JAN. 05 2025 KIROLA Urte hasierako asmoak (Getty) Markel Urrate Antia - Salto Training Egutegiaren orria pasatzeaz batera, urte berriko asmoak eta eginkizunak zehazteko unea iritsi da. Urte hasiera honetan, gutako askorentzat, nork bere buruari zenbait promesa egiteko unea izan ohi da: «elikadura zainduko dut», «gauero irakurtzen hasiko naiz», «mendi lasterketa hura egingo dut»… eta horien guztien artean, nola ez, «kirola egiten hasiko naiz!». Mugimendu oro ongietorria da, eta garai honetan ohikoak izaten dira gimnasioetako zein taldekako saioen (spinning, pilates, GAP, crossfit…) izen emateen gorakadak. Jarduera hori hasierako interes eta motibazio berarekin mantentzean dago arazoa, interes galera honek jarduera uztea ekar baitezake. Hau da, berria denari gogotsu eta motibaturik heltzen diogu, baina denborak aurrera egin ahala motibazio maila hori mantentzea ez da erraza, egungo gizartean ekintzen monotoniak aspertu egiten baikaitu, etengabeko aldaketen beharrean. Baina nola lortu jarduerarekiko atxikimendua? Nahiz eta erantzunak aldaera asko izan eta pertsonaren arabera erabat ezberdina izan, SALTOren baloreei jarraiki 3 kontu nabarmenduko nituzke: HURBILTASUNA Entrenamendu oro balorazio bat da. Bezeroa aztertu, ahuleziak ezagutu eta eguneroko kezken edo sentsazioen berri jakiteak izan beharko luke entrenamendu ororen lehen pausoa. INTERESA Elkarrenganako interesa. Entrenatzaileak izan behar du bere lanarekiko zaletasuna erakusten lehena eta gainerakoei transmititzearen erantzulea. Arlo psikologikoan interesaturik jarraitzea izango da programa ez baztertzearen aspektu funtsezkoena. PROFESIONALTASUNA Errezetaren arduraduna. Entrenatzaileok gara eguneko zeregin eta helburuaren erantzuleak. Ariketen proposamenekin, aldaera berriekin eta eguneroko lanarekin ondo mugitzen erakustearen arduradunak gara. Ondo mugituz gero, min hartzeko aukerak murriztuko ditugu eta, era berean, gehiago entrenatzeko aukera lortuko dugu. Hortaz, helburu berriak aukeratzeko unean hiru kontu hauek aintzat hartzea gomendatu nahi nuke, era honetan jarduera fisiko programarekiko atxikimendua lortzea errazagoa izango baita. Ez ahaztu, garrantzitsuena, era batera edo bestera, gorputzari mugimendua eskaintzea izango da, nola edo noren laguntzaz aurrera eramatea, aldiz, norbere erabakia izango da.