OCT. 09 2016 IRITZIA Lurraren «geulogia» Alaia Martin Kerobiaren kantu bati esker berreskuratu nuen, orain lau bat urte, «pangea» kontzeptua. Plastilinarekin kolore guztiak konbinatuz zer edo zer duina egiten saiatzen zarenean sortzen den bola marroi horietariko bat da, nire garunean, pangea. Eskuekin goldatutako buztin piloa izango zen, pangea garaian, lurra. «Pan», grekoz, «guztia» omen, eta «gea», «lurra». Lur guztia, lur osoa. Geure lurra esaten dugunean pentsatzen dut oso pluralean esaten dugula geure. Norbaitek berea dela esaten duen arte, denona baita lurra. Lur bera lur ezberdina da lurra ereiteko darabilen nekazariarentzat, saltzeko darabilen espekulatzailearentzat, euskara eskuadraz eta kartaboiz deklinatzen duenarentzat, edo lur horretako inurriak begiratu eta jaten dituen haur kuriosoarentzat. Ez dut ezer berririk esan, ados. Baina uste dut lur hitzak beste hitz arreba-anaia gehiago behar dituela zertaz ari garen ulertzekotan; inuitek zuria izendatzeko 30 izen baldin badituzte, guk gutxienez 31 behar genituzke, eskutik. Hauteskundeetan ere lurraz eztabaidatzen da. Geure lurraz. Noren geure den denon geure hurrengo lau urteetan. Plural guztiak ez dira neurri berean pluralak, eta neurri berean lurtarrak. Kontua da plaka tektonikoek inertziak dauzkatela, beldurrik gabeko lurrikarak, eta mugimendua egon badagoela. Ikusten ez dena, batzuetan, baina sentitzen dena. Herri honen plaka tektonikoak elkarren kontra, elkarren hormak kraskatzen ari dira, elkarri bultzaka, elkarri indarka. Eta batzuetan zaila da asmatzen konplizitatez edo amorruz egiten den indar, egiten den bultza. Tabernan nahi gabe bezala baina nahita laztantzen den besoa bezalako zerbait ote den, edo autopistan aurrekoaren matrikulatik 2 milimetrora hurbiltzen garenean bezalako zerbait. Zaila da asmatzen boterearen erotika edo erotutako boterea den indar horren eroale. Baina indarra hor dago. Lurrean. Azpian. Argi-indarra ez da aho-zabalka hasten, lanparak ez dira sabaitik izar uso gisa jausten, ur basoak ez dira lur baso bihurtzen eta Sarrionandiaren liburuak ez dira apaletatik alfonbrara erortzen.... baina bada zerbait. Niri batzuetan kafe tantak erortzen zaizkit egunkari gainera eta batzu-batzuetan lurrak kilimak egiten dizkit oin azpietan. Ez dakit noren eskalan neur edo «geur» litezkeen mugimenduok, baina epizentroa hemen dagoela esan dute hauteskunde emaitzek. Badaki Epik, badaki Blasek. «Geure» zer den aztertu behar dugu. Eta «geure»-ri posesiboaren zentzurik askeena eman. Era guztietako harreman edo indar harremanetan, geure bizitzako lurralde guztietan, geure mugimenduak onartu, eta onarrarazi. Jabetza pribatuak «gabetza» publikora eramango ez bagaitu. Tabernan nahigabe bezala baina nahita laztantzen den besoa bezalako zerbait ote den, edo autopistan aurrekoaren matrikulatik 2 milimetrora hurbiltzen garenean bezalako zerbait. Zaila da asmatzen boterearen erotika edo erotutako boterea den indar horren eroale.