MAY. 25 2025 KIROLA Sorbalda funtzionala (Getty) Markel Urrate Antia - Salto Training Giza gorputzaren anatomiako mugikortasun gradu handienetako bat eskaintzen duen artikulazioa da sorbalda. Horrek, eta artikulazioaren funtzionamendua kontuan izanik, alde positibo zein negatiboak izan ditzake; goi-ataleko edozein manipulazio egiteko funtsezko artikulazioa da, torax, ukalondo zein eskuarekin zuzeneko erlazioa baitu eta honen bidez edozein objektu jaso, manipulatu, atzeman eta maneiatu baitezakegu. Bestetik, giza gorputzaren bilakaera ikusirik eta goi-atalak erabileraren poderioz izaten duen indar galera eta aurrez aipatutako gehiegizko mugikortasuna kontuan izanik, min hartzeko artikulazio seinalatua da. Artikulazio honek gure motrizitatean duen garrantzia ikusirik, irakurle guztiotatik nor da gai bi eskuak bizkar atzean elkartzeko edota zuhaitzeko adar batetik 30 segundoz zintzilikatzeko? Erantzuna jakin nahi nuke. Funtzionaltasun egoki bat lortu ahal izateko lehen urratsa, artikulazioaren mugikortasun egokia lortzea da. Horretarako, aurretiko balorazio bat ezinbestekoa da. Behin mugak zeintzuk diren ezagututa, horiek lantzen hasiko gara, era pasibo batetik hasi eta era lagundu eta aktibo bateraino. Mugikortasuna eskuratzearekin batera, bigarren urratsa gradu ezberdinetan kontrol motor egokia bermatzea izango da. Alferrikakoa da sorbaldaren mugikortasun handia izatea gradu konprometitu horietan artikulazioaren inguruko kontrolik izan ezean. Indarraren alderdiaren inguruan hitz eginez, sorbalda indar mota ezberdinak eragiteko gai izan beharko da. Lehenik, tira egiteko gaitasuna eskuratu beharko du (trakzio mugimenduak) eta, ondoren, bultza egiteko gai izan beharko da. Progresio hau abiadura moteletik bizkorrera eta ardatz horizontaletik bertikalera izanik. Bestetik, kargak jasateko gaitasuna izan behar du, pisua besoetan eutsiz (erosketako poltsak adibidez), lurrean etzanda pisua eskuen gainean utziz (plantxa posizioan), edota zintzilik (suspentsioan) egoteko gaitasuna izanik. Azkenik, jaurtiketak egiteko gai izan behar du. Sorbalda gorputzaren transmisore da; hortaz, objektuak jaurtitzeko gai izan behar da. Gaurkoan erronka asko jarri dizkiogu gure sorbaldari; guztiak betetzeko gai ote gara? Ez ahaztu, inoiz ez dela berandu balorazio bat egin eta gure ahuleziak indartzeko.