INFO
Entrevue
Unai Laso
Baiko enpresako pilotaria

«Egunerokoan lasai eta pozik baldin bazaude, hori kantxan islatzen da»

Kirolari batek fase askotatik igaro behar izaten du bere ibilbidean, eta Unai Lasok (Bizkarreta-Gerendiain, 1997) oso ondo daki horretaz. 28 urterekin, bere palmaresa batek baino gehiagok nahiko luke, baina momentu txarrak ere pasatu ditu...

(Iñigo URIZ | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Aurtengo Binakako Txapelketako lehen itzuliaren amaiera gabonekin batera iritsi zen, eta Unai Laso, Jon Ander Albisu bizkartzain lanetan duela, lider sendo bezala iritsi da bigarren itzulira. Egun berezi hauek «normaltasunez» igaro ostean, bikotea prest da bide beretik jarraitzeko.

Liderrak zarete eta maila ona erakusten ari zara. Beraz, pentsatzen dut pozik izango zarela, batez ere emandako mailarekin.

Bai. Egia esan, lesioa izan eta gero, maila honetan egotea kristoren ahala izan da eta oso pozik. Lan asko egin dut hona iristeko, eta ongi atera zait.

Espero zenuen lesiotik kantxetara itzulita, hain denbora gutxian, horrelako maila ematen ariko zinenik?

Espero ez dakit, baina banekien, belauna ongi baldin banuen, maila ona emango nuela. Helburua zen belauna oso-oso ongi errekuperatzea. Nik uste dut lan ona egin dugula; partidan zehar ez dut minik eta jokatu eta gero oso ongi errekuperatzen dut. Ez da lehen bezala: minarekin bukatzen nuen eta, gero, errekuperatzeko, aste osoa behar nuen.

Beraz, aldakarekin baino hobeto joan da prozesua?

Bai. Lesio berdina zen eta bagenekien antzekoa izango zela errekuperazioa. Berez, errekuperazioa askoz azkarragoa zen, baina nik denbora eman diot. Molestiak nituen oraindik eta ez nuen gaizki itzuli nahi.

Txapelketa hasi aurretik, NAIZ Irratiko tertulian aritu ginen zalantzan zenbateraino lagunduko ote zizun enpresak bikotearekin, bat eta beste... Laguntza askoren beharrik ere ez duzula erakutsi duzu.

Egia esan, laguntza izugarria daukat. Jon Ander asko jokatzen ari da, kristoren partidak egiten, eta nik uste dut biok elkarrekin bikote oso sendoa osatzen ari garela eta disfrutatzen ari garela, eta ikusten dela kantxan. Nik uste helburua hori izango dela txapelketan zehar, ia partida guztiak disfrutatzea, nahiz irabazi nahiz galdu, eta, gero, aldagelan irribarre batekin egotea.

Luze egin zaizu itxaronaldia?

Azkenean uda gogorra da. Egunero joaten nintzen gimnasiora eta Mariezkurrenarekin, Agirrerekin edota Eskirozekin egoten nintzen, eta gero beraiek arratsaldean partida zutela esaten zidaten; agian inbidia pixka bat banuen. Baina banekien prozesua luzea izango zela eta nik uste dut ongi egin dudala; beraz, pozik nago.

Kanpotik, behintzat, kantxa barruan beti bezain gogotsu, kementsu, konfiantzaz ikusten zaitugu. Ez dakit zu ere barrutik hala sentitzen zaren.

Bai, bai. Egia esan, ongi nago. Baditut, denok bezala, duda asko ere partidan zehar, momentu batzuetan, baina lan psikologikoa beti egiten dut eta saiatzen naiz ahal den bezala partida ongi kudeatzen; batzuetan ongi ateratzen da, beste batzuetan okerrago, baina partida hauetan ongi joaten ari zait eta ondo nago.

Zure urtea ez da erraza izan eta kanpotik orain, itzuli zarela, sasoi batean ikusten zaitugun arren, egun zail asko tokatuko ziren tartean, ezta?

Egun zail asko egon dira, baina nire ingurukoek lagundu didate egun zail horiek hobeagoak izaten. Gero ere lan psikologikoa asteburuan zehar beti egiten dut eta asko lantzen dit egunerokoan ongi egoteko. Azkenean, egunerokoan lasai eta pozik baldin bazaude, hori gero, askotan, kantxan islatzen da.

Aipatzen ari gara ez dela zure lehenengo lesioa, aldaka ere izan zenuen. Hortik haratago ere, Baikon izandako afera ere izan zenuen duela urte batzuk. Oztopoak bata bestearen atzetik, baina beti indartsu bueltatzen zara.

Momentu txar batzuk izan ditut, baina beti positibo eta saiatzen naiz beti aurreraka joaten. Askotan ez da erraza, baina bai, nik uste dut nire pertsonalitatea horrelakoa dela eta horrelakoa egin nautela.

Nondik edo norengandik dator kemen hau?

Gurasoengandik edo, ez dakit... Baina beti momentu txarretan saiatzen naiz ongi kudeatzen eta lasai egoten. Oso urduria naiz, baina hori ere lantzen dut. Saiatzen ari naiz eta ongi noa.

Alor psikologikoari garrantzi berezia ematen diozu. Nola uste duzu kudeatuko zenukeela hau guztia zure kasa egin beharko bazenu, profesionalen laguntzarik gabe?

Ez dakit. 19 edo 18 urtetatik hasi nintzen nire psikologoarekin eta harreman oso ona dugu. Asko ezagutzen dugu elkar eta saiatzen gara dena kudeatzen; ez bakarrik pilota, bizitza ere bai. Une zailak daude bizitzan eta gero partidara eramaten duzu dena azkenean, eta saiatzen gara hori hobetzen.

Esango zenuke lesio baten atzean bakardade une asko dagoela?

Bai, bai. Ia-ia guztia ez, baina lana zure eskuetan dago. Fisiora joaten zara, baina gero etxeko lanak egin behar dira. Egoitz prestatzaile fisikoarekin lan asko egin dut. Ebakuntza egin eta bigarren egunean gimnasiora joan nintzen berarekin ariketa eta mugimendu batzuk egitera. Azkenean prozesua ere azkarrago egiten da, eta hobeto.

Eta nola eraman duzu bakardade hori?

Ongi. Banuen aldakaren esperientzia eta nik uste dut ebakuntza honekin lasaiagoa izan dela dena eta errazagoa. Badakizkizu gauza batzuk eta errazago egiten da dena. Bestalde, egia esan, lagunen, familiaren eta neskaren laguntzarekin, askoz errazagoa izan zen dena.

Oztopo horiek gainditzeak ere egiten zaituzte nolabait zu gaur egun zarena. Irakaspen berriak ere aterako zenituen lesio hauetatik guztietatik, pertsona bezala ere eraiki.

Bai, hori da. Azkenean, urtero-urtero helduagoak gara eta hori nabaritzen da eta esperientzia horiek ere eragiten dute bizitzan ere lasaiago egotea. Esan duzun bezala, gauza guztietatik ikasten dugu, eta ebakuntza batzuetatik eta esperientzia horietatik ere bai.

Susto txiki bat izan genuen Atanon duela aste batzuk justu ebakuntzaren belaunean kolpea hartuta. Zorionez, ez zen ezer larririk izan, baina horrelakoetan burutik mamuak pasatzen al zaizkizu?

Bai, mamu asko. Momentuan min asko nuen eta banekien kolpea zela, baina kolpe horiengatik azkenean egin nuen ebakuntza. Baina ongi errekuperatu dut, izotz asko jarri dut belaunean, fisioekin egon naiz eta nik uste dut ongi dudala; ez dut jada minik, ia-ia inflamazioa osoa jaitsi da eta ondoren ikusi da mugimenduetan ongi nabilela. Beraz, ez dago aitzakiarik.

Maila bikaina ematen ari zara momentuz Binakako Txapelketan, Albisurekin bikotea osatuz. Gustura, ezta, Jon Anderrekin?

Oso gustura. Azkenean, hasieratik esan genuen biok nahi genuela beste txapelketa bat elkarrekin jokatu, iritsi da momentua eta gogoz hartu dugu biok txapelketa. Oso ongi hasi gara, egia esan. Oso gustura gaude elkarrekin kantxan eta kantxatik kanpo, eta hori nik uste dut nabaritzen dela gero frontoian. Pandemia geroko finalerdi hori kendu ziguten, ea behintzat gustura jokatzen dugun, partidaz partida ari gara joaten eta ea noraino irits gaitezkeen.

Eta txapelketa, momentuz, oso parekatua.

Bai. Egia esan, txapelketa estua, nik uste dut bikoteak ongi egin dituztela eta ea nola joaten den.

Txapelketa hasi aurretik adierazpen batzuk egin zenituen Altuna-Ezkurdia bikotearen inguruan, ez zitzaizula guztiz bidezkoa iruditzen horrelako hautu bat egitea.

Bai, hori esan nuen azkenean beste pilotariekiko errespetuagatik. Gazte asko daude atzelari lanetan Aspen. Nik uste dut aukerak behar dituztela lehenbiziko mailan jokatzeko eta Asperen erabakia da, baina ni ez nago ados horrekin, eta hori esan behar nuen.

Iaz polemika izan zen Arangurenekin egin zenagatik. Enpresak hartutako erabakia ez zen askoren gustukoa izan. Uste duzu aldatu beharreko joerak, moduak, badaudela pilota profesionalean?

Bai, asko, asko. Baina horretan sartzen bagara, igual hiru ordu egon behar dugu hitz egiten. Gu kexatu ahal gara edo ez, baina beraiek dute erabakia eta ezin dugu askorik egin.

Bueno, hor pilotarien elkarte bat ere baduzue. Elkartzen al zarete maiztasunez?

Bai. Askotan elkartzen gara, saiatzen ari gara gauzak hobetzen eta nik uste dut gauza askotan hobetu dugula; eta lan asko dugu oraindik egiteko, baina pausoz pauso egingo dugu eta saiatuko gara ahal den guztia egiten, kondizio txukunak izateko.

2026an sartuta, zer eskatuko zenioke urte berriari?

Lesioek errespetatzea, hori bereziki. Horrez gain, osasuna izatea; pilota kanpoko bizitza ona daukat eta horrela segitzea. Familia ongi egotea eta lagunak ere bai. Hori da garrantzitsuena.