7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Aspertzea


Umea bakarrik utzi behar da, bakarrik egonarazi behar zaio. Ume guztiak aspertu egiten dira eta hor esnatzen da irudimena, nahitaez buruari eragin behar diolako. Nik elementu asko nituen, txakurra, basoa, harriak... Suposatzen dut niri horrek sekulako mesedea egin zidala. Hiru-lau ordu behiak zaintzen, basoan txakurrarekin bakarrik, zerbait egin behar duzu. Nik orduan egiten nituen asmazioak». Xabier Amurizak kontatu zidanean, zer pentsa handia eman zidan. Haurra zela, aspertuta zegoenean, arbola puntara igo eta handik kantatzen omen zituen zekizkien abesti guztiak. Hori izan zen Xabier Amurizaren lehen plaza, arbola punta hori.

Primi Erostarbe irrintzilari-panderojolearen biografian kontatzen denez, astoarekin mendian ibilaldi luzeak egin behar izaten zituen haurra zela. Gurasoek taberna zuten eta ardo bila bidaltzen zuten astoarekin. Astoak omen zekien bidea. Hamar urteko neskatoa eta astoa bakarrik, hiru ordu joan eta beste hiru etorri. Eta ibilaldi horietan jotzen omen zuen panderoa eta irrintziak bota munduari, Araozko mendi bazter horietatik mundura. Hori izan omen zen Erostarberen lehen plaza.

Araotz auzokoa da Benito Barrena Odriozola ere, bertsolaria. Eta hark ere halaxe kontatzen du: «Ni ere aritu nintzen artzain, izugarri gustatzen zitzaidan. Bertsotan ere halaxe hasi nintzen; oso ona da artzaintza bertsoak asmatzeko, trankila, han zaude, zu eta ardiak».

Ez dakit ba, baina ez du kasualitatea ematen, ezta? Norbere buruarekin egotea, zaratarik gabe, lasai, kasik aspertuta, ariketa osasuntsua dela esango nuke. Gehiagotan probatuz gero, inguruan artistak ere ugariago genituzkeela ematen du.

Baina iruditzen zait aspertzen diren haurrek kasik izua ematen digutela gaur egun. «Aspertuta nago» esan orduko tentetzen zaizkigu ileak eta aztoratzen gara, haur hori ez aspertzeko zer egin pentsatzen dugun bitartean. Kasu onenean, elkarrekin jolastea da proposamena. Txarrenean, pantaila bat ematea eskuetara.

Izan ere, aspertzeak izen txarra dauka. Edonori aspertu egiten zarela esanez gero, «nahiago nuke nik ere aspertzeko denbora banu» izan daiteke erantzuna. Aspertzea delitua balitz bezala, bizitza superokupatuetan kabitzen ez den bizioa. Ba agian aspertzeko denbora hartu egin behar da.

Aitortuko dut neronek aspertzen ikasi egin behar dudala berriz. Eman diezaiogun geure buruari eta geure haurrei aspertzeko aukera, kendu ditzagun entzungailuak belarrietatik eta entzun dezagun geure burua. Xabier Amurizak esaten badu aspertzea ona dela, ona izango da.