NOV. 09 2025 Adela: gure arabar lorea Adela, bere lagunekin. Ezkerraldeko neska da bera. Joseba Sarrionandia Euskal Herri eta mundu hobe baten alde egin zuen Adelak. Goizegi eta alanbre arantzadun mingarrietan endredaturik galdu zuen bizitza. «Orduantxe ikasi neban ez juzgetan inor, inor be ez!», dio Pilarrek, Adelaren ahizpak. ORISOL MENDI BARRENEAN Aramaioko Zubietagainekoa baserrian jaio zen Adela Ibabe 1945eko hazilaren 23an, eta oraintxe beteko lituzke 80 urte. Zortzi neba-arrebako familian. Uribarri auzuneko eskolan ikasi zuen umetan: «Erdaraz ez zen berba egiten gurean, bapez. Eskolan, berriz, txakur handi bat multa ipiniko zigutela euskaraz eginez gero...», oroitzen du Pilarrek. Pilar baserrian geratu zen. Baina lau urte gazteagoa zen Adela ja Bitoriara joan zen ikastera, Ursulinen ikastetxean interna: «Ikastetxetik bidali zuten inoiz gurasoentzat abisuren bat erdaraz egin behar genukeela etxean, Adelak erdararekin euskara nahasten zuelako». Asteburuetan itzultzen zen baserrira. Adela, alaia zen: «Batez ere alaia zen. Domeketan etortzen zen, eta etxera sartuz batera hasten zen dantzan, eta umeak pozik…». Batxilergoa bukatutakoan, Gasteizen geratu zen, osaba baten etxean, Magisteritza ikasten. Lagunekin ibiltzea, abestea, mendira joatea gustatzen zitzaion. «Gure aitak ez zuen ulertzen neskak mendira joatea. Adelak ez zion kontra zuzen egiten: ‘Aita, han zuk ehizan egiten duzun lekua begituko dugu zelan dagoen’». Maistra moduan, Oñatiko eskolan lan egin zuen lehenengo. SASOI INTERESGARRIAK 1968. urtea zen, garai “interesgarria”. Sasoi aldakor gatazkatsu gogorrei deitzen zaie horrela, “sasoi interesgarriak”, txinatarrek egiten omen duten moduan. Haize berriak zetozen kanpotik era guztietako askatasunen alde: Aljeriako gerra anti-koloniala, Parisko Maiatza, maoismoa, Pragako Udaberria, troskismoa, hippy mugimendua, Vietnamgo gerraren aurkako protesta, feminismoa... Hemen, Francisco Franco, Eliza Katolikoa eta Guardia Zibila ziren nagusi, baina diktaduraren kontrako protestak hasi ziren. Seminaristak ere Elizatik urruntzen ziren, euskaldun batzuek kultura moderno batekin amets egiten zuten (mendiko hizkuntza baztertuan), langileak grebara ateratzen ziren. Espainia nazional-katolikoaren kontra egitea ez zen debalde ateratzen, eta 1968ko udan ETAk Meliton Manzanas torturadore ezaguna hil zuenetik batez ere, errepresioa oso gogorra izan zen. Debekuak, isunak, detentzioak, konfinamenduak, torturak… Kontestu hartan, Adela buru-belarri sartu zen Arrasateko ikastolaren aldeko proiektu handian. IKASTOLAREN ERDITZE MINAK Ezin zen ikastolarik sortu, “eskola parrokial” edo “katekesi” moduan kamuflaturik izan ezik. Hala antolatu zen San Francisco Javier ikastola, Parrokiarena legalki. 1968ko apirilean hasi ziren klaseak: 3 edo 4 urteko 30 ume. Non-eta abadearen etxean. Alkateak ere babestu zuen, egoitza munizipalak utzirik, lehenengo Musakola auzoan, gero San Andres auzoan, eta hala. 1970ean, ikastolak 10 ikasgela zituen: 4 Musakolan, 3 San Andresen, beste 3 Ospitale zaharrean. Eta parrokiaren gauza izatetik kooperatiba izatera pasatu zen: Sociedad Cooperativa de Enseñanza San Francisco Javier. Baina ez zen ikastetxe legala oraindik. Parrokiak, Udalak eta herriko enpresa, elkarte eta laguntzaile indibidualek osaturiko Patronatu batek kudeatzen zuen ikastola, baina ez ika-mikarik gabe. 1972an eztabaida gogorrak piztu ziren Patronatuaren eta irakasleen artean. Maiatzaren 3ko asanbladan, matraka itzela izan zen. Gaia: “La Religión y la autoridad de la Directiva”. Estatu frankistak ezarritako debeku eta traba ofizialez aparte, euskaldunen arteko amorruak azaldu ziren (hori XVI. mendeko Ibarguen-Cachopinen kronikako 12. koaderno desagertuan deskribatzen da labur: “Vizcaínos, cuando no tenían guerra con los de fuera la tomaban entre sís”). Erlijioaren kontuarekin, eredu pedagogiko diferenteak, atxikimendu politikoak eta mesfidantza pertsonalak ere nahastu ziren. Lau urtez lanean dena eman ondoren, Adela bota egin zuten Arrasateko ikastolatik, beste batzuekin batera. Patronatuak 17 irakasletatik 15 bota zituen. Gero ametitu egin zituen gehienak, baina Adela ez. Gorrienak ez. Mingarria izan zen, eta batzuek oroitu ere ez dute egin nahi. Arantza Landak, ikastolatik Adelarekin bota zutenak, adibidez: «Hain gaizki pasatu nuen, ahaztuta daukadala». Adela, Torre-Izarran bizi zen, Sole eta Mariasun ahizpekin, langabezian. Ustekabean, haurdun geratu zen. Umea izan nahi izango zuen, ala ez. Ez izatea erabaki zuen. Baina abortatzea debekatuta zegoen. Ilegala eta gogor zigortua izateaz gain, garestia eta arriskutsua zen. «Kontsidera ezazu ze beltz eta garratz behar zuen ikusi neskato horrek etorkizuna». EGUNERO HASTEN DELAKO Geltokian neska bat dago trenaren zain, eta estazioetan maleta batekin bakarrik dauden neskatoekin amistadea egiten espezialista den gizon batek espekulatu egiten du. Gaur egungo gazteek ez dutela lanik egin nahi izaten, ardurarik gabe ibiltzen direla, eta egin behar ez dena egin eta gero datozela disgustuak. Neska hori ere haurdun dagoela beharbada, bigarren hilabetean dagoen fetua abortatzera joango dela norabait. Horrela hasten da “Egunero hasten delako”, 1969an argitaratu zen Ramon Saizarbitoriaren nobela, kontatzen Gisèle izeneko neska baten bidaia, zertara-eta, abortatzera. Francisco Francoren diktadurapean gogor kriminalizatu zen haurdunaldia etetea. Argudio batez ere erlijiosoekin, eta demografikoekin. 1941eko Zigor Kodean abortua Estatuaren aurkako krimentzat hartzen zen eta gogor zigortzen zen. Kriminalizazioa eta zigorra konfirmatu ziren hurrengo kodigoetan ere: 1944, 1963 eta 1973koetan. Neska haurdunak Estatu frantsesera, Holandara edo Ingalaterrara joaten ziren. Bere izena argi azaltzea nahiago ez duen emakume batek (M.G.-k), honela esplikatzen du: «Abortatu, sekretu itxian egin behar zen. Ilegala zen eta kanpora joan behar genuen, Iparraldera edo Londresera. Ni Londresera joan nintzen. Horretarako laguntza behar zen, dirua, abioia, han non geratu. Tunel ilun-ilunean sartzea zen. Ni behin joan nintzen abortatzera, Londresera. Gero beste birritan, adiskideei laguntzera». Hurbilago ere egiten ziren abortuak, klandestinoak, baina arriskutsuagoak izaten ziren. Emakume asko hil zen haurdunaldiaren etena baldintza txarretan eginda. HAIN ERRAZ, HAIN SINPLE Adelari Irungo etxebizitza partikular batean egin zion abortua, klandestinoki, mediku frantses batek. Gaua hantxe pasatu zuen (ez zen alaia eta distiratsua izango otsaileko gau luze hura), eta herrira itzuli zen biharamunean. Etxean, gaizki sentitzen zela-eta, Arrasateko Ospitalera eraman zuten. Barne-odoljarioa zeukan («zer ete da andra erdiaren zauria?»). Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, anbulantziaz. Han, sinpleki hil zen 1973ko otsailaren 11n, 27 urte zituela. Heriotzaren azalpen formala “peritonitisa” izan zen. Baina laster zabaldu zen gertaera zehatzago azaltzen zuen berba ostendua: abortua. Adelaren ahizpek beldurra izan zuten aita eta ama enteratuko ote ziren. Alaba galtzearen zoritxar mugagabeaz gainera, inork kontatuko ote zien ulertezinagoa izango zen hura guztia. Ondorio judizial batzuk izan ziren: ospitalera lagundu zioten lagunek deklaratu behar izan zuten, mediku frantsesa atxilotu egin zuten. Ez zegoen epailerik, ostera, emakumeen duintasuna suntsitzen zuen Estatua auzipetzeko. Aramaiotik gora joanda dagoen Uribarriko kanposantuan ehortzi zuten Adela («azpian lur hotza, gainean harria») eliza-dorre handiaren aldameneko hilerri txikian. Elurra ari zuen egun hartan, eta adelatarrei malkoak atera zitzaizkien begitik («gogorrenari ere pausatu zitzaion elur maluta bat begiaren ertzean»). Natxo de Felipe, artxiboko irudi batean, taldekideekin zuzenean kantatzen. (Marisol Ramirez | FOKU) NATXO DE FELIPE Ikastolatik kaleratu zituztenean ezagutu zuen Adela Natxo de Felipek. Bilbotar militantea, 22 urterekin, batetik bestera ibiltzen zen gitarrarekin bakarrik kantuan. «1972ko bukaera aldeko larunbat gaueko afarian ezagutu nituen Mondragoeko ikastolatik kaleratutako irakasleak, haien artean Adela, gazte kuadrilla miragarria. Hango soziedade batetan-edo, berakatz zopa ederra afalduz. Babesa erakusteko kantu-afarira gonbidatu ninduten. Memoria flakatuta, ez naiz guztiz oroitzen norekin joan nintzen, baina uste dut Mari Uri Ruiz Bikandiren bitartez heldu zitzaidala gonbita, eta seguruen Bego Prieto gurearekin agertuko nintzela, nik orduan ez nuen-eta gidatzen». Mugimendu Komunistako lagunengana joaten zen, edo herri bateko edo besteko elkartera: «Giro beroko afari xume eder ahaztezina! Gogotik kantatu genuen, bai horixe! Handik hilabete batzuetara notizia itzela: Adela, lanetik kale gorrian, haurdun, eta, mutil-laguna soldadutzan zuela, sasiko abortatzean zerraldo…». Adela hil zenean, hutsune bazterrik gabea sentitu zuen Natxok, ahaideek eta lagunek bezala. Pena itzelarekin ehortzi zuten mendialdeko auzuneko negu giroan: «Kanposantuan ginela, elurra mara-mara egin zuen. Etxeratu orduko, oraindino gurasoenean bizi nintzela, Bidebarrietara ematen zuen nire logelako mahaian, negar malkotan itota, egin nuen kantuaren lehenbiziko bertsioa “Alostorrean” doinuaren gainean. Ahaireak berak adierazten dit kantu epiko edo balada baten tankerakoa egiteko asmotan nenbilela». Natxok Gabriel Arestiri laguntza eskatu zion. OSKORRI «Ia egunero Gabriel eta Melirenera kafea hartzen joaten ginen Bego eta biok, eta, kantua guztiz gustura ezin biribildurik, kontuaren ingurumari guztiak zehatz kontaturik, Gabrielen sen poetikoak obratu zuen miraria, eta kantua osorik loratu zen ezagutzen dugun moduan», dio Natxok. «Hau dena 1973ko otsailean. Apirilean, Oskorriren lehen formazioa sakabanatu zen, eta ni bakarrik gelditu nintzen berriro. Kantuaren lehen grabazioa Josu Torre eta Leo Bilbaoren etxean egin nuen. 1973ko udazkenean Anton Latxa juntatu zitzaidan, eta elkarrekin egin genuen lehenbiziko asteburua. Ostiralean Oñatiko institutuan kantatu genuen arazorik gabe. Larunbatean, Ormaiztegin elizako kalostrapean, arazoekin. Igandean, Nafarroa Behereko Lartzabalen, Euskal Kantu Berrien txapelketan lehen premioa atera genuen Adelaren kantuarekin, eta premioa jasotzeko trinketeko kantxarako bide estua ukondokadaka ireki behar izan genuen, Argia dantza taldeko dantzariek irteera trabatu nahi zigutelako. Handik gutxira Bixente Martinez gehitu zitzaigun, eta halaxe!». Gabriel Aresti asko haserretu zen Amatiñorekin, Amatiñok ez zuelako aipatu ere egin Lartzabalekoa “Zeruko Argia”-ko “Zenbat gara” orrian. Baina hori beste kontu bat da. OSO GEUREA Oskorriren abestiak epikoa izan behar zuen, baina Adelaren bizitza ez zen batere epikoa izan, baizik arruntegia, lar humanoa, trajikoa azkenean. Hagatik sentitzen dugu hain geurea. «Adela oso geurea da», idatzi zuen Goio Aranak artikulu oroigarrian, «bere bizitzan -eta bere heriotzan- bildu zirelako egun ere oso sentiberak zaizkigun kontuak».