MAY. 29 2016 IRITZIA Zirrikituetatik amagoia mujika Egun on», nik. «Buenos dias», berak. Urteak daramatzagu berdin. Badakit aspaldi hartu zuela euskaraz hitzik ez egiteko erabakia. Propio, intentzio osoarekin. Euskaraz egiten duen hitz bakoitza euskaldun izateko bidean ematen duen pauso bat dela ulertuta edo. «Egun on» esatearekin batera mingaina betirako berde kolorekoa jarriko zaiola sinestuta edo. Euskaraz hitz egiten badu bere ideia politiko bakoitza kolorez aldatuko zaion beldurrez edo. Berak ez du euskaraz egiten, ezta hitz bat bera ere, badaezpada, tentazioari eutsiz bezala. Niri, bitartean, sekulako poza ematen dit Xabier Amuriza euskara hutsean entzutea ETB-2n, azpitituluekin –eta badakit horren meritua Xabierrena dela, ez telebistarena–. Poza ematen dit, era berean, ETB-2n bertan reality ezagunetan euskaldunak diren parte hartzaileak beren artean euskaraz hitz egiteko tentazioari ezin eutsi sumatzen ditudanean. Hain da arraroa eta deserosoa biek euskaraz jakin eta erdaraz egin beharra, ezta? Gehiago, akaso, minak, ezinak eta pozak muturrera eramaten diren reality horietan. Horrelakoetan hitzak erraietatik ekartzen dira, eta hor barruan euskara badago, euskara dator mingainetik kanpora. Nik, bitartean, normaltasunez mozorrotutako pozez ziurtatzen dut gurasoak urrutitik etorritako haurrak euskaraz kontatzen didala zenbat urte dituen. Beretzat euskara bere hizkuntzetako bat da eta ez dauka inolako karga politikorik. Beretzat euskarak ez dakar sokaz lotuta pentsaera edo ikuskera politikorik. Euskara euskara da eta kito. Lagunekin euskaraz aritzen da jolasean, ikastolan euskara darabil eta ogia euskaraz eskatzen du okindegian. Euskararen normalkuntzarako bideak luzea eta malkartsua izaten segitzen du. Baina panoramak panorama, batzuetan iruditzen zait euskara, parean hormatzarrak izan arren, zirrikituetatik sartzen ari dela, landare igokari bat balitz bezala. Behinola ikasi genuen hizkuntzak ez direla berez jaio, bizi eta hiltzen. Inguratzen dituen ekosistemak huts egiten dielako desagertzen dira hizkuntzak. Eta ekosistema gu gara, hiztunen komunitatea alegia. Munduan 6.500 hizkuntza inguru hitz egiten dira, baina erdia baino gehiago galtzeko bidean daude. Hiztunen esku dago, beraz, hizkuntza horien etorkizuna. Eta euskararena, euskaldunon esku. Ari gara ari, eta akaso ez hain gaizki. Handiaren parean altxatzen segitu beharko dugu, txikiak burua tente jarri behar baitu ikusia izateko, eta altuxeago hitz egin entzuna izateko. Nik, badaezpada, «egun on» esaten segituko dut, seguru dakidalako egun batean despistatu eta «egun on» erantzungo didala, eta ez «buenos dias». Euskararen normalkuntzarako bideak luzea eta malkartsua izaten segitzen du. Baina panoramak panorama, batzuetan iruditzen zait euskara, parean hormatzarrak izan arren, zirrikituetatik sartzen ari dela, landare igokari bat balitz bezala