SEP. 23 2025 Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hoteletako sarrerak eta ostatu gauak igo egin dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hotel establezimenduetako sarrerak %1,5 eta ostatu gauak %1,2 igo dira abuztuan, 432.427 eta 921.868 erregistratu ondoren, hurrenez hurren, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera. EAEko hotel establezimenduetako batez besteko egonaldia 2,13 egunekoa izan da aurtengo abuztuan. (Getty Images) Bidaiari Eustat-ek ezagutarazi dituen datuen arabera, abuztuan izandako sarreren %55,2 eta ostatu gauen %53,1 jatorri atzerritarreko bisitarienak izan dira, sarreren kasuan %4,9ko eta ostatu gauen kasuan %6,6ko hazkundeekin. Lurralde historikoei begiratuz, Araban 58.916 sarrera eta 118.004 ostatu gau erregistratu dira abuztuan, iaz baino %7,0 eta %7,2 gutxiago, hurrenez hurren; Bizkaian, aldiz, aurreko urtean baino %4,7 sarrera gehiago eta %4,4 ostatu gau gehiago erregistratu dira, 197.593 eta 415.902 zenbatetsi ondoren, hurrenez hurren; era berean, sarrerak %1,2 gehitu dira Gipuzkoan (175.918 guztira), eta ostatu gauak %0,6 (387.962). Hiriburuka, sarreren kopurua %9,6 jaitsi da Gasteizen eta %2,3 Donostian; Bilbon, aldiz, %4,1 igo dira. Antzeko moduan, aurreko urteko abuztuaren aldean igarotako ostatu gauen kopurua %9,1 jaitsi da Gasteizen eta %3,0 Donostian; aitzitik, Bilbok %5,1 ostatu gau gehiago erregistratu ditu. EAEko hotel establezimenduetako batez besteko egonaldia 2,13 egunekoa izan da aurtengo abuztuan, aurreko urteko hil berean izandako 2,14 egunen antzekoa, hain zuzen ere. Plazen okupazio maila %78,5ekoa izan da abuztuan EAE osoan, 2024ko abuztuan baino %0,2 puntu txikiagoa, eta gelaka neurtuz gero, okupazioa %86,0ra iritsi da, iaz baino %0,2 puntu gehiago. Eguneko batez besteko tarifa 154,4 eurokoa izan da abuztuan EAEn, hau da, %7,3ko igoera izan da aurreko urteko abuztuarekin alderatuta; lurraldeka, Gipuzkoan 194,0 eurokoa izan da, Bizkaian 132,4 eurokoa eta Araban 106,2 eurokoa, eta hiriburuka, Donostian 238,1 eurokoa, Bilbon 144,6 eurokoa eta Gasteizen 96,9 eurokoa. Gela eskuragarriko batez besteko diru sarrerak 132,7 eurokoak izan dira abuztuan EAEko hotel establezimenduetan, hots, aurreko urteko hil berean baino %7,5 handiagoak. Jaietako mugimendua Bestalde, EAEko hiru hiriburuek herriko jaiak edo aste nagusiak ospatu dituzte abuztuan, eta horrela, Gasteizko hotel establezimenduetan 8.605 sarrera eta 18.964 gaualdi izan dira Andre Maria Zuriaren jaietan (abuztuaren 4tik 9ra), aurreko urteko aldi berean erregistratutakoak baino %6,3 eta %6,7 gutxiago, hurrenez hurren. Mota horretako establezimenduen okupazio maila %73,2koa izan da Gasteizen aurtengo jaietan plazen arabera neurtuta, eta %93,4koa gelen arabera neurtuta. Donostiako Aste Nagusiari dagokionez (abuztuaren 9tik 16ra), 26.674 sarrera eta 64.655 ostatu gau erregistratu dira, hau da, 2024an baino %2,1 eta %1,6 gutxiago, hurrenez hurren. Okupazio maila %87,7koa izan da plazaka neurtuta, eta %93,1ekoa gelaka neurtuta. Bilboko Aste Nagusian (abuztuaren 16tik 24ra), azkenik, 37.746 sarrera eta 80.443 ostatu gau izan dira hiriko hotel establezimenduetan, 2024an baino %4,7 eta %6,0 gehiago. Plazen okupazio maila % 83,6koa izan da, eta logelen araberakoa %88,5ekoa. Urteko metatua Azkenik, 2025eko urtarriletik abuztura metatutako aldian, sarrerak %3,6 eta ostatu gauak %4,8 igo dira hotel establezimenduetan, eta batez besteko egonaldia 1,99 egunekoa izan da, aurreko urteko aldi metatu berean ikusitako 1,98 egunen oso antzekoa. Urteko lehenengo zortzi hilabeteetako okupazio maila %59,6koa izan da plazen arabera neurtuta, eta %70,5ekoa logelen arabera neurtuta, aurreko urteko aldi berean baino %0,9 eta %1,2 puntu handiagoa, hurrenez hurren.