DEC. 21 2025 IRITZIA Gabon bon-bon Amaia Uribe Talo, sagardo eta parranda eguna da gaurkoa. Beti pentsatu dut hobe litzatekeela San Tomas eguna ekainean ospatzea, baina Gabonen atarian dago eta gaurtik hasten gara kontsumoaren eta gehiegikerien zurrunbiloan sartzen. Gabonetako enpresa janak, lagunekin poteoak, bazkariak, afariak… Jan eta edan baino ez dugu egiten garai honetan. Gabon gauean berriro ere, amaitu ezingo dugun janariz beteko dugu mahaia. Urdaiazpikorik onena, urrea balira legez ordaindu ditugun zigalak, plater bete kroketa, paterik garestiena, aurkitu ditugun zainzuri lodienak, karakolak, okela eta ohi baino hiru bider garestiago erosi dugun itsas zapoa. Ostean, postrea noski! Zapore guztietako turroiak, bonboi koloretsuak, pastelak eta modan dagoenez, panettonea ere bai. Astebetean ere ezin dugu dagoen guztia jan baina badakizue zer esaten den: «Gabonak, Gabonak dira». Eta oparietan ere igarriko da hori. Arbola azpian ahalik eta opari gehien jarriko ditugu, Instagramera igoko dugun argazkian ondo ikus daitezen. Behar ez ditugun opariak jasoko ditugu eta asko, erabili ere ez ditugu egingo. Ziur gogoan dituzuela izebak oparitutako jertse itsusia, lagun ezkutuan jasotako zapi ligorra… Opariak egitea nahia baino beharrizana bihurtzen denean hori gertatzen da: edozer erosten dugula. Egunotan prentsan irakurri dut, Gabon hauetan 800 euro gastatuko ditugula pertsonako. 800. Ikaragarria iruditzen zait. Loteria, oparia, janariak, poteoak… Jan, edan, erosi, gastatu, ordaindu, kontsumitu. Hori dira gaur egun Gabonak. Zentzua galtzen ari dira jai hauek. Familia elkartzeari, aspaldi ikusi ez ditugunak ikusteari eta elkarrekin egoteari eman behar genioke garrantzia eta ez janariari, opariei edo apaingarriei. Nire gurasoak txikiak zirenean, beste indar bat zuten Gabonek. Normalean erosi ezin zituzten janariak izaten zituzten mahaian eta opari txikiren bat ere jasotzen zuten. «Gabon bon-bon» esaten zuten orduan. Baina gaur egun? Urritik ari gara turroiak jaten eta egunero bizi gara gu bon-bon. Kritika hau egin arren, nik ere gehiegi jan, edan eta gastatuko dut Gabon hauetan baina hasi naiz jai hauek beste era batera ospatu daitezkeela pentsatzen. Ezagutzen dut Gabon Zahar gauean arrautza frijitua eta patatak afaltzen dituen familia eta ez zait aukera txarra iruditzen! Hori esanda, baina, Gabon zoriontsuak guztioi! Egunotan prentsan irakurri dut, Gabon hauetan 800 euro gastatuko ditugula pertsonako. 800. Ikaragarria iruditzen zait. Loteria, oparia, janariak, poteoak… Jan, edan, erosi, gastatu, ordaindu, kontsumitu. Hori dira gaur egun Gabonak.