Artolak hatz nagian hartutako kolpe batek baldintzatu du Elordi-Zabaletaren astinaldia (6-22)
Ezker eskuko minarengatik azken bi partidetan kantxetatik kanpo egon eta gero, Iñaki Artolak kolpea hartu du larunbat honetan, Donostian, esku bereko hatz nagian eta urdinek bikain aprobetxatu dute espero baino errazago irabazteko.
Ezbehar gutxi gehiago pasa dakizkioke Iñaki Artolari bere profesional ibilbidean. Ezker eskuko minarengatik Binakako Txapelketako azken bi partidetan kantxetatik kanpo egon eta gero, alegiarrak kolpea hartu du larunbat honetan, Donostiako Atano III.a pilotalekuko lehiaren hasieran, mindutako esku bereko hatz nagian. Ordurako lehiakor eta ausart ari zen jokatzen, partehartzaile, baina kolpe horrek guztiz baldintzatu du norgehiagoka.
Egoera ikusita, Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak ez dute gupidarik izan eta aurrelariaren jokaldiei eta atzelariaren kolpe eta nagusitasunari esker, Eguberri egunean aurkari berdinen aurka emandako jipoia errepikatu dute.
Alegiarraren lesioa larria izan daiteke. Txema Urrutia medikuak 4-7koarekin markagailuan Artolak eskatutako atseden baten ostean ETBri aitortu dion moduan, «egoera zaila da, mina duelako». Partida ondoren hatza haustura duen edo ez jakiteko probak edota erradiografia egin beharko dizkiotela gaineratu du osasun profesionalak.
Honek ezin du ezkutuan utzi Aitor Elordik egindako erakustaldia. Izan ere, hasieratik nabarmendu da mallabiarra. Egia da Artola bera protagonista izateko iritsi dela Donostiara, tantoen iniziatiba berak eraman nahian, baina aurrelari bizkaitarrak kolore guztietako tantoak sinatu ditu: ezker gantxoak, eskuin boleak, sake-erremateak, txokoan luze zein goxo...
Artolaren tanto eder bat ere ikusteko aukera izan dute pilotazaleek. 4-6koan, adibidez, alegiarrak zabalera bidali du pilota, baina Elordi lurretik altxatzea lortu du ondoren gipuzkoarrak berak tantoa atzean amaitzeko. Hurrengo kintzea urdinentzat izan da eta Artolak lehen atsedena eskatu du esparatrapu gehiago eskatzeko. Argi zegoen ez zegoela eroso ezker eskuarekin eta 4-10ekoan aldageletara abiatu da baimena eskatuta.
Hortxe amaitu da partida. Gorriek bi tanto gehiago bakarrik egin ahal izan dituzte. Gainera, Ander Imaz bolada txarraz kutxatu egin da eta aurrelari oiartzuarrak erraz eramatekoak ziren pilotakada batzuk huts egin ditu. Hori bai, errebote aldean bi pilotakada ikusgarri eramateko aukera ere izan du.
Argiñano: «Lasai egon»
Artolaren kolpeak zein ondorio izaten dituen ezagutu aurretik, Karlos Argiñano sukaldariak eta Bainet enpresako jabeetakoa denak pilotazaleak lasaitu nahi izan ditu ETBri emandak adierazpen batzuetan.
Aste honetan bertan jakin da Fernando Vidartek Aspeko administratzaile postua utzi eta Baineti saldu diola parte handi bat. Honek esan nahi du Baiko eta Aspe, orain arte bi enpresa ezberdin zirenak, elkarrekin arituko direla. Hala, Argiñanok «lasaitasuna» eskatu du, «inor ez dela kalera joango» berretsi eta hurrengo astean berri gehiago egongo direla azpimarratu du.
Peña II.a Lasoren ordez igande honetan
Unai Lasok giharretako lesio txiki bat du izterrean, eta igande honetan ezin izango du 11. jardunaldiko lehia jokatu. Aurrelaria proba osagarrien zain geratzen da, ostiralean Baikok jakitera eman zuenez. Peña II.ak hartuko du Lasoren lekua Nafarroa Arenan, Albisurekin batera Altuna III.a eta Ezkurdiaren aurka jokatzeko.
Gogoratu behar da aurreko bi jardunaldietan Peña II.ak Artola ordezkatu zuela eta, Imazekin batera, Larrazabal-Mariezkurrena II.a (14-22) eta Jaka-Iztuetaren aurka (22-15) galdu zutela. Oraingoan, aurrelariak Albisu izango du atzelari, sailkapeneko liderra Unai Lasorekin batera.
PARTIDAKO FITXA:
Artola-Imaz: 6
Elordi-Zabaleta: 22
Pilotakadak: 244. Iraupena: 48:36 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 2-6, 4-6, 4-10, 5-10, 5-21, 6-21 eta 6-22. Sakez egindako tantoak: 0 Artolak eta 1 Elordik. Jokoan egindako tantoak: 3 Artolak, 1 Imazek, 13 Elordik eta 0 Zabaletak. Galdutakoak: 3 Artolak, 5 Imazek, 2 Elordik eta 0 Zabaletak. Gertakariak: Sarrera eta giro ona Donostiako Atano III.a pilotalekuan Binakako partida hau jarraitzeko. Lehen sakea urdinentzat.