JAN. 19 2025 IRITZIA Helburuak JOKIN URAIN Hankagorri garenetik, ezagutzaren lehen apurrak biltzen ditugunetik, helburuak jartzen hasten garela esango nuke, helburu xumeak aurrena, geure ezagutza txiki horren araberakoak, eta handiagoak gero, ibili eta lanketa luzeagoak behar dituztenak. Eta horretan ematen dugu bizitza, horretara mugatzen edo horretaraino iristen dira gure pausoak, gure egunak, urtez urte, azkenera arte. Baina helburuek ez dute azkenik. Epe laburrera erdietsi nahi genituzkeenak batzuk, luzera begira jarriak besteak, bat lortzea nahikoa da beste bat ezartzeko urrunean. Norbanakoarenak dira batzuetan, taldearenak besteetan; bizitzan arrakasta izateko ezinbestekoa bailitzan, parean helburuak ipini eta haiek lortzera bultzatzen ditugu haurrak. «Zer izan nahi duzu handitzen zarenean?», galdetzen zaie haurrei. Etxean, eskolan, lagun artean ikusi eta ikasitakoak islatzen dizkieten irudiak eta lehiak helburutzat hartzera bultzatzen ditugu, kirolari ospetsu izan daitezen, edo pantailetako izar, edo aberats. Galdera bera egiten ziguten duela bost-sei hamarkada. Ez nuke esango originalitatean asko aurreratu dugunik mende batetik bestera. Ez dakit beharrezkoa ote den ere honetan originala izatea. Beti al da kaltegarria gauzak ez aldatzea? Dena den, norbanakoaren helburuak norberarekin geratu edo joan daitezke azkenean. Taldeen helburuek, helburu kolektiboek, iraupen luzeagoa izaten dute gehienetan. Gurean baditugu horietako batzuk, geure ezaugarriak direla uste dugulako, ondare propiotzat ditugulako edo sentipen kolektibo batetik horrela nahi dugulako. Herri-helburuak dira, nolabait esateko, kulturan, eskubideetan, zientzian, aisialdian… ezartzen ditugunak. Kirolean euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikapen sentitua da kirolzale ez diren askoren artean ere. Zer esanik ez, kirolzaleentzat eta kirolarientzat. Joan den abenduaren 28an eman zuten berria, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren ofizialtasuna onartu zuela Nazioarteko Pilota Federazioak Iruñean egindako biltzarrean. Berriemaile argi-ustekoaren ateraldia zela pentsatuta, biharamunera arte ez nuen sinistu. Gerora, ustekabean bezala lortutako helburu horrexekin itzuli-mitzulika ari ginela, «Aizue, Iruñean onartu duten Euskadiko Euskal Pilota Federazio ofizialean nola jokatu behar ote dute pilotari nafarrek eta Iparraldekoek?», bota zigun Juanjok. «Zer izan nahi duzu handitzen zarenean?», galdetzen zaie haurrei. Etxean, eskolan, lagun artean ikusi eta ikasitakoak islatzen dizkieten irudiak eta lehiak helburutzat hartzera bultzatzen ditugu, kirolari ospetsu izan daitezen, edo pantailetako izar, edo aberats. Galdera bera egiten ziguten duela bost-sei hamarkada. Ez nuke esango originalitatean asko aurreratu dugunik mende batetik bestera.