdian dagoen behinolako espetxea da, ihes egiteko modurik ez daukana. Ihes saiakera eragotziko lukeena Evergladeseko padura erraldoia eta bertan bizi diren krokodilo eta kaimanak (alligator ingelesez) dira.
MICCOSUKEE INDIGENAK
Giza eskubideen aldeko elkarteek espetxea bera eta izendapena kritikatzen zituzten; Trump, berriz, burla-haizez mintzatu zen: «Ordaindu behar ez diezun polizia mordo bat dira kaiman horiek (…). Sugeak azkarrak dira, baina kaimanak are azkarragoak».
Uztailean 38 gradutik gorako tenperaturak izan dira Evergladesen; kazetariek bizi-baldintzez galdetzean, «bost axola» zitzaiola erantsi zuen. Areago, Alligator Alcatrazen sartuak izateko beldurrak paperik gabeko etorkinak beren kabuz AEBtik alde egitera animatuko dituela esan zuen.
Trumpen jarraitzaileen MAGA mugimendu neofaxistan, presidentearen eta bere mugimenduaren inguruan saltzen den merchandisingeko produktu bihurtu zen “Alligator Alcatraz” hitzak daramatzan kamiseta. Miccosukee erreserbako bisita-guneetan harri eta zur geratu ziren turista batzuk kamiseta hori jantzita ikustean. Amorratuta, zenbait elkarte ekologistarekin batera auzitara jo zuten. Oinarrizko eskubideak ukatzeaz gain, deshumanizazio kanpaina hori salatu dute giza eskubideen aldeko erakundeek, eta espetxetik iritsitako lehen testigantzek bertako bizi-baldintzak tamalgarriak direla berretsi dute.
«SEMINOLA GERRAK»
Miccosukee indigenak duela bi mende baino gehiago joan ziren Florida hegoaldera; AEBren aurkako «seminola gerretan». Ofizialki oraindik Espainiaren menpeko lurraldea zen, ia aginterik ez bazegoen ere; AEBk erositakoan ere oso inguru isolatua zen, iristeko zaila. Creek familiako gainerako indigenak, txerokiekin eta beste tribu batzuekin, AEB hegoaldetik kanporatu zituzten 1830eko hamarkadan, esklaboei eta kotoiari leku egiteko. Mississippi ibaitik mendebaldera joanarazi zituzten, «malkoen ibilbidea» izeneko garbiketa etnikoan. Miccosukee indigenek Evergaldesen jarraitu zuten, eta hizkuntzari eta kulturari ondoen eusten dioten herrietako bat dira gaur egun. Miamin kasino handi bat dute, eta Evergladesen bizpahiru gune turistiko ere bai.
Michael Fernandez kubatarra da Alligator Alcatrazera eraman zuten lehenetakoa. Odoluzkiengatik odoletan esnatu eta ebakuntza egitera eraman ostean ere eskuburdinekin lotuta izan zutela dio haren amak. Preso batzuk hainbat egunez egoten dira sistematik at, senideek non dauden ez dakitela. Gunther Sanabria immigrazio-abokatuak hau esan zion BBCri: «Astero izaten dugu jendea negarrez, ahaideak non diren ez dakitela, goizean lanera abiatu eta atxilotu dituztelako».
Hainbat lekukoren testigantzak aztertu zituen AEBko Auzitegi Barrutiko Kathleen Williams epaileak. Eraikinak berak, argiztapenak, eta inguratzen duen hesiek zenbateko kalte ekologikoa dakarten aztertzeko testigantzak jaso zituen. Besteak beste, saguzar espezie baten eta Floridako panteraren bizileku da eskualdea. Bestetik, Miccosukee tribuaren inguruko lurraldeei dakarzkien arriskuak ere aztertu zituen eta ebatzi zuen Floridako estatuak eta Washingtonek ez zutela bete Ingurumen Politika Nazionaleko legea. Hala, bi hilabeteko epea eman zion espetxeari presoak atera eta jarduna eteteko.
Azken bi asteetan ia saihetsezina zirudien gunearen itxierak, eta presoen erdiak baino gehiago beste gune batzuetara eraman dituzte honezkero. Tom Homan «mugako tsarrak» ere espetxea behin-behineko konponbidea zela argudiatu zuen, eta «adreiluzko» espetxe gehiago behar zituztela esan zuen.
Joan den ostegunean, baina, Atlantako helegite auzitegiak atzera bota zuen ixteko agindua; bi epailek Alligator Alcatrazen alde egin zuten eta batek, kontra. Gobernu federalak zein Floridako estatuak espetxea irekita mantentzea txalotu dute. Gunea ixtearen alde batu diren elkarteetako abokatuek «kolpe gogorra» dela aitortu dute, baina gogora ekarri dute erabaki hori ere ez dela behin betikoa, eta borrokan jarraituko dute.