bidaiari - bidaia aldizkaria

Gasteizko Eraztun berdea, hiriko bederatzi artistaren ikuspuntuetatik argazki bihurtuta

Gasteizko Eraztun berdea erakusketa baten protagonista da hiriko Montehermoso Kulturgunean, bertan baitago ikusgai ‘Eraztun berdea. Ikusmira ezberdinen elkargunea’, hiriko bederatzi artistaren argazkiak biltzen dituena.

Erakusketan ikusgai dagoen irudi bat. (Montehermoso Kulturgunea)

Gasteizko Montehermoso Kulturguneak hiriko bederatzi artistaren argazkiak biltzen dituen ‘Eraztun berdea. Ikusmira ezberdinen elkargunea’ erakusketa kolektiboa du ikusgai azaroaren 21etik Zona Photobook programaren lehen edizioari amaiera emateko.

Gasteizko Udalak akinarazi duenez, erakusketak artisten sorkuntza prozesua ezagutzeko aukera eskaintzen du, eta, fanzine formatuan oinarrituta, istorioak kontatzeko garaian irudien arteko loturek duten garrantzia islatzen du.

Honako hauek dira erakusketa osatu duten argazkilariak: Aitziber Iriondo Lopez de Munain, Angeles Cruz Carro (Chiqui), Carolina Cubero Vicente, Elena Beltran de Guevara, Itziar Agirre Murua, Leire Sanchez Montoya, Oihana Garitazo Korkostegi, Silvia Terreros Martinez eta Toni Gangsteiz.

Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak azald duenez, «David Salcedo argazkilariak zuzendutako narratiba bisualari buruzko tailerretik sortutako lankidetza proiektua da erakusketa». «2025eko otsailetik irailera bitartean, eta Gasteizko Eraztun Berdean irudiak bilatzeko premisarekin, parte hartzaile bakoitzak bere ikuspegitik zeharkatu eta dokumentatu zuen espazio hori», zehaztu du.

Narratiba kolektiboa

Irudiak sareko hainbat saiotan aztertu zituzten David Salcedorekin batera, eta bertan erabaki zen zein izango ziren narratiba kolektiboaren parte. Azken hautaketan, 188 argazki aukeratu zituzten, oraindik definitu gabeko istorio baten oinarri izan zitezen.

«Azken 188 argazki haietatik abiatuta, artista bakoitzak bere ikusizko kontakizunari forma eman zion. Beraz, proposamen honek ikuspegi plurala eskaintzen du, ikusleek hainbat ikuspegiren bidez bide bera egitea ahalbidetzen duena», azaldu dute artista kolektiboko kideek.

Era berean, aurrez aurreko tailerrean, taldeak lotura kontzeptual eta plastikoen bilaketan sakondu zuen, narrazio komuna eraiki arte. Prozesu hori ‘Camino de vuelta’ izenekoan amaitu zen: 31 argazkik osatzen duten fanzinea da, eta istorio korala jasotzen dute.

‘Eraztun berdea. Ikusmira ezberdinen elkargunea’ abenduaren 14ra arte egongo da ikusgai, asteartetik larunbatera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara.

Zona Photobook programa

Montehermoso Kulturuneak Zona Photobook programa jarri zuen martxan udan. Fotoliburuaren inguruko zikloa da, formatu hori publikoari ezagutarazteko. Era berean, artista, zale, proiektu eta argazkigintzarekin eta narratiba bisualarekin lotutako erakundeen artean sinergiak sortzeko asmoz sortu zen.

Zikloaren ardatz nagusia ‘Hariak eta argiak’ argazki liburuak dastatzeko klubaren topaketa izan da, Yone Estivarizen eta Sara Berasaluceren zuzendaritzapean. Gasteiztarren artean arrakasta handia izaten ari da.

Gainera, Gabonei begira, Montehermosok argazkiak eskuz editatzeko lantegia antolatu du adin guztietarako, Nerea Lecuona bertako artistarekin batera. Parte hartu ahal izateko izen-ematea abenduaren 1ean irekiko da.

Zikloari buruzko informazio guztia Montehermoso Kulturunearen webgunean kontsulta daiteke eta jardueretarako izen-emateak telefonoz, posta elektronikoz edo Montehermoso Kulturunean egin beharko dira.