NOV. 20 2016 IRITZIA Ordenamenduak JOKIN URAIN TAO (trafiko eta aparkamenduaren ordenamendua) hori zer demontre den, zer arrazoirengatik den ere, ez nuen berehalakoan ulertu. Noranahi joanda autoa uztearren ordaindu behar hori, alegia. Badira, gainera, hainbat aparkamendu mota: publikoak, pribatuak, bertakoentzat, kanpokoentzat, denbora laburrekoak, luzekoak… Aukera. Ulertzen dut TAO hori izan daitekeela autoa aparkatzea bi aldiz pentsarazteko neurria, gehienok sakelatik zelan gabiltzan kontuan hartuta, eta, bide batez, garraio publikoa erabil dezagun gehiago; edo izan daitekeela denon artean ekarpena egin dezagun herri bakoitzeko udalaren eta enpresaren baten sakelara. Zentzuzko arrazoiak izan litezke… Itxura denez, agintari politikoak noizbait ere ohartu ziren kapritxoso samar bihurtuta gaudela herritarrak, autoa erabiltzen dugunak batik bat, eta lantegiko ate aurrean aparkatu nahi izaten dugula, hirian ere kale kantoian utziko genukeela autoa eroso poteatzeko edo erosketak egiteko, edo jatetxe atarian, zuzenean mahaira joateko. Baina uste nuen, eta oker uste nuen itxura denez, badirela lekuak jendea joaten dena poteoaren, jatetxeko mahaiaren edo paseo ederraren aurreikuspen gozorik gabe. Pentsatzen nuen lantokira, esate baterako, ez direla denak joaten hartarako afizioagatik, alferrez betea dagoelako mundua; eta ospitaleetara baino sagardotegira nahiago izaten duela hamaika inkontzientek... horiek ere populazioaren zati handia osatzen dutelako. Baina oker nengoen, esan dudanez. Donostiako ospitaleen aurrean eta ondoan bertan ez dago –beharrik ez dutelako ikusten agintari politikoek, militarrek, eklesiastikoek, edo ez dakit zeinek– autoa aparkatzeko leku handirik. Baina –lehen esan dut– kapritxoso jarrita dago jendea, eta ospitale aurrean bertan ibili behar autoarekin jira eta buelta. Eta itzulia apur bat luzatze aldera, euriarekin ederra ere badelako auto barnean ibiltzea, joan zaitezke bide ertzean leku bat aurkitu nahian Belodromoraino, gero gora-gora-gora Miramoneraino, berriz buelta pare bat ospitale aurrean ea norbaitek alde egin ote duen... eta segi. Goizean goiz joanda, eguerdi partera arte denbora pasatzeko modu polita da. Eta azkenean utz dezakezu autoa alboraxeago dagoen parkingean, zer demontre gero, eta ospitalera sartu behingoz, zain zeneukan senideari agur egitera. Horrela gustua ematen du. Ez nau harritzen, Jon, zuen herriko ospitaleez eta egunero inguruan autoan paseatzera doazen herritarrez harro egotea herrialdeko agintariak. Itxura denez, agintari politikoak noizbait ere ohartu ziren kapritxoso samar bihurtuta gaudela herritarrak, autoa erabiltzen dugunak batik bat.