7K - zazpika astekaria
Euskal errefuxiatu politikoen seme-alabak

Oroimena atxiki, geroa zain

Barne bizipenak agerian uztea ez da ohiturazkoa, are gehiago gaia lehen aldiz tratatzen delarik. Gurasoen ihesaldien eta militantzien argi-itzaletan, Ipar Euskal Herrian sortu eta hazitako haurrek gogoz, urduritasunez baita ezezkoz ere, erantzun diote gure gomitari, gorderik zegoen atea neurriz ireki nahian, oraindik kontatu gabe zegoen zerbaiten abiadan.


Segurtamenez baliatzen du aukera Ihintza Aldanak: «Bazen garaia errealitate hauetaz gehiago jakinaraztea. Bigarren planoan egon gara luzaz, presoen eta euren senideen gibelean, nahiz azken urte hauetan aurrerapausoak gertatu». Aita Venezuelan deportatua dauka 1989az geroztik, egoera prekario eta legez kanpokoan bizirauten eta herrira ezin itzuliz, Madrileko Auzitegi Nazionalaren estradizio eskaeren galzorian. Hogeita hamar urte beteko ditu laster Euskal Herritik kanpo. «Barroterik gabeko kartzela handi batean dago eta oztopoak ugariak dira, baita sentimentalak ere: harremanak lotzea oso zaila zaigu, ilobak ez ditu oraindik ikusi, funtsean ez dugu ongi elkar ezagutzen. Paper legalak zituelarik uda bakoitzaz joaten ginen bisitatzera, orain dena konplikatuagoa da. Denbora pasatu da eta horretara moldatu gara, ia naturala egiten zait bera gabe bizitzea, hutsune horrekin». Zornotza aldeko azken errepresaliatua da Miguel Angel, kartzelan eta erbestean elkarrekin egondako kide gehienak kalean dituelarik jada. Alberto anaiarekin Gorozikatik ihes egin zuten biek hirurogeita hamargarren hamarkadan, Donibane Lohizunen eta Ziburun paratzeko. Atxiloketen, epaiketen, egoitza asignazioen kadentzietan koskortu familiak.

«Gurasoen belaunaldia gatazkan osoki hunkia izan da, ez da egun bakarra pasatu euskal auzi politikoa solasaldien erdian egon gabe. Haiengandik edozein baldintzatan beti aurrera segitu behar zela ikasi dugu, printzipioekin zuzen jokatuz, ideiengatik dena emanez, ez makurtuz. Ez gara inoiz haien konpromisoetara iritsiko». Enekok, Ihintzaren lehengusuak eta Alberto Aldanaren semeak, hitz hauekin laburbiltzen ditu orduko ikaskizunak. Ziburun herri hautetsia da gaur egun: «Bizimolde horrek egunerokotasuna guztiz baldintzatu digu, beti egongo gara euren engaiamenduaren itzalpean. Gu oraingo militanteak gara, beste arlo batzuetan». Iraganeko baldintza berezi horiei erreparatuz, elkartasuna du hitz-gako, borroka eta errepresio inguruneek eragindako bizi sozial aberatsa, etxean jende anitzen joan-etorriak eta besoz beso hezia izana, urtean behin Zornotzatik aldanatarrak bisitatzera zetorren autobusa. Errefuxiatuen kolektiboak gaur egungo prozesuaren baitan abiatu desmartxa azpimarratzen dute bi lehengusuek: «Bide bat egin dute eta lagundu behar ditugu, sentitu behar dute herria ondoan dutela».

 

Izuen eta integrazioen bihurguneetan. Elkarrizketatuei, elkartasunaz gain, beste hitz bat datorkie maiz ahora. Izua. «Haur baten begiradaz ikusten nituen gertatzen zirenak, kontrolatzen ez duzun mundu bateko gauza bitxiak, jende nagusia segurtasun neurri zorrotzen hartzen, lagunen guraso erailak, autoan bide txikietatik ibili beharra... Gero kontatu zidaten zer-nolakoak bizi izan zituzten». GALen urte ilunak ditu gogoan Maddi Errasti Jauregik: «Hirutan saiatu ziren aita erailtzen. Biarritzen Robert Caplanne hil eta aitarekin nahastu zutela aitortu zuten auzian gero, itxura bera zeukala». Maddi 1971n jaio zen Baionan; Enrique eta Begoña gurasoak 1969an errefuxiatu ziren mugaz bestaldean, Eskoriatzatik eta Oñatitik jinak. Hondarribian bizi dira denak gaur egun.

«Lasaitasun zerbait hartu nuen aitaren kanporaketarekin, GALen atentatuak bukaturik eta ni helduago. 1987an kanporatu zuten: Frantziara itzultzeko debekua zeukan eta amak ezin sorterrira itzuli. 2004an, hamazazpi urte berantago, itzuli zen Hego Euskal Herrira. Tarte horretan itzulika ibili nintzen, baten eta bestearen etxean». Ur guztiak ez ziren baretu. «1989an, selektibitatea pasatu behar nuen egunean, CRSak amaren etxera sartu ziren Biarritzen eta hura atxilotua zegoen bitartean joan nintzen azterketara». Ezta anekdota bereziak faltatu ere: «Hiru hilabetean behin Biarritzeko polizia-etxera joan behar izaten genuen paperen berritzera, beti zegoen izugarrizko ilara eta lurrean eserita zain geunden bitartean, amak ikastolako lanak zuzentzen zituen». Dena den, bere ustez, oroitzapenen kutxak alde onak ditu atxikitzen eta zehazki nongotarra sentitzen den galdetzen bazaio, Maddik erantzuna ez du hain argi: «Gaur egun ez nuke jakingo, baionarra baina Hegoaldeari lotua, bietarik pixka bat, denak ditut bihotzean». Ipar Euskal Herrian moldatzea ez zitzaion hala ere zaila iruditu. Ikastolen aldeko kanpainak, Hego Euskal Herriko familiarekin atxiki harreman estua ditu gomuta. «Atletismoa egiten nuen eta Aviron Bayonnais taldean aritu nintzen, ez nuen arazorik ukan besteekin egoteko».

Ihintza Arrieta Imatz Lapurdiko hiriburukoa da ere, eta ez soilik sortzez. «Ez dut dudarik izan beti baionarra izan naizela. Baina bai desberdina. Tokiko musika eskolan, esate baterako, irakasleek aitamen lanbidea eskatzen zutelarik edozein gauza asmatzen nuen, aita ofizio guzietakoa izan da». Hark ere ez ditu ahaztuko Baiona Ttipian GALek utzi oinazeak. «Batzuetan elkarrekin poteatu genuen jendea zen hildakoa. Monbar ostatuan, justu haiekin geunden lehenago. Atentatua gertatu eta berehala lagun batzuek amari deitu zioten eta elkarrekin joan ginen lekura. Bera erizaina izanik, beste sarbide bat zeukan, arrazionalagoa, gorpuak bizirik zeuden ala ez egiaztatzea tokatu zitzaion». Kasik beti amarekin bizi izan zen Ihintza, Jose Luis aita gehienetan etxetik kanpo egonik, preso, ezkutuan. «Aldi batean, atxiloketak eta segimenduak ugaritzen hasi ziren eta bi urte pasatu genituen aitaren inongo berririk gabe, ezta eskutitz bakar bat ere. Azkenetan, ardura militanteak utzi eta bere osasunari leku gehiago ematea erabaki zuen, baina berantegi zen. Bihotzeko arazoek galdegiten dituzten kontrol eta operazio egokiak sasian ezin ongi betez, 2001eko uztailean Tolosako [Okzitania] erietxean zendu zen». Beste bataila bat hasi zen orduan, «gure aita zela frogatzea», sindikalista izen faltsu batekin sartu baitzen bertara. Le Vert epaileak ere polizia bidali zuen, ama galdekatzera.

Heriotzarekin harreman aski berezia ukan duela aitortzen du Ihintzak, oraindik ere izu handia diola. «Nik haurrak ukaitean, alaba bereziki, iraganeko beldur guztiak berriz atera zitzaizkidan. Txikitatik edozein tokitan mareatzen nintzen, analisiak egin eta ez zidaten inongo tumorerik aurkitu, dena emozionala zen». Segurtasun falta, biharamunean zer gerta litekeen ez jakitea... «Beldurrak lasaitzeko gertakariei hitzak jartzea nahi nuen, ni zergatik naizen halakoa ulertzen saiatu. Errefuxiatuen haurrek bizi izan dutena oraindik ez da neurtu».

 

Jatorriak eta konpondu gabekoak. Larraitz Otazo Mugaburu Donibane Lohizunen sortu zen 1986an. Aita jatorriz Pasai San Pedrokoa du, 18 urterekin Lapurdira ihesi egindakoa, geroztik arrantzara dedikatua. Iazko martxoan itzuli zen Javier sorterrira, errefuxiatuek burutu itzultze dinamikaren baitan. «Hogeita hamabost urte pasatu zituen pauso hori ezin emanez, Pasaia bizi garen lekutik 30 kilometrora izanki. Pozgarria eta bitxia izan zen itzultze une hura, aurreko asteetan zirrara zerbait nabari zen. Urtero, Gabonetan, erraten genuen ‘datorren urtean bai’, gehiegi sinetsi gabe, eta azkenean ametsa gauzatu zen». Ipar Euskal Herriarekin identifikatzeari dagokionez, «galdera ez da ezta pausatzen ere. Lapurtarra naiz, euskal herritarra, beste hemengo hainbat jende bezala hemen handitua, nahiz Hegoaldean Iparraldekoa nintzela erraten zidaten maiz eta Iparraldean alderantzizkoa. Niretzat muga ez da sekula existitu, bi aldetan ibili izan naiz naturalki».

Aitaren erbestearen lehen garaietan, Larraitzen ama Errenteriatik etortzen zen asteburuetan Ziburura, «baina muga pasatzea arriskutsua zenez, Iparraldera bizitzera etortzea erabaki zuen, lana utzirik. Frantsesa ikasi behar, bizi berri bat egin eta dirua bilatu, meritu handia ukan zuen».

Beste elkarrizketatuek ere azpimarratzen dute emazteak izan direla familien zutarri, karga handiena beraiek dutela eraman. Gaztaroan, tarte batean behintzat, aita presondegira edo deportazio gunera bisitatzeko adore gutxi ukanik, amak bete paper garrantzitsua goraipatzen dute. «Venezuelara hiru anai-arrebak joaten ginen, pentsa, logistika guztia amak zuen prestatzen. Beti lortu izan du aitarekin ukan dugun harremana indartsu iraunarazten, ahal bezain jariakorra izaten», dio Ihintza Aldanak. «Eguberriz Parisera joan behar izaten nuen, aita presondegian bisitatzera», gaineratzen du Ihintza Arrietak. «Lagunen artean poz giroa zegoen data horietan, denak pozik salbu ni. Amak gintuen joatera motibatzen. Dena den, han hasi nintzen aitarekin benetan mintzatzen, baita gero Tolosan asignatua egon zelarik ere. Lau polizia zituen etxean beti, zaintzan. Haiekin bazkaldu eta bertan gelditzen ziren lotan. Halere, aitari erran beharrekoak erran nizkiola iduri zait».

 

Gurasoen zioa aipatzekotan, ezinbestekoa suertatzen da gatazkaz mintzatzea, borroka armatuaz, Euskal Herriaren gorabeherez. «Ez naiz gurasoen zereginaz damutzen eta ez dut besteak baino biktimagoa izan nahi. ETAren ekintza bat zegoen bakoitzean ez naiz inoiz poztu, are gehiago haurrak zauritzen ala hiltzen zirelarik, ez nion etsaiari halakorik desio, guk zer-nolakoa bizi genuen ikusita», dio Ihintza Arrietak.

Bortizkeriaren zikloa amaiturik, alde batean behintzat, «ilusio eta esperantzak epe laburreko gauza» izan zaizkiola baieztatzen du Maddi Errastik. «Eman beharreko urratsa zen, baina sufrimendua ez da bukatu», gaineratzen du, presoengan eta munduan zehar oraindik barreiatuak daudenengan pentsatuz. «Honek guztiak zerbaitetarako balio izan duela eta nire seme-alabek herri gisa bizitzeko aukera ukanen dutela», espero du. Kasu guztietan denborak «enpatia» emendatu diola uste du, «besteen lekuan jartzen jakitea, horrek harreman mota guzietarako balio du». Larraitz Otazoren aburuz, «Bakoitzak esperientzia bere kabuz eraman du eta gutxi konpartitu da. Orain egoera normalizatuagoan gaude, baina ireki den prozesuaren baitan denak etxera ekarri behar ditugu». Ipar Euskal Herriari dagokionez, sektore politiko desberdinek «elkarrekin lan egiten ikasi» dutela iduri zaio Maddiri; «gure garaian banaketa askoz handiagoa» zegoela. Dena mantso, baina tentuz doala aiduru.