INFO

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

2000. urtearen bueltan jaiotako gazteek gatazkaren ondorioak pairatzen jarraitzen dute eta hurrengo belaunaldiek horiek ez jasateko mobilizatu ziren atzo Bilbon. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dute salbuespen legedia amaitzea, guztiak etxeratzea eta gertatutakoa eurek ere kontatzea.

Eztizen Artola Iturrate, Amaiur Iragi Viso eta Peru Del Hoyo Sanchez, atzo Bilbon. (Jon URBE | FOKU)

Ongi ezagutzen dute Bilboko Autonomia kalea Eztizen Artola Iturratek, Amaiur Iragi Visok eta Peru Del Hoyo Sanchezek. Gogoratzen dituzte jendea, hotza, txaloak, pegatinak, senideak, begi bustiak eta argi izpiak. Ez dute gogoratzen euskal preso eta iheslarien aldeko urtarrileko mobilizaziora noiz joan ziren lehen aldiz, baina «oso umetan» izan zela badakite. Iragik urtea hastearekin batera galdetzen omen zion amari, urduri: «Etorriko al da jendea? Zenbat autobus etorriko dira?». Mobilizazioa bera «bidelagun» sentitu izan du, jendearen beroa urtero handia izan baita. Artolak asteartero Arriagan egiten zituzten Etxeraten elkarretaratzeak ere haurtzaroko oroitzapenen artean ditu jasota, eta Del Hoyok ere elkartasuna eta babesa umezarotik ditu akorduan, berak hilabete eta erdi zuela sartu baitzuten aita espetxera.

Ume umetatik izan dira haur motxiladunak, eta ondo ezagutzen dituzte salbuespenezko legediak eragindako ajeak, espetxeak, bidaiak eta Bilboko urteroko hitzorduak emandako urduritasun eta indarra. ‘Ezin da gehiago luzatu’. Horixe izan da aurtengo leloa eta eskakizuna, guztiz bat egiten dute hiru gazteek aldarriarekin. Beraien belaunaldiak ondorio hauek sufritu dituen azkena izan behar duela sinetsita daude. Gehiegi luzatu baita dagoeneko, eta ez, ezin da gehiago luzatu. Baina, egiari zor, asko kostatzen zaie «konponbidea» irudikatzea, benetako bakea existi daitekeen eguna marraztea, nahiz eta ezinbestean egin beharreko urratsak zerrendatzen dituzten.

«Motxiladun haurrok hezur-haragitan pairatu dugu espainiar eta frantziar estatuen mendeku gosea, jaio ginen unetik, eta badakigu zertarako diren kapaz. Konponbideaz ari garenean, gainera, ni ez naiz preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herriaz bakarrik ari, ni Euskal Herri aske batez ari naiz», azaldu du Artolak. Eta Iragik egun espetxean dauden batzuk aitona edo amona izaten ari direla gehitu du, «beste belaunaldi berri bat ari da gehitzen, motxiladun haur izan ziren batzuk ama ari dira izaten, nirekin bisitetara joaten zen kide baten kasua da, eta aita oraindik espetxean dute». Hala ere, Iragik azken urteetan «asko aurreratu» izana nabarmendu du, eta egindako bideari jarraipena emateak guztion ardura izan behar duela uste du.

ETAk borroka armatua amaitu zuenetik hamabost urte igaro diren honetan, jendeak etxera itzultzeko eskubiderik ez izateak «ez du zentzurik» Del Hoyorentzat: «Nik beti pentsatu izan dut kartzelak ez duela ezertarako balio, are gutxiago amorruz jartzen denean, ez dira gizarteratzeko tresna, batzuek hala saltzen duten arren, espetxeak mendekua dira. Eta egun, arrazoi politikoengatik kartzelan mantentzeak ez du zentzurik. Indarkeriarekin bukatu nahi bada, argi dagoena da alde batek bukatu duela, eta besteak gogor jarraitzen duela horretan». Artolaren ustez, espetxeetako kondizioak hobetu diren arren, «espetxeak espetxe» izaten jarraitzen du: «Borroka armatua duela hamabost urte bukatuta, nola uler dezake gaur egun zazpi urte dituen haurrak aita edo ama kartzelan mantenduko dutela?».

Ezjakintasuna, larria bezain naturala

Zazpi urteko umearentzat ulergaitza izan daiteke egoera, hamazazpi urteko gazteak, agian ez du errealitate hori ezagutzen edo urrun geratzen zaio, hala uste du Del Hoyok: «Naturala da, sufritu ez duen jendeak ez du sufrimendua ikusten, eta agian ahazten ari gara. Gazteriak oro har, ez daki zer gertatu den, gurasoek ez diete kontatu, ikastolan ere ez, ikaskideren bat oso politizatua edo biktima ez badute, ez da horrelakoez hitz egiten. Horrek pena ematen dit, zein pelikulatan agertzen da gure bizitza?». Eta aldi berean «naturala» iruditzen zaio: «Nire aita hil zenean, nire osasunean pentsatuz, pixka bat apartatu nintzen, ez zuzenean, baina bai pixka bat. Eta hor ulertu nuen zein erreza den ez begiratzea, edota ez ikustea, eta zure bizitza egiten jarraitzea».

Peru del Hoyo: «Nire aita hil zenean, nire osasunean pentsatuz, pixka bat apartatu nintzen eta hor ulertu nuen zein erraza den ez begiratzea, eta zure bizitzarekin jarraitzea»

Ezjakintasun horrek kezkatzen du Artola, «ez horrenbeste motxiladun haurrok bizi izan duguna ez ezagutzeak, baizik eta gatazkaren gainean eraiki den ‘gaizkile eta biktimen’ kontakizuna jaso eta hori zalantzan ez jartzeak. Nire adintsuko askok ‘Patria’, ‘La Infiltrada’, ‘La línea invisible’... eta horrelakoak hasieratik bukaerara ikusi dituzte. Eta amaitzean, zer pentsatu ote dute? Bilatu ote dute beste kontakizunik? Haietako zenbatek ikusi dute ‘Negu Hurbilak’, ‘Tipularen sehaska kanta’, ‘Karpeta Urdinak’, ‘Gure Hitzak’, esaterako? Zenbatek irakurri dute ‘Gurpilak’ edota Olatz Dañobeitiaren ‘Sorginak, putak, terroristak’?». Institutuetara iaz Txalapartarekin argitaratu zuen ‘Gurpilak’ eleberria aurkeztera joaten denean, gehienek «zur eta lur» begiratzen diotela kontatu du, «ulergaitza egiten zaie gaur egunera arte luzatu izana, eta batek daki noiz arte luza daitekeen. Hain zuzen, horregatik jarraitu behar dugu gertatzen ari dena kontatzen, kontakizuna osatzen, gure egiak eta minak adieraziz herri honen historia hurbilean sakontzen». Kezka bera du Iragik, «transmisioa eteten den unean borroka bera ere eten egiten da» esan eta ohartarazi du: «Nik, senide gisa, besteen minak aitortzen ditudan eta ulertzen ditudan bezala, ezin dugu onartu gure errelatoa kanpo geratzea, guztiek egon behar dute mahai gainean».

Errelato pluralak

Kontakizun guztiak idatzi eta zabaldu behar direla uste dute hirurek, eta egitekoen zerrendan lehentasunen artean kokatzen dute, baina hori egitearekin batera salbuespen legedia amaitu eta «guztiak etxeratzea» ezinbestekotzat jotzen dute. Ziklo politiko berrian politizatutako belaunaldiaren parte dira, eta aurrekoaren ondorioak amaitzea beharrezkotzat dute aurrera jarraitzeko, aurrez aipatutako Euskal Herri aske horretarako. Argi du Artolak: «Etxeratzea da sufrimendua sendatzen hasteko oinarrizko pausua, aldaketa errealak dira bide berriak irekiko dituztenak».

Bide horretan, sufrimenduaren zikloa ixteko aitortzak rol garrantzitsua jokatzen du. Ez ordea aitortza hutsalak, Artolak ez du horrelakorik nahi, baina «aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak, bere egiten ditu eskakizun horiek».

Eztizen Artola: «Etxeratzea da sufrimendua sendatzen hasteko oinarrizko pausua, aldaketa errealak dira bide berriak irekiko dituztenak»

Aitortzarenak «nagia» eragiten diola aitortu ostean, barrutik mintzo da Del Hoyo: «Niri barkamenak ez dit ezertarako balio, barkamen batek ez du nire aita bueltatuko. Baina gustatuko litzaidake gutxienez historiara pasatzea eta jendeak jakitea zera: Espainiak torturatu du; dispertsioak ez du zentzurik izan, edo izan badu, ez dira etikoak izan motiboak, eta Espainiak erail du». Kontatzen du nola dokumental baterako galdetu zioten ea bazekien bere aitak zer egin zuen, zintzoki erantzun zuen: «Bada, ez, ez dudalako aukerarik izan nire aitarekin elkarrizketa bat mantentzeko biok bakarrik eta inor egon gabe, eta nik ez dut jakin nahi ‘El Correo’-k zer esaten duen nire aitari buruz, nik berarekin hitz egin nahi nuen».

Badajozeko espetxean hil zen bere aita 2017ko uztailean, edo berak zuzendu duen bezala, «espetxeak hil zuen», ez du halere mendeku goserik, «mendekuak edo gorrotoak, azkenean, norberari egiten dio min gehien. Gorrotoak mesede egiten die salbuespen eta espetxe politika hauen erantzuleei, bozka gehiago irabazteko gorroto hori instrumentalizatzen dutenei». Gehiago luzatu ezin delako leloarekin bat eginez, gorrotoa ere ezin dela belaunaldiz belaunaldi igaro uste du, «agian batzuek jada badugu gorroto hori eta ezin dugu ezer egin, baina hori transmititzeak ez du ezer onik ekarriko».

Kartzelak husteko garaian eta bidean gaudela sinetsita, kolpea izan da aste honetan Auzitegi Gorenak 13/13 auziko abokatuen aurka berretsi duen epaia. Iragik ez du ulertzen kartzelak husten ari diren honetan berriro ere kide horiek espetxeratzea. «2026an lau abokatu espetxeratuko dituzte, Arantza [Zulueta], gure auzokidea zazpi urte eta erdiz. Onargaitza da, bakeaz ari zaizkigu espetxeak betetzen diharduten bitartean», dio Artolak saminez.

Gazteek zer eta nondik

Atzokoan igaro zen txikitatik beren memoriaren albumean izandako urteroko hitzordua, sentitu zuten berriro ere Autonomia elkartasunez beteta, entzun zituzten txaloak eta eman besarkadak. Urte askoko gatazkari eta haren ondorioen konponbideari lotuta sufrituko duen azken belaunaldia izango delako esperantzarekin eta borrokan jarraitzeko konpromisoz, aldarri edo eskari bana egin diote urte berriari. Iragi: «Bakoitzak ahal duen neurrian, bai gazte, bai heldu, bai zahar, denok batera egin behar dugu aurrera. Eta kolektibotasun hori laster ere berriro ikusi beharko dugulakoan nago, argi baitago ez datozela garai xamurrak».

Amaiur Iregi: «Nik, senide gisa, besteen minak aitortzen ditudan bezala, ezin dugu onartu gure errelatoa kanpo geratzea, guztiek egon behar dute mahai gainean»

Gatazka armatuaren ondorioen konponbidearen eta belaunaldi gazteenen artean amildegia dagoela iritzita, Eztizen Artolak argi du gazteen eginkizuna: kaleak hartzea. «Iruditzen zait gazteon ardura dela espetxeak betetzen jarraituko dutenean [13/13 auziaz ari da] kaleak hankaz gora jartzea. Antolatzea eta borrokatzea dagokigu, hau guztia behingoz buka dadin».

Borrokarako deia egin du galdakoztarrak ere: «Bakoitzak jakingo du zein den bere borroka, baina borrokatzen jarraitzea dagokigu, eta elkartu egin behar dugu, borroka pertsonala ondo dago, baina kolektiboki indar gehiago dugu. Eta ondo aukeratu behar da noren edo zeren kontra borrokatu». Euskal Herri askea ipar, ziklo politiko berriko aldarri eta prozesuek aurrera jarraitzeko, atzo Bilboko kaleek hartutako aldarri berarekin amaitu du Del Hoyok: «Denak etxera».