MAR. 16 2025 IRITZIA Sariak JOKIN URAIN Sariz eta sariketaz oparo gabiltza eta, horregatik bakarrik balitz ere, pozik egon behar genukeela pentsa lezake batek baino gehiagok. Kasik ematen du sariak banatzeko aitzakiak izate aldera antolatzen direla lehiaketak, eta nahikoa lehiarik ez denean ere bilatzen ditugu moduak sariak purra-purraka partitzeko. Sarien hemisferioan bizi den jende asko dago. Bizitza horrek ere izango ditu bere gozo-mikatzak, baina erakarmen gehiago, dirudienez. Egia da badela jendea sarien alorretatik kanpo geratzen dena, egundo saririk jasotzen ez duena, saritua izateko aukerarik edo arriskurik batere ez duena. Egundo ez dut ikusi agintaririk kale garbitzaileei podiumean edo taulatu dekoratuan sariak banatzen, esate baterako. Fundizioan aritzen diren beharginei ere ez. Basoan ari diren langileentzat, zekaleak jasotzen dituztenentzat, sasoian sasoiko frutak biltzen leher egiten dutenentzat ez dut uste sariketa handiosik eta sari bikainik dagoenik. Eguneroko edo hilean behingo soldatarekin lehiaketa beharrik gabe nahikoa sari dutela pentsatuko du batek baino gehiagok. Baina egia da lehia eta sariketa ugari izaten dela, eta, sariak eskuratzea ez ezik, helburu, interes edo probetxu ugari izan ditzakete lehiaketek. Kirolak, esaterako, baditu hamaika ariketa mota, eta horietako bakoitzak baditu bere lehiaketak, beren sariekin. Kultura esaten zaion saila ez da hain arranditsua agian, baina bai askotarikoa, eta atal bakoitzean izaten ditu lehiaketak eta sariak, batzuk oihartzun handikoak, besteak ez hainbeste… Ez dakit, dena den, saria irabazteko beharrezkoa ote den onena izatea. Ona izatea ere ez, seguru asko, gustuen afera nagusitzen delako beharbada. Zineman, adibidez, Oscar sariek oihartzun handia izaten dute, baina badaude Razzie sariak ere, urteko pelikularik txarrenari ematen zaizkionak. Denetik zerbait, alegia, gustu guztiek izan dezaten beren apurra. Gustuen kontua izango zen Arantxa Echevarria bilbotarraren “La infiltrada” filmari Goya sari nagusia eman izana Andaluzian joan den otsailean. «Gure gaztaroa kontatzen du», argitu zuen Arantxa Echevarria zuzendariak berak, ikus-entzule despistatuentzat argigarri eta, «Sekulako pelikula bat da», oihu egin omen zuen pelikula ematen hasi aurretik. Hori bai autoestimua! Lehengoekin gutxitxo bagenu bezala, esango nuke Goya bat infiltratu digutela. Egundo ez dut ikusi agintaririk kale garbitzaileei podiumean edo taulatu dekoratuan sariak banatzen, esate baterako. Fundizioan aritzen diren beharginei ere ez. Basoan ari diren langileentzat, zekaleak jasotzen dituztenentzat, sasoian sasoiko frutak biltzen leher egiten dutenentzat ez dut uste sariketa handiosik eta sari bikainik dagoenik.