7K - zazpika astekaria
IRITZIA

«Egin ditugunak»


Liburu garratza da Benedettiren “Pedro eta Kapitaina”. Torturatua eta torturatzailea dira, hurrenez hurren, bi pertsonaiak, eta beren arteko «elkarrizketa» dakar orrialdez orrialde. «... Dakidana eta ez dakidana aitorrarazteko zure afanean, ez zara ohartzen zeure izaera biluzten ari zarela», edo «... zaren bezalakoa agertzen ari zarela», esaten dio une batean torturatuak torturatzaileari. Hitzen itzulpena izan daiteke traketsa, eta sortzen dizkit zalantzak, baina irudia itzulpen beharrik gabe ezagutzen du hemen herritar askok.

Hemen asko dira sutsuki defendatzen dutenak poliziek –edozein trajetakoek– ez dutela torturatu eta ez dutela torturatzen. Tortura salatu dutenei gezurretan aritzea leporatu diete hemen torturatzaileek, tertulianoek, politikariek... eta zenbaitetan torturatua auzitara eraman dute torturatzaileak salatzeagatik. Hemen epaitegitik pasatu diren torturatzaile bakanak indultatu egin dituzte eta dominaz hornitu.

Euskal Erkidegoko azken hauteskundeen ondoren, «egin ditugunak eginda...» zioen Felipe Gonzalezek, euren emaitza kaskarrengatik ernegatuta. Bada garaia hemen «egin ditugunak» erreibindika ditzaten behingoz. Ematen baitu tortura, besteak beste, ente edo izaki abstrakturen batek eragindako egitate moduan azaldu nahi dela. Eta ez da horrela. Torturatu torturatzaileak egiten du, ez ente abstraktu batek; pertsonak dira komisaldegietan eta kuarteletan torturatzen dutenak eta pertsonak dira tortura eta torturatzaileak babestu dituztenak.

Torturatzaile horiek euren zinezko izaera, benetan zelakoak diren, komisaldegietako «galdeketetan» erakutsi dute; zulo horietatik igaro diren askok ikusi du zelakoak diren. Torturatzaile horiek denon aurrean erreibindikatu eta azaldu behar ligukete, behingoz, «egin ditugunak». Hitz egin dezatela torturatzaileek; atera daitezela euren zuloetatik eta aurpegi eman dezatela, xehetasunez erakuts ditzatela kamerek haien benetako izaera eta haien egitateak, eta torturatzaileen arduradun eta defendatzaileek babesa eman diezaietela nahi badute euren munstroei eta «egin ditugunei». Baina erreibindika dezatela behingoz.

Zuk ere, Etxeberria, ondo dakizu Kapitaina zelakoa den eta badakizu torturatzailea ez dela ente abstraktua, ezta?