FEB. 22 2026 KIROLA Strava, kirol aplikazioen argi-itzalak (Getty Images) Aitor Maiza Apezetxea / Salto Training Azken urteotan, Strava entrenamenduak erregistratzeko aplikazio soil bat izatetik benetako fenomeno sozial izatera igaro da. Strava kirol aplikazio bat da, korrika, txirrindularitza edo antzeko jarduerak GPS bidez erregistratu, eta sare sozial baten moduan partekatzeko aukera ematen duena. Aplikazio honek bere argiak eta itzalak ditu, eta merezi du erabiltzaileok hausnarketa sakon bat egitea. Stravaren onura nagusietako bat motibatzeko duen gaitasuna da. Aplikazioak kirola etengabeko erronka bihurtzen du, milaka pertsona gehiago mugitzera, helburuak ezartzera eta ohitura osasuntsuei eustera bultzatuz. Gero eta sedentarioagoa den egungo gizartean, oso baliotsua da aplikazio honek duen ahalmen hori. Gainera, Stravak komunitate-sentimendua sustatzen du: erabiltzaileek elkar animatzen dute eta kirolaren inguruan lotura sozialak sortzen dituzte. Hala ere, Stravaren arrakastak alderdi ilunak ere baditu. Zenbakiekiko obsesioak, “like”-k eta segmentuek jarduera osasungarri bat antsietate-iturri bihur dezakete. Erabiltzaile batzuentzat, entrenatzeak duen gozamen alderdia desagertu egiten da eta erakutsi beharra eta lehiakortasuna jartzen dira beste guztiaren gainetik. Etengabeko lehia horrek gehiegizko entrenamendua, frustrazioa eta konparazio arriskutsuak eragin ditzake. Stravaren erabiltzaile askok fokua galdu ohi dute eta ingurukoek pentsa dezaketenak edo beste norbaiten markak gainditzeko nahiak itsututa egiten dituzte jarduera hauek. Azken finean, Stravak gaur egungo gizartearen izaera ere islatzen duela esan genezake: bizitzaren etengabeko kuantifikazioa. Pausoak, abiadura eta kilometroak neurtzen ditugu, dena estatistiketara murriztu ahalko balitz bezala, eta bitartean osasun eta gozamen-pertsonala ahazten ditugu. Hala ere, irtenbidea ez da teknologia baztertzea, baizik eta zentzuz erabiltzen ikastea. Stravak osasuna hobetzeko, pertsonak konektatzeko eta kirolaz gozatzeko dituen abantailak baliatuz gero, bere eragina positiboa izango da. Baina grafiko edo marka batek gure balio pertsonala zehazten badu, agian, bakoitzak jarduera fisikoa zergatik egiten duen hausnartu beharko genuke.