7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Txikia


Musikak badu azalaren barrutik harramazka egiteko gaitasuna. Abesti batek zeure buruarekin bakarrik egoteko atea ireki diezazuke, toki gozo bat eskaini tristura eskegitzeko eta tolesteko. Eta, era berean, abesti batek olatu kolektibo bat altxatzeko hauspoa izan dezake, kantua elkarren ondoan entzuten dutenak gu baten parte sentiarazi. Tristura bezala poza gordetzeko toki ona da abesti bat.

Nire haurtzaroaren parte dira Pantxoa eta Peio. Sukaldeko irratian agertzen zitzaizkigun edo autoko kasete entzungailuan. Belarrietatik ez ezik, gorputzeko poro guztietatik ere sartzen zitzaizkidan. Abesten zioten herri horretako parte nintzela iruditzen zitzaidan eta hori oso gauza serioa zen. Solemnitate zurrun bat sentitzen nuen haiek entzutean eta oraindik ere gertatzen zait. Badakit orain modan dagoela eta ez dela hau esateko unerik sinesgarriena, baina betidanik “Txikia” abestia izan dut maiteetan maiteena. Urteen joanean, kantaren letra gero eta gehiago ulertzen joan naiz, baina umetatik arreta ematen zidan. Haien atzetik herri osoa omen zeukaten, Kantauri itsasoa harrotzeko modukoak omen ziren, biharko ikastoletan haien izenak abestuko omen ziren... Kantu horrek aipatzen zituen Txikia eta Saseta jende maitatua eta mirestua zela pentsatzen nuen haur burutazio horietan. Eta min handi batetik sortutako abestia zela ere begitantzen nuen, banekien “betiko loa” serioa zela.

Geroztik, abesti hori entzuten dudan aldiro herriak bere memoriaren magalean kulunkatzen dituela iruditzen zait. Eta azkenaldian oso maiz entzuten da abesti hori, sortu zenetik mende erdia pasatu denean. Abestiak badira memoria gordetzeko armairu eta historia transmititzeko hari. Egia da, hala ere, batzuetan entzuten den moduak eta testuinguruak kezka pixka bat sortzen duela. Kontatu al da kantatzen diren herriaren zaurien infrahistoria?

Gaur, apirilak 19, 53 urte bete dira Eustakio Mendizabal Txikia poliziek hil zutela. 29 urte zituen, emaztea eta bi haur. Garrüzen eman zioten Anabel Zubikarairi senarraren heriotzaren berri. Itsasondon Txikiaren familiarekin biltzeko aholkua eman zioten, mina partekatzeko. Gau hartan, Anabel, lagun batekin, Hendaiara joan zen eta muga oinez zeharkatu zuen. Mugako postuan, guardia zibilak cavarekin ospatzen ari ziren Txikiaren heriotza.

Arene 6 musika taldearen “Txikia” abestiaren bertsioa gustura dantzatzen dute gaurko gazteek. Egun ona izan daiteke eseri eta pixka batean hitz egiteko.