INFO

Amatriain final-laurdenetan Portugalen, Challenger Series mailako txapelketan

Ribeira D’Ilhaseko eskuin olatuetan egindako CS zirkuituko laugarren txapelketan final-laurdenetara iritsi zen Adur Amatriain zarauztarra.

Adur Amatriain zarauztarrak sekulako maila erakutsi zuen Ribeira D’Ilhaseko eskuin olatuetan. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Urriaren 6an amaitu zen Ribeira D’Ilhasen CS itzuliko laugarren txapelketa. Metro bateko olatu narrasak izan ziren nagusi lehiaketa egin zen egunetan, baina lehen mailara (CT) igotzeko lehian diren 80 mutil eta 48 neskek itzelezko maila erakutsi zuten. Tuborik ez, baina gainontzean, mota guztietako ariketak ikusi ziren Ericeirako eskuin olatu famatuan.

Azkenean, Tya Zebrowsky frantsesa eta Kauli Vaast tahitiarra nagusitu ziren Portugalen. Gauzak honela, Tya Zebrowsky frantsesak nesken rankingeko buru izaten jarraitzen du. Lehen postuan zen txapelketa aitzin, eta ondorioz, lehen postuan jarraitzen du Portugalen txapela irabazi ostean ere. Mutilen kategorian ere Portugalgo irabazlea jarri da CS rankingeko buru, hau da, Kauli Vaast.

Euskal ordezkariei dagokienez, Amatriain kenduta, gainontzeko surflari euskaldun guztiak bigarren errondan kaleratuak izan ziren.

Amatriain bikain

CS itzuliko laugarren txapelketaren ostean aldaketak izan dira nesken zein mutilen rankingean. Portugalen emaitza onak lortu zituztenek nabarmen gora egin dute, baina oraindik beste hiru txapelketa falta dira itzulia amaitzeko; beraz, gauzak asko alda daitezke.

Portugalen eskuratutako emaitzari esker rankingean gora egin dutenen artean Adur Amatriain dago. Mutilen kategorian Hego Euskal Herriko surflari batek CS txapelketa batean inoiz lortutako emaitza onena egin zuen zarauztarrak. Paradoxikoki, Amatriain kaleratu zuen Kauli Vaast tahitiarraren entrenatzaileak, alegia, Joan Duru baionarrak, bakarrik lortu du CS mailako txapelketa batean Amatriainen antzeko emaitza edo hobea.

Bestalde, CS maila oraindik existitzen ez zenean, antzeko emaitzak edo hobeak lortu zituen euskal surflari bakarra Aritz Aranburu izan zen, Ribeira D’Ilhaseko txapelketan Amatriaini laguntzen aritu zen surflari zarauztarra.

Aranburuk oso ongi ezagutzen du Ericeirako txapelketa eta aholkuak ematen aritu zen Amatriain gazteari. Adibidez, urautsitik urrunago edo gertuago egoteko taula jaso eta seinaleak egiten zizkion. Horrela lortu zuen Amatriainek, baldintza zailetan, olatu onak aukeratu eta arerioak mendean hartzea.

Nadia Erostarbek postu onean jarraitzen du CS rankingean Portugalgo txapelketaren ostean. (WSL)

Laugarren errondako txanda izan zen zailena. Jadson Andre brasildarra, lehen mailako zirkuituan ibilia, oso lehiakide zaila zen, baina zarauztarra bikain aritu zen, eta aurpegiz bira indartsuak egin zituen. Behin brasildarra garaituta, final-laurdenetara iristea lortu zuen eta ur-ertzean pozarren hartu zuten lagunek, oso garaipen zaila eskuratu baitzuen.

Final-laurdenetan, ordea, Amatriainek ez zuen lortu bira indartsuak amaitu eta olatuak osorik egitea. Bere arerioak, ostera, olatu txikiagoak hartu arren, hasieratik amaierara ongi landu eta bukaera onak egitea lortu zuen. Horrela, 13’50 puntu bildu zituen Kauli Vaast tahitiarrak bere bi olatu onenekin, eta Amatriainek, ostera, 10 puntu.

Beste hiru lehiaketa

Aurtengo CS denboraldia apirilean hasi zen, eta 2026ko apirilean amaituko da, hasi zen leku berean, New Castlen (Australia). Guztira, zazpi txapelketek osatzen dute denboraldia, eta tartean, lehen aldiz, CS mailako lehiakideak Pipelineko olatu beldurgarrietan lehiatuko dira. Eta amaieran, lehiakide bakoitzaren bost emaitza onenak kontuan hartuta, CS rankingeko lehen 10 mutilak eta lehen 7 neskak igoko dira CT mailara.

Oraintxe CS itzulia amaituko balitz, Nadia Erostarbe lehen mailara igoko litzateke, bosgarren postuan baita rankingean. Annette eta Janire Gonzalez Etxabarri ahizpak, ostera, 21. eta 37. postuan dira; beraz, CS mailan jarraitzeko postu hobea beharko lukete, baina Europako QS rankingean bigarren eta hirugarren postuan daudenez, datorren urtean berriz ere CS mailan lehiatzeko aukera izango lukete (suposatuz denboraldi amaieran oraindik QS rankingeko lehen lau postuetako batean direla).

Annette Gonzalez Etxabarri aurpegiz bira indartsua egiten, bigarren errondako txandan. (WSL)

Mutilen kasuan, bestalde, CS zirkuitua oraintxe amaituko balitz, postu onean dagoenez, Amatriain izango litzateke bigarren mailan jarraitzeko aukera izango lukeen euskal ordezkari bakarra; izan ere. Keoni Lasa zarauztarra eta Yago Dominguez getxotarra 64. eta 65. postuetan dira, eta Europako QS rankingean ere oraindik ez daude lehen zazpi postuetako batean.  

Hala eta guztiz ere, oraindik beste hiru txapelketa falta dira, esan bezala, CS itzulia amaitzeko eta aukerak badaude. Hurrengo txapelketa Brasilen izango da urriaren 11a eta 19a bitartean.