JUL. 24 2016 IRITZIA Barkazioak amagoia mujika Barkazioak. Fabrikan lana barkatzen zioten egunak omen. Eta, hala ere, betiko ordu berdintsuan esnatzen zen, mendira igotzeko. Mendian belzten zitzaion bizkarra, baina nahiago izaten zuen hankak eguzkiari ezkutatzea. Behi pinttoaren antzeko traza hartzen zuen, zuri-beltzean. Menditik irribarre patxadatsua jantzita eta bizkarra erreta jaisten zen. Itzaletan eseri eta edari freskoa hartu. Zeozer jan eta egon. Pozik, lasai, barkaziotan. Mendian bere buruarekin bakarrik ematen zituen ordu bero horiek ziren barkazioak. Halako batean konbentzitu omen zuten etxekoek, eta oporretara eraman, etxetik urrunxeago. Eta han ere bero, baina ez mendirik ez mendiko lanik. Hondartza, igerilekua, jendearen emana... Kontatzen da hondartza ondoko lan batzuei begira geratu zela, «se necesita peón» jartzen zuen kartel bati begira, eta lanean eman zituela hamabost egun bertan, etxekoak hondartzan eta igerilekuan utzita. Eta denak pozik, bai bera eta bai etxekoak. Hari hondartzan eta igerilekuan sortzen zitzaion egonezinak denak ernegatzen baitzituen. Ez zituen oporrak maite, askoz nahiago zituen barkazioak. Pertsona mota eta egoera adina opor klase daude. Bakoitzak bere oporrak ditu. Baita oporrik ez duenak ere. Oporrik ez izatea opor klase bat bihurtuta baitago azkenaldian. Badira munduko txoko urrunetara joatea maite dutenak; usainak, koloreak, soinuek dimentsio desberdina hartzeko adina kilometro ibiltzeko beharra sentitzen dutenak. Badira oporrak oinutsik egiteko direla esaten dutenak; bustita eta oinutsik, ahalik arropa gutxienarekin, ispilura begiratu ere egin gabe. Ispilurik onena parean duzunaren irribarrea dela sinetsita. Badira etxetik gertuko txokoetan ezkutatzea maite dutenak, presarik eta eginbeharrik gabe txoko ezagunenak ere desberdin gozatzen direlako. Badira urtero toki desberdina behar dutenak, urtero opor desberdinak ziurtatzeko. Eta badira urtero toki berdinean opor desberdinak bizi dituztenak ere. Badira denak oporretan daudenean maite dituztenak oporrak. Eta badira denak lanean daudenean alde egitea nahiago dutenak. Nik badut une klabe bat. Uretan etzanda jarri, ahoz gora, zerura begira. Hankak zabaldu, begiak itxi eta nire arnasan sartu. Berdin zait nongo zerua den parean dudana, etxe ondokoa edo urrunagokoa. Nire arnasan sartzen naizenean sentitzen dudan bakea ez da inongoa. Eta orduan nire burua entzuten dut eta suabe-suabe esaten dit maizago eta patxada handiagoarekin entzun beharko nukeela nire arnasa. Une hori da niretzako oporra edo barkazioa. Eta aurten, oraindik lana barkatu ez didaten arren, maiz-maiz egin behar dudala promes egin diot neure buruari. Iskanbila itzali eta arnasa entzun. Kontatzen da hondartza ondoko lan batzuei begira geratu zela, «se necesita peón» jartzen zuen kartel bati begira, eta lanean eman zituela hamabost egun bertan, etxekoak hondartzan eta igerilekuan utzita.