Etxeak defendatu
Vous n'avez plus de clics
Kamio, zure izenpean dagoen etxe batean bizi zara, herri erdigunean, eta argitasuna barneratzen uzten duten leihoetatik zoru bat zabaltzen da oinetatik zure baitara. Norbanakoaren borroka eremuan, horixe duzu guda lur propioa, bankuaren aurrean defendatu behar baituzu zuretzat jotzen duzun etxea, ordainketa bakar bat atzean utzi gabe.
Garagardo baten bueltan elkartu zareten lagunen artean atera da gaia. Maricarmen, etxegabetzeak, langile klasea eta klase ertaina batu dira elkarrizketara. Ez dakizu eskailerako zein mailatan kokatu behar duzun. Proletariotzaren oinarriaren lemazain ikusi nahiko zenuke zeure burua, baina nondik defendatu mila eurotara iristen ez diren soldaten uztarria daramaten lagunen etxea?
Telebistaren aurrean eseri zara albistegiari begira. Ceuta. Eurite garaia datorrela-eta plastikoz estali du gizonezko batek hondartzaren ertzean ezarritako denda inprobisatua. Etxe berri baten bila abiatutako bidaia ez ote zaion burokrazia eta errepresioa konektatzen dituzten ur geldoetan itoko pentsatu duzu.
Ai! Aresti! Aitaren etxea defendatzen hainbeste hamarkada, hainbeste enblema, hainbeste sinbolismo eta hainbeste esfortzu. Etxea zaigu aberria, baina zaude teilatupe berera euskal lurretakoak baino haragokoak direnak ere erakarri behar direla. Izan ere, baserriaren iruditeriatik aldentzen ari baitzaizu Babelgo dorrearen antza gero eta handiagoa hartzen ari den eraikina. Eta, itoginak konpontzeko, esku oro zaizu baliagarri.
Sanchezek hauteskundeetara deitu du, etxegabetzeen afera delako ziurrenik etxetzat duen Estatua defendatzeko daukan azken aukeretako bat. EH Bilduk nazio bat eramango du Madrilgo Gorteetara eta EAJk interesei begiratu behar die lehenbizi inon lerrokatu aurretik. Jokoa zabalik da eskuin muturrari aurre egiteko, baina, Kamio, badakizu partida ez duzuela denok leku beretik ikusiko, ez delako berdina lehenengo pisutik begiratzea edo gizartearen atikoetan bizi direnen ikusmira paregabeez gozatzea.