FEB. 16 2025 IRITZIA Gerrak eta armak AMAIA URIBE Gerra hotsa entzuten da munduan eta azkenaldian modan jarri diren gerrek muga-zergak, portzentajeak eta milioiak erabiltzen dituzte arma gisa. Donald Trumpek arantzelen zartailua astindu du, ustez bizilagun eta bazkide zirenak kolpekatuz eta ematen du gerra mota hau dela agintariak gehien izutzen dituena. Mundu osoko liderrak Trumpen mehatxuei begira dauden bitartean, baina, egunero ehunka lagun hitzen dira gerra tradizionalen ondorioz. Fusilek, granadek, bonbek eta misilek suntsipena eragiten jarraitzen dute. Gazako sarraskiaz eta Ukrainaz hitz egiten digute, batez ere, hedabideek. Azkenaldian, Kongon gertatzen denaren berri izaten ari gara. Baina Siria eta Libano ahaztu ditugu eta Yemenen, Beninen edota Sudanen gertatzen denaz ezer gutxi dakigu. Deigarria da datua: gaur egun 54 gerra daude aktibo mundu mailan. 54. Eta iaz bakarrik 233.000 lagun hil ziren gerra eta gatazketan. Okerrena, ordea, datu hori ezagutu ere ez dela egiten da. Agintari bat bera ere ez dut entzun mikrofonoaren aurrean zifra beldurgarri hau salatzen. Armen esportazioak mugatu ordez, armak egiten dituzten konpainien irabaziak puzten jarraitzen dute Mendebaldeko agintariek. Mundu osoan areagotu da gastu militarra eta iazko urtean marka guztiak gainditu zituzten arma fabrikatzaileek. Sektoreko 100 enpresa handienen artean 600.000 milioi euroko irabaziak izan zituzten eta aurten ere bide beretik doaz. Gurean ere badaude armagintzarekin lotutako enpresak. Batez ere, eraso-hegazkinetako motorrak, tankeetako osagaiak, droneak eta telekomunikazio sistemak egiten dituzte eta urtebetean %20 igo da sektoreko euskal enpresen fakturazioa. Duela egun batzuk, gainera, sailburu batek babesa erakutsi zion euskal armagintza sektoreari. Izan ere, inoiz baino gehiago, negozio bihurtu dira gerrak. Pentsatzekoa da arma barik ez legokeela gerrarik edo gutxienez biktima kopurua txikiagoa litzatekeela. Baina, tamalez, armentzat ez dago muga- zergarik. Armen esportazioak mugatu ordez, armak egiten dituzten konpainien irabaziak puzten jarraitzen dute Mendebaldeko agintariek. Mundu osoan areagotu da gastu militarra eta iazko urtean marka guztiak gainditu zituzten arma fabrikatzaileek. Sektoreko 100 enpresa handienen artean 600.000 milioi euroko irabaziak izan zituzten eta aurten ere bide beretik doaz. Gurean ere badaude armagintzarekin lotutako enpresak.