7K - zazpika astekaria

Kultur kontsumoaren bidegurutzeetan


Badoa 2019a, beste hainbat urte joan diren bezalatsu. Ez da nobedadea, ez da berrikuntza. Zerbaitek esaten badu ere datorrena desberdina izango dela. Bereizkeria horren bilaketa etengabeak eramaten du norbanakoa pentsatzera etorriko den horrek zer berri ekarriko duen, konstatazio hutsez baieztatuz bada ere urte berri bat zeharkatzea aro berri bati atea zabaltzea dela. Baina ez gaitezen horrenbeste engaina, azken urteek tendentzia markatu baitute gurean. Eta, bakarra baino, tendentzia bikoitza izan dela esatera ausartuko naiz. Batzuetan goranzko joerakoa, besteetan beherakada kezkagarri baten eredu.

Durangoko Azokan egindako neurketek eta aldiaren amaierako datuek X bat marraztu dute euskarazko kulturaren kontsumoaren panoraman. X bat diot, goranzko eta beheranzko bi tendentziok nonbait topo egin dutelako. Bidegurutze bat, erdibide bat, non euskal kulturaren zale, ekoizle zein jarraitzaileek bat egin duten. Batzuek ez dute beheregi jaitsi nahi, besteek badakite goranzko bidea ere ez dela hainbesterainokoa.

Halaxe esan zuten Azokako arduradunek Siadecok kontsumoari buruz egindako ikerketaren datuak plazaratu zituztenean. Batez beste, Durangora bertaratzen den pertsona bakoitzak 49 euroko gastua egiten du eta gehientsuenek Gabonetarako opariak erosteko aprobetxatzen dute okasioa. Nolanahi ere, bisitarien gehiengoak ez du urte osoan liburu bakar bat erosi eta, haien %95 euskalduna bada ere, gehienek gaztelaniaz irakurtzeko ohitura dute.

Azokaren azken egunean eman zituzten zifrok ezagutzera Gerediaga elkarteko eta Siadecoko ordezkariek. Ordu gutxiren buruan, Azokak aurtengo balorazioa egin zuen. Beste urte batez, aurtengoa ere jendetsuena. 120.000 lagun zenbatu dituzte, iaz baino 5.000 gehiago.

Editoreak ere pozik. Lehengo urtean baino gehiago saldu omen dute guztiek –edo ia denek–. Siadecoren arabera, argitaletxeen urteko salmenten %22 fakturatzen da egun horietan.

Baina, itzul gaitezen euskarazko kultur kontsumoaren Xra berriro. Azoka jendetsua izan da baina bertaratzen den gehiengoak ez du euskaraz irakurtzen, nahiz euskalduna izan. Talka. Azokara bertaratzen direnen batez besteko gastua 49 eurokoa da, baina gero urte osoan zehar ez dute liburu bakar bat erosten. Talka. Argi dagoena da, Durangoratzen denak, liburu eta diskoetatik harago, bertan egiten duela gastua, bertako taberna eta komertzioetan. Eragin ekonomiko orokorreko datuek argi erakusten dute: 5,8 milioiko izena hartzen du Azokak Durango osoan. Eta X horrek itxura aldatzen du bat-batean: $ formako lerro kurbatsua, topo egin beharreko bidegurutzerik gabea. Osasuna eta kultura denontzat 2020 honen atarian. Eutsi.