Francesca Albanesek jasoko du Rene Cassin 2025 giza eskubideen saria
Giza eskubideen alde egindako lanaren errekonozimendua den Rene Cassin saria jasoko du Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Palestinako Lurralde Okupatuetarako errelatore bereziak Lakuako Gobernuaren eskutik.
Lakuako Gobernuak Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Palestinako Lurralde Okupatuetarako errelatore bereziari emango dio Rene Cassin 2025 giza eskubideen saria, «oinarrizko eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren defentsan tinko aritzeagatik».
Aitorpenarekin, epaimahaiak bere ibilbide profesionala eta independentzia aintzat hartu eta balioetsi nahi du. «Legezkotasunaren, justiziaren eta giza duintasunaren printzipioek gidatuta, okupazioak eta gatazkak eragindako pertsonen egoera ikusarazten lagundu du, baita kontuak ematea eta eskubide unibertsalak benetan errespetatzea sustatzen ere», adierazi du epaimahaiak.
Lakuak gogorarazi duenez, Rene Cassin saria 2003an sortu zen, giza eskubideen aldeko jarduera nabarmenak publikoki aitortzeko helburuarekin.
«Egia eta ahulen babesa»
Bada, autengo deialdira aurkeztutako hautagaitzak aztertu ondoren, epaimahaiak erabaki du Palestinako Lurralde Okupatuetarako errelatore berezia izatea sariduna, «egiarekiko eta pertsona ahulenen babesarekiko konpromisoa duen giza eskubideen defendatzailea izateagatik».
Epaimahaiaren arabera, «bere lana giza eskubideen nazioarteko sisteman oinarritzen diren balioekiko zorroztasunez, ausardiaz eta fideltasunez egiten du».
NBEn egindako lana
«NBEn egindako lanaren bidez, Francesca Albanesek lagundu du giza eskubideen urraketak ikusarazten, zigorgabetasuna salatzen eta nazioarteko arauak benetan betetzea eskatzen, gatazka eta okupazio testuinguruetan dauden pertsonak babesten laguntzeko», esan du.
Horren harira, epaimahaiko kideek azaldu dute saridunaren lana «zorroztasun juridikoan, irizpide independentzian eta nazioarteko eremuan giza eskubideak zaintzen dituzten zeregina gidatu behar duten uste etiko irmoan» oinarritu dela.
Era berean, epaimahaiak «mundua hondoratzen duten gatazka armatuak eta giza eskubideak betetzea eragozten dutenak» gogorarazi ditu, bereziki, «nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen denean edo heriotza eta sufrimendua eragiten duten helburu zibilak nahita erasotzen direnean, bestek beste, Ukrainan, Sudanen eta Palestinan gertatzen den bezala».
Horregatik, deia egin du «gatazka horietan eta bestelakoetan justiziaz beteriko bakea izateko eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko, bai eta nazioarteko krimen guztien inpunitatearekin amaitzeko ere, egilea edozein dela».
Rene Cassin 2025 saria emateko ekitaldia abenduaren 10ean egingo da, Giza Eskubideen Egunean, EITBren Multibox aretoan, Bilbon. Imanol Pradales lehendakaria izango da ekitaldiaren buru, eta Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua ere bertan izango da.
Rene Cassin
Sariak Rene Cassini zor dio izena, 1887ko urriaren 5ean Baionan jaio eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat jotzen dena. Cassinek Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an, giza eskubideen alde egin zuen lan nekaezinagatik.
Rene Cassin saria jaso duten pertsona eta erakundeen artean daude, besteak beste, Unrwa, Asociación Civil Abuelas Plaza de Mayo elkartea, Federico Mayor Zaragoza, Alec Reid, Koro Erdozia Lasa, Elisa Loncon Antileo, Dora Maria Tellez eta ICDP Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordea.