7K - zazpika astekaria
virginia woolf

«etxeko aingerua» uxatzen

Virginia Woolfek aristokrazia ingeles matxistak ezarritako kristalezko sabaia gainditzea lortu zuen eta bere ibilbidean eleberriak, poemak, saiakerak eta egunerokoak idatzi zituen. Bigarren Mundu Gerraren iluntasunean murgilduta, aurten bete dira 75 urte bere buruaz beste egin zuela.


Europan heriotza eta beldurra zen nagusi, 1941. urtea zen. Bigarren Mundu Gerra 1939an lehertu zen, faxismoa zabaltzen ari zen, ehunka mila pertsonak ihes egin nahian itsasontziak eta trenak goraino betetzen zituzten eta beste hainbatek enbaxadetako ateak jotzen zituzten babes eske. Europan XX. mendean izan den genozidiorik handiena hasia zegoen. Hilabete batzuk lehenagotik Britainia Handia eta batez ere Londres etengabe zigortzen zuten blitzek, Luftwaffe Alemaniako aire armadaren erasoek. Erabat hondatua zegoen hiriko hainbat eremu suak hartuak zituen. Egoera horren erdian, 1941eko martxoaren 28an, Virginia Woolf idazleak Ouse ibaira bota zuen bere burua eta korronteak eraman zezan lortu zuen. Rodwellen izan zen, bertan Leonard Woolf senarrak etxe bat zuen udak pasatzeko; gerran, bonben aurkako babesleku bilakatu zen. Udaberria iritsia zen, baina ibaiaren ura izoztuta zegoen. Egun batzuk lehenago ere saiatu zen, baina korronteak erreka bazterrera gerturatu zuen. Berokiaren poltsikoak harriz bete zituen bigarrenean. Faxismoaren, indarkeriaren, barregarri bezain handiustea zen patriarkatuaren arauen harriak izan ziren hondora eraman zutenak?

Handik hilabete pasatxora topatu zuten bere gorpua. Baina bere ideien grabitazio-uhinek guganaino iristen jarraitzen dute. Galaxiekin ez bezala, bere heriotzatik zenbat eta urrunago egon, orduan eta argiago harrapatzen gaituzte. Are probokagarriago.

«Etxeko aingerua». 1882an jaioa, Virginia garaiko elite intelektualari lotutako etxe pribilegiatu batean hazi zen, liburutegi handia zuena. Familia ugaria zuen, guraso bien aldetik hainbat anai-arrebaorde zituen eta. Heziketa aberatsa jaso zuen, garaiko dirudun gehienek bezala, eskolara joan gabe. Bere ama bat-batean hil zen Virginiak 13 urte zituela eta kolpe gogorra izan zen berarentzat. 1905ean aita hil zenean, lehenengo depresio gogorra jasan zuen. Bere izaera gehien baldintzatu zuena garai viktoriarrean «emakume izatea» izan zen; izan ere, burges bati iragartzen zitzaion patua «etxeko aingerua» izatea zen. Iraultza industriala deiturikoagatik, langile eta neska xumeak atsedenik gabe lan egitera kondenatuak zeuden bitartean, emakume dirudunek etxea eta familiako harmonia gordetzeko eta atetik barrurako ordenaren jabe izateko «ohore» arraroa zuten. Virginiak ez zuen familia eta bikotea pozik uzteko kortse hori jantzi nahi izan eta laster ohartuko zen garbiketako zerrenda ez beste ezer idazteko nork bere irizpidea behar duela. Askatasun pertsonala. Orduan hasten da ahotsak entzuten, xuxurlak, apeuak... Mamu baten aholkuak. Berak horrela deskribatu zuen:

…mamua emakumezkoa zen. Idazten hasi nintzenean, lehen hitzekin topatu nuen. Bere hegalen itzala nire orriaren gainean erori zen; gelan bere gonaren xuxurla entzun nuen. Gizon ezagun haren nobelari buruz idazteko luma oraindik ere ondo hartu gabe nuela, berak nire bizkarretik irrist egin zuen eta baxu esan zidan: «Maitea, emakume gaztea zara. Gizon batek idatzitako liburu baten gainean ari zara idazten. Izan ulerkorra, izan gozoa, lausengatu, engainatu, gure sexuaren arte eta azkartasun guztiak baliatu. Inoiz ez utzi inork pentsamendu propioa duzula pentsa dezan. Guztiaren gainetik, izan garbia». Eta nire luma gidatzeko ahalegina egin zuen...

Bere ibilbide literarioaren lehen zatian «etxeko aingeru» deitu zuen mamu horri aurre egin behar izan zion, eta ez zen eginkizun erraza izan. Halere, ondorioztatu zuen emakume idazlearen lehen lana aingeru hori akabatzea zela; eta libre izan.

Bien bitartean, familia Londresko Bloomsbury auzoko etxe batera joana zen bizitzera; laster bilakatu zen intelektual ugariren bilera lekua, anaia zaharrenaren unibertsitate lagunak ziren asko. Taldeak Bloomsbury izena hartu zuen, hain zuzen, eta halaxe ezagutu zuen Virginiak Leonard Woolf historialari eta saiakera idazlea. 1912an ezkondu ziren, mugimendu sufragistak eztanda egin zuen garaian. Urtebete beranduago, 1913an, Emily Davison sufragista protesta ekitaldi batean hil zen, lasterketa batean zalditeria errealaren hanketara bere burua botata.

1917an, Woolf bikoteak The Hogarth Press argitaletxea sortu zuen, eta horrek letren mundura iristea erraztu zion Virginiari. Editora gisara, eta bere garaiko idazleen lanak baztertzeko egiten zituen kritika zorrotzak ikusita, lortu zuen bere aingerua isilaraztea, erditik kentzea, edota akabatzea, hala adierazi zuen Virginiak, hil ostean bere senarrak argitara eman zuen “Emakumeen lanbideak” lanean. The Hogarth Pressek Sigmund Freuden edota Robert Gravesen lanak editatzeko aukera eman zion, baita Gertrude Stein eta Katherine Mansfield idazleenak ere edota Maximo Gorki, Anton Txekhov edota Leon Tolstoirenak. Beste hainbat autore nabarmenen testuak baztertu zituen, ordea, Jean-Paul Sartre, W.H. Auden edota Jame Joyceren “Ulises”. «Homero izan bagenuen... ez dugu beste bat behar», esan zuen antza, Susana Sisman idazleak Woolfen fikziozko biografian jaso zuenez. Egia edo gezurra izan, Joyce irakurtzeak asko aspertzen zuen, bere egunerokoetan agertzen den moduan.

Bidaiaren amaiera. 1915ean, Lehen Mundu Gerra hasi eta urtebetera, Virginiak “The Voyage Out” lana argitaratu zuen, bere lehen nobela. Bere biografo Irene Chikiar Bauerrek azaldu zuenez, bere etorkizuna iragartzen zuen lana izan zen hura. Hego Amerikan egindako iniziazio-bidaia kontatzen du. Virginiak ez zekien kontinente horren hegoaldean bere literaturarentzat oso berezia izango zen harremana sortuko zela. Victoria Ocampo editore argentinarrak, bere lagun eta «Argentinako panpako» jarraitzaileak, Woolfen lanen zabalpena lortu zuen gerora, Jorge Luis Borgesek egindako itzulpenekin.

“The Voyage Out” lanean sortzen dira etorkizuneko liburuetako pertsonaiak, Dalloway andrea esaterako, 1925ean argitaratuko duen liburuari izena ematen diona. Eleberri honetan jarriko du Virginiak bere zigilua. «Argumentua eta pertsonaiak tratatzeko ohiko moduak ez baliatzen saiatu zen, eta ezarritako arauetatik irtetea dakar horrek», dio Chikiar Bauerrek. «Esan daiteke ‘The Voyage Out’ liburuan Virginia Woolfek gaztetan zituen ardurak islatzen dituela eta erdigunean jartzen ditu emakume eta gizonen harremanetan sortzen diren zailtasunak, ezjakintasun sexuala, bere klaseko neskek gizartean betetzen zuten tokia edota amaren heriotza goiztiarraren eraginak». Lan horretan dagoeneko aipatzen du protagonistak norberaren gela izatearen garrantzia, «musika jotzeko, irakurtzeko, meditatzeko, munduari aurre egiteko... bere indargune eta santutegi bilakatuko duen gela».

«Utzidazu kontatzen». Idazlearen lehen lana «etxeko aingerua» uxatzea bada, idazteko lortutako askatasuna baliatzeko ezinbesteko baldintza da gela propio bat izatea. Hori, eta 500 libra urtean: «Nire izeba, Mary Beton, zalditik erorita hil zen Bombayn zegoela haizea hartzera irtendakoan. Gauez iritsi zitzaidan nire herentziaren albistea, emakumeei boto eskubidea aitortzen zien legea iritsi zen garai berean. Notarioaren gutuna nire postontzira iritsi zen eta irekitakoan jakin nuen izebak urtean 500 librako hilarteko paga utzi zidala. Bi gauzetatik –dirua eta boto eskubidea–, onartu behar dut dirua askoz ere garrantzitsuagoa iruditu zitzaidala». Hala adierazi zuen, hain zuzen ere, Woolfek, 1929an argitaratu zuen “Gela bat norberarena” lanean. Gela bat aldarrikatu zuen, non garrantzitsua den «askatasuna eta bakea egotea. Ez du gurpil batek zaratarik atera behar, ez du argiak distirarik egin behar. Gortinak itxiak egon behar dira».

Emakumeak eta eleberrigintza gaitzat hartuta hitzaldi bat emateko jaso zuen enkarguaren ondotik, 80 orritik gorako lana osatu zuen; bertan, Virginia, umore handiarekin, idazketaren bereizketaz mintzatzen da: «Penagarria litzateke emakumeek gizonek bezala idaztea, edo gizonek bezala bizitzea edo fisikoki gizonen antza izatea; izan ere, bi sexu jada gutxiegi dira munduan dagoen aniztasuna kontuan hartuta».

Urtebete lehenago, Virginiak “Orlando” lana argitaratu zuen, Britainia Handiko historian barrena emakume batek lau mendetan egiten duen bidaia gaitzat hartuta. Bidaiaren une batean pertsonaia gizon bihurtzen da. Vita Sackville-West bere lagunari eskainia, fikziozko bere biografia da, identitate sexualen, sormenaren, ametsen eta bizitzaren azterketa bat. Eta lagunen, gertukoen eta Virginiaren beraren bertsio satirikoa jasotzen du. “Mila eta bat gauen gaua” lanean Budur printzesari gertatzen zaion moduan, Orlandoren sexu aldaketak ez du bere identitatea aldatuko, baina bai bere etorkizuna: «Ez dut gizon bat gorrotatu behar; ez nau zauritzen. Ez dut gizon bat lausengatu behar, ez du ezer niri emateko», izan zen Woolfen mezua.

Bederatzi nobela, hainbat antzerki obra, kontakizun bildumak, saiakerak, kritikak... idazlearen sorkuntza barrunbeetan gertatzen diren abenturak bizitzeko gonbita da, protagonisten sentimenduen eta intimitatearen azterketa. Bere idazketa ondarea da, bueltarik ez duen tatuajea. Hala eta guztiz ere, Virginia Woolfen literatura bere heriotzaren osteko hiru hamarkadetan ezkutatuta egon zen. 70eko hamarkadan feministek berriz ere goratu zuten “Gela bat norberarena” lana bandera pertsonal eta besterenezin bilakatuta.

1938an, Europa jada infernura bidean zela, “Three Guineas” alegatu pazifista argitaratu zuen, gerraren kontrako saiakera. Ginea libra baino txanpon «ohoragarriagoa» zela uste zen. Merkatariari, arotzari ordaintzeko libera erabiltzen zen, eta zaldunekin, ordea, ginea. Zaldunen kode horretatik abiatuta, Virginiak gerra eragozteko aholku eske idatzi zioten gutun bati erantzuten dio:

...zuek zuen posizioari esker jasotzen dituzuen bitartekoak –koalizioak, sinposioak, kanpainak, izen handiak eta zuen aberastasunak eta eragin politikoak eskura jartzen dizkizueten neurri politikoak– baliatzen dituzue, guk, arrotzak izaten jarraituko dugu eta esperimentuak egingo ditugu...

Etsipenaren kontrako borroka horretatik sortuko dira bere azken eleberriak: “The Waves” 1937an; eta “Between the Acts”, 1941ean, hil ostean argitaratuko dena. Kanoiek, hegazkinek, desfileek eta indarkeriaren parafernaliak, heriotzak eta genozidioak hitza hartu zuten kontinentean eta munduan, eta Virginiaren ahotsa itzali zuten. Hondoratu egin zuten amaierarik ez duen amesgaiztoan.

Woolfen heriotzaren 75. urteurrenean, berpiztu egin ote da «etxeko aingerua»? Jarraituko du garaiko idazleen idazkera moldatzeko ordenagailuko teklatuaren gainean hegan? Aingeru bera izango da zer idatzi, zer ezkutatu, zer isildu esaten duena? Zenbat hamarkada igaro beharko dute emakumezko idazleek ez dezaten idatzi haurra altzoan dutela? Zenbat mende mundu osoan gudak amaitu daitezen?

Bien bitartean, Doris Lessingekin amaigabeko bridge partida bat jokatzen ari dela, Virginia Woolfek galdera bera jarriko du mahaiaren gainean: Munduarentzat balio gutxiago al du garbiketan aritzen den eta zortzi haur hazi dituen emakume batek, ehun mila libera batu dituen abokatu batek baino?