bidaiari - bidaia aldizkaria

Hildakoen Egunaren inguruan nabarmen igoko da Mexikoko hoteletako okupazioa

Hildakoen Egunaren inguruko ospakizunek eragin izugarria izango dute Mexikoko hotelen okupazioan. Zehazki, %2,3ko igoera izango dute, 1,6 milioi turista baino gehiago hurbilduko baitira herrialdera egun horietan, Turismo Idazkaritzak jakitera eman duenez.

Bisitari asko hurbiltzen dira Mexikora Hildakoen Egunaren inguruko ospakizunak ikustera. (Itza Villavicencio Urbieta | Getty Images)

Turismoko idazkari Josefina Rodríguez Zamorak zehaztu duenez, 1,6 milioi turista iritsiko dira Mexikoko hoteletara urriaren 27tik azaroaren 2ra, hau da, 2024an baino %2,3 gehiago. Iaz 1,5 milioi bisitari inguru izan ziren.

Rodriguez Zamorak adierazi duenez, aurten aurreikusitako turisten %73 herrialdekoak izango dira, eta %27, berriz, atzerritarrak. Horrek erakusten du, bere esanetan, «Mexikoko tradizioek mundu osoan pizten duten interesa».

«Munduko beste inon ez dago hain adierazpen bizi eta hunkigarririk, familiak batzen dituena, milioika lagunen interesa pizten duena eta nazio gisa harrotasunez betetzen gaituena», adierazi du Turismoko idazkariak.

Tradizio mexikar esanguratsuenetakoa

Ministroak aurreratu du hotelen batez besteko okupazioa egun horietan %60,8koa izango dela, 2024an baino ehuneko 1,4 puntu gehiago.

Jakinarazi du, halaber, Mexiko Hiria, Cancún, Riviera Maya, Guadalajara eta Monterrey bezalako helmugek biltzen dutela turismo-fluxuaren zati handi bat, eta hazkunde iraunkorra ikusten dela Acapulco, Puerto Vallarta eta Mazatlan hondartzetan, «eskualde-dinamika garrantzitsuari eusten baitiote».

Azaroaren 1ean eta 2an Mexikon izaten den Hildakoen Egunaren ospakizuna tradizio mexikar esanguratsuenetako bat da, non bizidunak euren hildakoak hartzeko eta beraiekin bizitzeko prestatzen diren.