SEP. 25 2025 Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landetxe eta apartamentuetan ostatu gauak igo egin dira Ostatu gauak %3,1 igo dira abuztuan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landetxeetan, %6,0 apartamentu turistikoetan eta %18,4 aterpetxe turistikoetan, iazko hilabete berean izandakoen aldean, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera. Apartamentu turistikoetan gora egin dute turisten sarrerek. (Danil Gatilov | Getty Images) Bidaiari EAEko landetxeetan, zehazki, 25.454 sarrera izan dira abuztuan, joan den urteko hilabete berean baino %0,1 gutxiago, eta sarrera horiek 97.553 ostatu gau eragin dituzte, %3,1 gehiago. Aurreko urteko abuztuarekin alderatuta %10,6 hazi ondoren, atzerriko bisitarien sarrerak EAEko landetxeetan izandako sarrera guztien %29,2 izan dira; ostatu gauen kasuan, atzerritar jatorrikoenak guztizkoaren %25,4 izan dira, iazko abuztuaren aldean %14,9 handitu ondoren. Lurralde historikoen arabera, sarrerak %16,0 igo dira Araban eta %1,1 Bizkaian; Gipuzkoan, berriz, %6,3 jaitsi dira. Ostatu gauei dagokienez, Araban %29,7 igo dira; aitzitik, Gipuzkoan %1,5 jaitsi dira, eta Bizkaian %1,3. Landetxeetan EAEko landetxeetako batez besteko egonaldia 3,83 egunekoa izan da aurtengo abuztuan, iazko 3,72 eguneko batez bestekoa baino zertxobait luzeagoa. Plazen eta logelen araberako okupazio mailek urte batetik bestera %2,7 eta %2,2 puntu egin dute gora, hurrenez hurren, plazen arabera neurtuta %67,1ean eta logelen arabera neurtuta %72,3an kokatuz. Bestalde, EAEko apartamentu turistikoei dagokienez, abuztuan 36.532 sarrera izan dira, eta, horren ondorioz, 102.504 ostatu gau erregistratu. Aurreko urteko abuztuan erregistratutako datuekin alderatuz gero, %15,6 igo dira sarrerak eta %6,0 ostatu gauak. EAEko apartamentu turistikoetan izandako sarrera guztien %50,9 eta ostatu gau guztien %46,3 atzerriko jatorriko bisitariei dagozkie, urte batetik bestera %24,7ko eta %13,1eko igoerak erregistratu ondoren, hurrenez hurren. Apartamentu turistikoetan batez besteko egonaldia 2,81 egunekoa izan da abuztuan, 2024ko hilabete berean erregistratu zen 3,06 egunekoaren azpitik. Mota horretako establezimenduetan batez besteko egonaldia 8,93 egunekoa izan da Araban, 3,19 egunekoa Gipuzkoan eta 2,27 egunekoa Bizkaian.Plazen okupazio maila %54,4koa izan da abuztuan EAEko apartamentu turistikoetan, 2024ko abuztuarekin alderatuta %5,1 puntu galdu ondoren. Apartamentuen okupazio mailak %4,8 puntu egin du gora eta %83,4n kokatu da. Aterpetxe turistikoak Bestalde, EAEko aterpetxe turistikoek %12,2ko igoera izan dute abuztuan sarreretan urte batetik bestera, 43.878 sarrera eta 78.549 ostatu gau erregistratu ondoren. Bizkaian 44.464 ostatu gau erregistratu dira, Gipuzkoan 30.433 eta Araban 3.652. Ostatu mota horretako egonaldien batez besteko iraupena 1,79 egunekoa izan da abuztuan EAE osoan, eta plazen okupazio maila %70,6ra iritsi da, urte batetik bestera %9,3 puntu igo ondoren.