
Bergaran bildu diren Euskal Udalekuetako hainbat hezitzailek azken asteetan jasaten ari diren «jazarpena» salatu dute berriro ere. Ohar batean azaldu dutenez, udalekuei buruzko «gezur eta difamazioek etengabeak» izaten jarraitzen dute, eta «lintxamendu pertsonaletara iritsi dira, sareetan zein kalean».
Horrekin batera, «hainbat komunikabidek Abaigarren, Bernedon eta Goñin sortutako eragozpenak» ere salatu nahi izan dituzte, «herrietako zerbitzuak eta herritarren ohiko jarduna oztopatu eta baldintzatu baitituzte».
Zehaztu dutenez, «oraingoz, zuzenean» jaso dituzten «salaketa eta kexa guztiak dutxen funtzionamenduari buruzkoak izan dira, eta ez dugu hezitzaileon partetik egindako eraso-salaketarik jaso».
«Argi utzi nahi dugu edozein eraso erabat gaitzesten dugula. Gaia dagokion seriotasunez hartzen dugu: protokoloak dauzkagu, lanketa feminista egiten dugu hezitzaileok, eta haur eta gazteekin ere lantzen dugu gaia. Gure artean erasotzailerik balego jakin egin nahiko genuke, neurriak hartzeko eta beste ezeren gainetik erasoa jasan duen pertsonaren aldean kokatzeko», adierazi dute igorritako oharrean.
Jasotako babesa eskertu
Gaineratu dutenez, jakitun dira «elkarbizitzako espazioek deserosotasunak sortzen dituztela», eta horregatik egoera horiek «ahalik eta ondoen zaintzen» saiatzen dira. «Deserosotasunak aintzat hartuta gure ereduaren etengabeko lanketan eta barne-hausnarketan jarraituko dugu».
Jasotzen ari diren «babes mezu eta keinu guztiek» proiektua bizirik mantentzeko «indarra eta oinarria» ematen dietela nabarmendu dute, eta eskerrak eman dizkiete «haur, gazte, herritar, komunitate, familia, proiektukide, eragile eta momentu zail hauetan jarraitzeko kemena» eman dieten guztiei: «Eskerrik asko gugan konfiantza izateagatik».

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

