JAN. 26 2025 IRITZIA Alegrantzia AMAGOIA MUJIKA Alegrantziaren aldeko konjura idatzi zuen Joseba Sarrionandiak, eta Ines Osinagak neurriko soinekoa josi zion musikaz. “Gosariak” izeneko proiektuan dago perla hori. Duela hamar urte jendarteratu zuten eta mezu oso indartsua zuela iruditu zitzaidan hasieratik; filosofo batek deskubritutako sekretu «handia eta marabillosoa» ezagutzera ematen du abestiak. «Ez diamante ez perla ez urre gorririk, alegrantzia baino ez dago hoberik». Horixe aurkikuntza. «Aberatsek badute urrezko tristura, guk antola dezagun pozaren konjura. Pobreen bizipoza gauza handia da, ez da tristea izango hurrengo alborada». Bada, sentipena daukat alegrantziaren aldeko konjura gauzatzen ari dela. Agian gure sorginek dantza egin zuten hanka hutsik eta erdi biluzik pertza handi baten inguruan XVI. mendean; ilea eder nahasita, aske, pozik. Berbena txaplatekin eta oihuka dei egingo zioten bizipozari, herri honen taupada gida zezan. Akaso bere azken egunetan berbena txaplatekin leunduko zuten Romualda Zuloagaren gaixotasunaren latza. Oraintsu deskubritu dut Romualda Zuloaga, Galdakaoko pandero jotzailea. 1913-1971 urte bitartean astindu zuen panderoa, Euskal Herrian eta kanpoan. Harro eta, batez ere, pozik. Bere biografian jasotzen denez, panderoa hartu orduko helburu bakarra izaten zuen begitan hartuta: ingurukoak saltoka eta dantzan jartzea. Plazako lehen lerroa gizonena zenean, hortxe egin zuen bere tokia Zuloagak, aparteko talentua zuelako. Festa maite zuen. Bere alabak kontatzen du bizitzaren azken partean, gaixo eta ohean egonagatik ere, zeukan indar poxia panderoarekin gastatzen zuela. Bizipozaren taupa-taupari estu besarkatuta, azken unera arte. Sorginetatik zetorkion seguru. Angela Davisek dio itxaropena diziplina bat dela, Jule Goikoetxeak bere azken lanean kartsu kontatu digunez. Eta Goikoetxeari berari entzun diot elkarrizketa batean nola bizitzeko gogoak diziplinatua izan behar duen. «Garai oso krudeletan bizi gara. Biolentziari aurre egiteko diziplina behar da. Oso zaila da tristuratik borroka diziplinatu bat mantentzea. Ez tristura ez delako beharrezkoa, hemen arazoa alaitasun diziplinatuarekin daukagulako». Hortaz, Goikoetxeak beharrezko ikusten du transmititzea bizitza ederra dela, nahiz eta krudela izan. «Bi gauzak posible dira». Ze ederra geratzen ari zaigun alegrantziaren aldeko konjura. Eta nolako poza ematen duen emakume ahotsez jasotzea; alaitasunaren lurra askotan tentuz zapaldu baitu emakumeak. Ondo pasatzea ez da egon etxeko lanen zerrendan. Angela Davisek dio itxaropena diziplina bat dela, Jule Goikoetxeak bere azken lanean kartsu kontatu digunez. Eta Goikoetxeari berari entzun diot elkarrizketa batean nola bizitzeko gogoak diziplinatua izan behar duen. «Garai oso krudeletan bizi gara. Biolentziari aurre egiteko diziplina behar da. Oso zaila da tristuratik borroka diziplinatu bat mantentzea»