NOV. 09 2025 IRITZIA Presio estetikoa Amaia Uribe Metroan noala, bi neska gazte entzun ditut berbetan. «Azido hialuronikoa jarri nahi dut ezpainetan». «Nik ere bai baina ez dut dirurik». «Martari nahiko merke atera zitzaion Grouponeko bonu batekin». «Bai? Ba, begiratuko dut. Sudurreko ebakuntzetarako ez dago bonurik, ezta? Hori ere egin nahi nuke baina dirutza da». «Puf! Ez dut uste. Nik, aldiz, bularrak handitu nahi ditut, baina gurasoek ez didate ordainduko». Elkarrizketa eteteko zorian nengoenean, nire geltokira iritsi naiz. Metrotik irten orduko damutu naiz, ordea. Esan behar nien ez dutela ebakuntza estetikorik behar eta ondo daudela dauden moduan. Azkenaldian, klinika estetikoen iragarkiak ikusten ditut toki guztietan. “Liposukzioa %30 merkeago”. Sare sozialetan agertzen direnek, berriz, aurpegi gero eta antzekoagoak dituzte. Ezpain handiak, sudur txikiak, masailalbo markatuak. Eta biralizazio horren ondorioz, gero eta lehenago hasten da presio estetikoa. Ebakuntzarik eta tratamendurik behar ez duten gazteek Instagramen eta Tiktoken ikusten dituzten influencerren itxura bera izan nahi dute eta, ondorioz, ebakuntza estetikoak egiten dituztenen adina jaisten ari da. Atera kontuak, bostetik batek 16 eta 25 urte bitartean ditu. Inguruan ere, kasu gero eta gehiago ikusten ditut. Aspaldi ikusten ez nuen senidea kalean aurkitu eta ezin begirada kendu bere ezpain puztuetatik. Ikastolatik ezagutzen nuen neska, ia ezagutu ere ez. Seguru zuei ere antzekoa gertatu zaizuela. Ez nago ebakuntza estetiko guztien kontra. Inondik inora ere ez. Osasun arazo bat konpontzeko edo autoestimu arazo bat konpontzeko baldin bada, ados nago. Baina beldurra ematen dit, korronte bat edo moda bat jarraitzeagatik botox injekzioak edota rinoplastiak normalizatzeak. Are gehiago, kontuan hartzen badugu emakumeok garela mota horretako ebakuntza gehien egiten ditugunak. Beste behin ere, emakumeak gara perfekzioaren garretan erortzen garenak, eta ez dut presio estetiko hori nahi inorentzat. Beste kontu bat da non eta nola egiten diren ebakuntza estetikoak. Medikuek behin eta berriro salatzen dute intrusismo handia dagoela sektorean eta inolako kontrol barik egiten direla tratamenduak. Beraz, beldurra ere ematen dit. Ezagutzen ditut halako tratamendu bat egitera joan eta lehen baino okerrago geratu direnak. Imajinatu, beraz, nolakoak izango diren deskontu bonuak eskaintzen dituzten sasizentroak. Arduratuta nago, metroko bi neskekin eta, ez diedanez ezer esan, zutabe hau idatzi dut. Ea irakurtzen duten! Ebakuntzarik eta tratamendurik behar ez duten gazteek Instagramen eta Tiktoken ikusten dituzten influencerren itxura bera izan nahi dute eta, ondorioz, ebakuntza estetikoak egiten dituztenen adina jaisten ari da da. Atera kontuak, bostetik batek 16 eta 25 urte bitartean ditu