Oroimenaren denbora-kapsula hunkigarria
‘POPEL / ERRAUTSAK / ASHES’
Txekiar Errepublika, 2025. 87’. Zuzendaria: Oier Plaza Gartzia. Gidoia: Garazi Velasco del Pino. Musika: Aitor Etxebarria. Argazkia: Lander Andonegi. Muntaia: Hannot Mintegia. Animazioa: Kote Camacho.
Sarritan gertatzen da: istorio harrigarriak oinarri dituzten dokumentalek, edukiaren indarrari uzten diote gidaritza osoa, eta, bidean, forma eta kontatzeko modua bazterrean geratzen dira. Ez da Oier Plaza Gartziaren ‘Popel/ Errautsak’ lanaren kasua; istorioa sinestezina da, baina guztia azaltzeko aukeratu duen bilgarria eraginkorra eta oso sendoa da. Ikus-entzunezkoa ez da istorioaren itzalpean geratzen.
Bigarren Mundu Gerran girotutako suspensezko thriller baten elementuak dituen lanak hainbat geruza daramatza bere baitan, eta geruza horietan pertsonak agertzen dira lehen lerroan. Horien artean dago Unai Eguia irakaslea, Javier Cercasen ‘El impostor’ liburua irakurri zuena oporraldi batean. Liburu horretan azaltzen da nola Enric Marcok erabili zuen Enric Monerren izena bere gezurrari eusteko. Asko dakigu Enric Marcoren inguruan –iazko Moriartitarren filma esaterako–, baina Monerren inguruko oroitzapenak ia hauts bilakatu dira; horregatik hasi zen ikertzen Eguia. Hutsune horrek piztu zion jakin-mina: nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako kataluniar errepublikarrari zer gertatu zitzaion argitu nahi izan zuen.
Bestalde, Anton Gandarias agertzen da eszenan, bere osaba, Anjel Lekuona, Gestapok erbestean atxilotutako bizkaitarraren istorioa ikertzen diharduen pertsona.
Ustekabean Eguiaren eta Gandariasen bideak gurutzatu egingo dira, eta ikerketak Pragako bihotzeraino eramango ditu Bertan, Frantisek Suchy eta bere semearen historia harrigarria azaleratuko dute. Aita-semeek bizia arriskuan jarri zuten, ezkutuan, 2.000 biktima baino gehiagoren errautsak nazien eskuetatik salbatu ahal izateko.
Bilbon hasi eta Pragan amaitzen den ikerketa prozesua kontatu du Oier Plazak ‘Popel/ Errautsak’ dokumentalean. Bigarren Mundu Gerran erbesteratuak izan ziren Anjel Lekuona eta Enric Monerren aztarnen atzetik Europan zehar egindako ikerketa batek, ahaztezina den historia azaleratzen du. Laurogei urte geroago, aurkikuntza bikain honek iragana eta oraina lotzen ditu, eta gure historiaren atal ezezagun bat argitara ateratzen du.
Dokumentalak jauziak egiten ditu denboran eta espazioan, eta horien artean uztartzen dira baliabide ugari: animazioa, artxibo irudiak, elkarrizketak eta abar. Hala ere, ikerketa prozesua bera da narrazioaren gidaria, orratz baten antzera hari solte guztiak josten dituena. Material eta datu ugari zituzten esku artean, eta Oier Plazak, Garazi Velascorekin batera, maisutasunez ordenatu eta sailkatu ditu gidoian, ikus-entzunezko dotore, hunkigarri eta aldi berean misteriotsu bat eraikiz: oroimenaren korapiloetan barneratzeko gonbidapena.
Aipatutako bilgarri horretan elementu askok egiten dute distira. Lehenik, Kote Camachok sortutako animaziozko piezek kontakizuna aberasten dute, esportazioen arrastoak irudikatu eta atmosferari tonu berezi bat gehituz, dimentsio poetikoa ematen diote lanari. Aitor Etxebarriaren musikak, berriz, dokumentalaren bihotza taupaka jartzen du: misterioaren itzalak areagotzen ditu, eta une hunkigarrienetan, fintasun ia etereoz janzten du irudia. Lander Andonegiren argazkilaritzak beste maila batera eramaten du lana; Busturiako aireko plano zabal ederrek irekitzen duten bidetik hasi, eta amaierako Pragako sekuentzia hunkigarrira arte, tarteko guztiak dotoreziaz blaitzen ditu. Eta, azkenik, Hannot Mintegiaren muntaiak egitura osoari arnas erritmikoa ematen dio: artxibo irudiak, elkarrizketak, audioak eta animazioak beren une egokienean txertatuz, kontakizunari luzera eta oreka perfektua eskaintzen dio.
Dokumental hau ez da heroi anonimoen omenaldia bakarrik; inoiz ahaztuak izan behar ez zutenen oroimenaren denbora-kapsula hunkigarri bat ere bada, iraganaren hauts artean bizirik iraun duten izenen lekukotza.
Bikaina.