Euskal gazte feministak: lubaki berriak, borroka zaharrentzat
Euskal Herriko mugimendu feministaren ‘laborategia’ izaten ari da Zaldibar asteburu honetan, 700 gazte feminista bildu baitira ‘Feminismoa lubaki’ lelopean aurtengo Baterojotzean. Feminismoan puri-purian dauden gaiak –indarkeria, subjektu aldaketa...–, ikuspuntu berritzaileen galbahetik ikusita.
«Militantzia feministarik gabe ez lukete zentzurik izango gure bizitzek», bota du Laura Izagirrek Zaldibarko Olazar pilotalekuan larunbat goizean bildutako ehunka gazteen aurrean. Eta bat-batean, ekitaldi hau jasotzen ari denaren memoriak, flashback bat eginez, atzera jo du 70-80. hamarkadako asanblada feminista haietara, feminista izatea hain ondo ikusita ez zegoen garai haietan; eta beste jauzi bat, eta 2018ko lehenengo greba orokor feministara itzuli da. Gezurra dirudi nola finkatu, sustraitu eta gaztetu den feminismoa azken hamarkadetan.
Horren adibide, ostiraletik Zaldibarren burutzen ari den Euskal Herriko Gazte Feministen Baterajotzea. Bi urtetik behin ospatzen den elkargune honek –Elizondon eta Usurbilen egin ziren aurrekoak–, aurten, ostiraletik hasi eta igande eguerdira bitartean, 700 bat partaide bildu ditu Zaldibarko Olazar pilotalekuan inguruan. Han ondoan, 150 bat kanpin denda –euriak ez du lagundu, eskerrak ez duen hotzik egin egun hauetan–, karpa bat eta gaztetxea, non egin diren tailer eta hitzaldi desberdinak.
Parrandarako denbora izan dutela sumatzen zitzaien batzuei, neke aurpegi dezente ikusten zirelako –«borroka eta gozamena ulertzen ditugu batera, borrokak egiten gaituelako aske», entzun dugun esaldietako bat–, baina lan dezente egin da Baterajotzean. Tailer guztiak, lepo. Ehunka lagun ere frontoian larunbateko jarduna zabaldu duen mahai-inguru zentralean.
Oholtzaren gainean, Gazte Feministetatik, Laura Izagirre, Lide Arrieta eta Uma Ulazia, eta Bilgune Feministatik, Ekhi Petriati eta Elene Lopetegi izan dira egungo egoeraren diagnosia egiteko. Ezer baino lehen, memoria eta lurraldetasuna aipatu dute: «Euskal feminismoarena delako gure genealogia eta Euskal Herria delako gure borroka eremua».
Ondoren, gaur egungo egora: «Egun feminismoa mobilizazio gaitasun handiena duen mugimendua da. Eta honetan gazteok gara motorra eta greba, manifestazio eta jardunaldietan lehen lerroan gaudelako. Iraultza feminista ez bada, ez da izango».
Eskuin muturreko joera planetario honen aurrean, eta jakinik une erabakigarri batean gaudela, euskal gazte feministak borrokarako lubakiak eraikitzeko unea dela ohartu dira. Lubaki horien artean, egun polemikoak suertatzen ari diren gai batzuk aipatu dituzte, esaterako, subjektu aldaketa, hau da, nor da feminismoaren subjektua.
Euskal Herriko Neska Gazte izatetik Gazte Feministak izatera pasa zen mugimendua, gogorarazi dute, mugimendu hau transfeminista delako. Aipatu dutenez, Euskal Herriko feminismoan «nahiko onartua dago azken urteetan kategoriaren formulazio hori, espazio batzuetan zalantzan jartzen den arren». Transfobiaren aurrean, gehitu dute, «egin beharko genituzke marra gorriak, diskurtso hori ez izateko tokirik». Hor aipatu dute zehazki Bernedoko euskal udalekuen auzia, non «jakin dugun erantzuten oso diskurtso potentearekin», kontra jarri den «makinaria latzaren» aurka.
«Ulertu dugu emakumea izatea ez dela berezkoa, emakumeak ez direla jaiotzen, egin egiten direla», gehitu dute. Egia esan, gai anitz aipatu dira: «Hiru zapalkuntza identifikatzen ditugu –esan dute–: kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoa. Hiru sistema elkar eraginean eta nahasian ari dira egunerokotasunean». Indarkeria matxistari buruz ere mintzatu dira, eta, honen aurrean, autodefentsa feministaren aldeko apustua egin dute, oso modu zabalean ulertzen den autodefentsan, era berean.
«Potentzialitate propio eta handia» du gazte feminismoaren borrokak, aldarrikatu dute, eta ohartarazi: «Asko gara eta gero eta gehiago gara lubaki feminista honetan, sakoneran eta zabaleran zabaldu dugun lubakian».
Historia feminista eta gorputzak bueltaka
Asteburu osoan zehar, Zaldibarren burutzen ari diren lantegietan hainbat gai aztertu dira. Esaterako, ‘Gorputz politikak, argaltasun arauak eta erresistentzia lodiak’ mintzaldian Magda Piñeiro ikerlari urugaiarrak –‘Stop Gorderias’-en egilea– eta Mijo Lizarzaburu ondarroar ikerlariak egun modan dagoen joera bat agerian jarri dute: «Zer da zure burua zaintzea? Zaintzea arauari egokitzea al da?», galdegin dute.
Bizitza osasuntsuago bat aitzakia hartuta, beraz, maiz estetikaren indarkeriaren menpe erortzen garela adierazi dute, betidanik emakumeak eta, azken garaiotan, gizonak ere bai. «Helburua kontrol soziala da, gu menpekoak izatea», jarraitu dute.
Gaztetxean Lore Lujanbio hernaniarra, ‘Euskal demokrazia patriarkala’ (Txalaparta, 2020) ikerketaren egileetako bat, historia ikastaro bat ematen harrapatu dugu. Bai, feminismoaren ikuspegitik desberdina baita oso aztertzea historikoki nola eraiki den emakumearen papera. ‘Zaintzaren dispositibo patriarkala: emakume zaintzaileak ekoizteko mekanismoen analisia’ hitzaldia ere entzulez lepo zegoen. Iñudeak izatetik amatasunaren sublimaziora, ginekologiaren sorkuntzan emakume esklaboak erabilita egin ziren ‘aurrerapenak’... mendeak aurrera joan ahala, patriarkatuak zaintzaren antolaketa nola joan den aldatzen ikustea bitxia da oso.
Manifestazioa eta hurrengo hitzordua
19.00etan manifestazioa egin dute Zaldibarren, ‘Feminismoa lubaki’ lelopean. 800dik gora lagun elkartu dira. Mobilizazio zaratatsua eta mistoa izan da, baita intergenerazionala ere. Euri zaparrada bota badu ere, Zaldibarko kaleak bete dituzte. Ibilbidean geldialdiak egin dituzte herriko txoko ezberdinetan muralak erakutsiz, eta bestelako ekintza bisualak eginez.
Gero afaria eta musika izango dituzte, eta igandean eguerdian itxiko da aurtengo Baterajotzea. Hurrengo hitzordua? Azaroaren 25ean «aldarriz beteko ditugu gaztetxeak, lantokiak eta kaleak. Inoiz baino gehiago, lubaki feministaren garaia da. Antolakuntza feministaren unea da!».