OCT. 22 2025 Kanpin berria izango da Oriamendin, 80 autokarabana eta 26 camper hartzeko Donostiak kanpin berria izango du Oriamendin, 80 autokarabana eta 26 camper furgoneta jasotzeko edukierarekin. Donostiako Udalak onartu du Ecocamping Oriamendi S.L. enpresak Goiaztxiki bideko 142 zenbakian lehen mailako kanpina (autokarabanak) eraikitzeko eskatutako obra lizentzia aldatzea. Lursailak 39.787 metro koadro ditu. (Getty Images) Bidaiari Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, proiektuak lehen mailako kanpin berde bat aurreikusten du, ingurunean integratua, eta berdeguneetan, aisialdirako guneetan, kanpatzeko guneetan eta zerbitzuen eraikinean banatuta, dagokion terrazarekin. Kasik 40.000 metro koadro Lursailak 39.787 metro koadro ditu eta nagusiki lau eremutan banatuko da. Lehen eremuan, zerbitzuen eraikina bidearen paraleloan jarriz lortuko den gune urbanizatuago bat izango da, eta bigarrenean autokarabanentzako eta camper furgonetentzako gunea: 80 partzela autokarabanentzako –50 partzela gutxienez 50 metro koadrokoak eta 30 partzela 80 metro koadro baino gehiagokoak–, eta 26 partzela camper furgonetentzako. Hirugarren eremuan ohiko kanpaldietarako zerbitzuen eraikinaren mendeko lursailak izango dira, erraz kentzeko moduko kanpin dendak jartzeko. Azkenik, laugarren eremua mobil home delakoentzako izango da, 200 metro koadro arteko 32 lursailekin, hegoaldean dagoen ingurune naturalari lotuta. Bestalde, garraio publikorako loturak gertu izanik, eta ingurua hirigunearekin lotzen duen bidegorri batekin, «alternatiba eraginkorrak» izango dira erabiltzaileek hiriaren erdigunera norberaren ibilgailua erabili beharrik gabe heldu ahal izateko. Gainera, kokapenari esker, hirira sartzeko autobide nagusietatik sarbide arina dago, ibilgailuak erdigunera sar daitezen saihestuz.