NOV. 29 2026 IRITZIA Eskailera Amagoia Mujika Emakume latinoamerikar bat ikusi dut bideo batean, bere botoa ultraeskuinarentzat izango dela esanez. Bere interesentzat horixe omen da onena. Kazetariak esan dio Abascalen alderdiak migratzaileak kanporatuko dituela eta emakumeak erantzun dio baietz, badakiela, baina bera erregularizatuta dagoela eta ez daukala kezkarik. Bere herrikide asko kanporatuak izango direla nabarmendu dio kazetariak eta emakumeak, patxadarik galdu gabe, hori ere badakiela. Bera ere egon omen da urte luzez «paperik gabe» eta miseria handiak pasatu omen ditu. Baina miseriak pasatzekotan, bere herrikideak hobeto omen daude jaioterrian. Sobera daudenak soberan omen daude. Bizkorrena-azkarrena legea. Umetan aitonak askotan esaten zigun eskaileran gorago dagoenari ez ezik, beherago dagoenari ere begiratu egin behar zaiola. «Asko daude gu baino hobeto, baina gu baino okerrago daudenak ere ez dira gutxi». Orduan ez genuen ezer ulertzen, auskalo zein eskailerari buruz ari zen aitona. Badira ume garaian jasotzen diren lezioak urte batzuk ondoren arte loratzen ez direnak. Gizon bat ikusi dut arkupe batean maleta handi batekin eta bi haurrekin, hamar bat urte inguruko neska-mutikoak. Albotik pasa naiz eta pentsatu dut agian bidaian doazela eta horregatik maletarena. Berez badakit nire buruari tranpa egiten ari naizela. Erraz igartzen da noiz doan norbait bakaziotarako eta noiz geratu den bizitza maleta batean sartuta, kale gorrian. Presaka naiz eta ez dut arretaz begiratu. Batzuetan buruak marmarka esaten dizu nahikoa arazo eta buruhauste badituzula dagoeneko, gehiago ez zaizkizula kabituko. Batzuetan ez ikusiarena egiten duzu eta munduko arazoak munduak konpondu beharko dituela pentsatzen duzu. Eta aitonaren eskailerarekin akordatzen zara eta goizean ikusi duzun bideoarekin. Jendeak goiko eskailerari bakarrik begiratzen dionean eta igotzeko ahaleginean azpikoan dagoenari eskua zapaltzeko gai denean, malo. Eskaileran igo bezala jaitsi egin daiteke bat, eta, egungo prekaritatea ikusita, uste baino errazago. Ilundu du eta korrika txikian abiatu naiz zaborra jaistera. Arkupera zeharka begiratu dut, gizona eta bi umeak han ez ikusteko esperantzan. Eskerrak. Ez dute gaua hor pasatu beharko. Eta pentsatu dut agian gizarte zerbitzuak aktibatu dituztela eta topatu dutela laguntza. Hori imajinatu nahi izan dut, aukeretan ederrena zelako. Eskailera-mailak leundu behar direla, munduaren arazoak munduak konpondu behar dituela eta mundua gu garela gogorarazi behar izan diot nire buruari. Umetan aitonak askotan esaten zigun eskaileran gorago dagoenari ez ezik, beherago dagoenari ere begiratu egin behar zaiola. «Asko daude gu baino hobeto, baina gu baino okerrago daudenak ere ez dira gutxi». Badira ume garaian jasotzen diren lezioak urte batzuk ondoren arte loratzen ez direnak.