7K - zazpika astekaria
Futbol jokalarien kalbarioa

Ronaldo berrien zapuztutako bidaia

Ronaldo izatearekin egiten dute amets, baina sarri bidean zorigaitza baino ez dute topatzen. Dirutza emango dieten kontratuek erakarrita, Afrikako eta Latinoamerikako gero eta futbol jokalari gazte gehiago iristen dira Portugalera, Europara sartzeko atera. Gutxik lortzen dute sona duten taldeetan kontraturik; gehienak mugako poliziak kanporatuak izaten dira eta, beste asko gupidarik ez duten poliziek bazter uzten dituzte.


Valentine Akpey, 20 urteko nigeriarrak, patxadaz hartzen du bere zorte txarra. Nekaezina, gelditu gabe entrenatzen da Domingo Akoh kidearekin, Serra Estrelako elurtutako gailurrak atzean dituztela. Bi urte dira Nogueirense taldean jokatzen duela, Portugalgo iparraldeko hirugarren mailako talde amateurrean. «Lan asko egiten dut goragoko maila batean dagoen talderen batean lekua lortzeko», azaldu du Valentinek. Aurpegiera finekoa, ondo zaindutako rastekin, Nigeriako gazteak irribarretxo bat egin du: «Messik bezala, Bartzelonan jokatzearekin egiten dut amets. Futbolik hoberena Europan egiten dena da. Horregatik etorri nahi dute hona Afrikako gazte guztiek».

18 urte bete gabe zituen Portugalera iritsi zenean. Nigeriako ordezkari batek jokalari gazteekin osatutako talde bateko kide zen. Nigeriako hiriburuan, Abujan, kalean jolasten zen bitartean atzeman zuen. 2014ko udan Valentine Akpey poliziak atxilotu zuen bere bisatua iraungi zelako. Portugalgo agintariek hogei eguneko epea eman zioten bere egoera erregularizatzeko; gainerakoan, Nigeriara itzuli beharko zuen. Nogueirense taldean lortu zuen kontratu xumearekin bolada txarrari aurre egin zion. Orain estadioan bertan kokatutako etxe batean bizi da, Mali, Kolonbia eta Boli Kostatik iritsitako beste zazpi gazterekin batera.

Jokalarien trafikoa. Zenbaitek pobreziatik ihes egiteko paregabeko aukera ikusten duten bitartean, beste batzuentzat, Joaquim Evangelista Portugalgo jokalari profesionalen sindikatuko presidentearentzat kasu, errealitatean «adingabeen trafiko ilegala» egiten da. «Badira euren semeen ametsa betetzeko erabat zorpetzen diren gurasoak eta ordezkariei 3.000 euro, afrikarren kasuan, edota 5.000 euro, brasildarren kasuan, ordaintzen dizkietenak», azaldu du. FIFAko arauek 18 urtez azpiko jokalarien nazioarteko transferentzia debekatzen du, Europar Batasunaren muga barrukoak salbu.

Hala eta guztiz ere, «krisiarekin gero eta klub gehiagok onartzen dute gazteak heztea eta harrobikoak balira bezala hartzea. Jokalariek arrakasta badute eta klub handiagoetara transferituz gero, errentagarria izango da», azaldu du Evangelistak. Baina, ondo ateratzen ez bada, «ordezkariek bazter uzten dituzte gazteak eta kalean amaitzen dute, miserian. Zenbait delinkuentzian edota drogetan jausten dira». Urtero, gutxienez 15.000 jokalari afrikar saiatzen dira arrakasta izaten Europan; hutsegite tasa %70ekoa da, Foot Solidarie elkartearen datuen arabera. Irabazi asmorik gabeko elkarte honek Paris eta Lausana ditu egoitza eta futbol jokalari gazteen babeserako borrokan nazioarteko erreferentzia da. Bestalde, mugetako polizia portugaldarraren arabera, egun 1.000 eta 1.500 futbol jokalari gazte daude herrialdean egoera ilegalean.

39 lagun bere kargu. Ansumane Fati Ginea Bissauko 24 urteko jokalaria da. Zortea izan duen gutxietarikoa da... baina kosta egin zaio. 18 urterekin hartu zuen bere baitan Lisboako Sportingeko eskolak, baina bere ordezkariaren erruz paperik gabe geratu zen eta malkartsua izan den bidea hasi zuen: estatuko iparraldeko talde txiki batera joan zen, estadioko eserlekuen azpian kokatutako gelatxo batean egiten zuen lo; ondoren, bitan aldatu zen taldez; eta azkenik, profesional gisara lekua hartu zuen bigarren mailako Freamunde taldean. «Futbola pasioa da niretzat, baina baita Ginea Bissaun dudan familia mantentzeko modu bat ere», azaldu du Ansumanek, begi biziko mutil meheak. «Nire aita hil zenetik, 39 pertsona ditut nire kargu, eta guztiei eman behar diet jaten», zehaztu du. Larruzko jaka marroia soinean, zapia lepoan bilduta, jokalari honek 1.500 euro irabazten ditu hilabetean, Portugalgo bere hastapenetan kobratzen zuena baino hamar aldiz gehiago.

«Atzerriko jokalariak oso merkeak dira klubentzat; jatekoa eta lotarako tokia ematen dizkietenez, ordaintzen dieten soldata oso baxua da», nabarmendu du Joao Manteigas kirol zuzenbidean espezializatutako abokatuak. Zigortuko dituzten beldur, jokalari horietako gutxi ausartzen dira hitz egitera eta, are gutxiago, euren kasua publikoki edota agintarien aurrean salatzera. Alex Rambo brasildarrak ez zuen isilik geratu nahi izan: «Beldurra ematen zidan, baina nire kasua publikoki salatu nuen laguntza jaso ahal izateko». Ordezkari batek FC Porto taldean kontratu bat eskaini zion, baina behin Portugalera iritsitakoan, ezerezean geratu zen promesa. Jokalariak 18 urte baino ez zituen eta bakarrik eta dirurik gabe geratu zen. Bi hilabete eman zituen Portugalen, berriz ere Brasilera itzuli aurretik. Egun Osvaldo Cruz taldeko aurrelari izarra izanagatik, ez du berriz ere Europarako bidea egiteko ideia baztertzen, «baina soilik kontratu bat poltsikoan hartuta bada».