bidaiari - bidaia aldizkaria

Jesus Guridi musika kontserbatorioa, jazz uhinen eszenatoki

«Tradizioa, berrikuntza, pedagogia eta konpromiso soziala» uztartzen dituzten sei kontzertu eskainiko ditu Jazz Uhinak zikloak Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan, Jazzargia Kultur Elkarteak antolatuta.

Zikloaren kartela. (Jazz Uhinak.)

Abenduaren 9tik maiatzaren 26ra arte, Jazzargia Kultur Elkarteak antolatutako Jazz Uhinak zikloaren 20. edizioak sei kontzertu eskainiko ditu Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan, tradizioa, berrikuntza, pedagogia eta konpromiso soziala uztartuko dituztenak.

«Jazzaren iragana, oraina eta etorkizuna zeharkatuko dituen edizio berezia» izango dela adierazi dute Jazzargia elkarteko kideek.

Egitaraua abenduaren 9an hasiko da, Vocal Groove & Faith Collective taldearekin, eta 2026ko urtarrilaren 20an jarraituko du, Juanma Montoya gitarristaren saioarekin.

«Izaera hezitzailea»

Otsailaren 24ko eta martxoaren 10eko kontzertuek zikloaren «izaera hezitzailea» eta «jazzak hirian duen etorkizuna» jorratuko dituzte, Luis Aramburu Udal Musika Eskolako eta Jesus Guridi Kontserbatorioko big band-ek ikasturtean zehar egindako lana erakutsiko baitute, hurrenez hurren.

Astrid Canales abeslaria apirilaren 14an izango da Jazz Uhinak zikloan, eta egitaraua maiatzaren 26an bukatuko da, Iñigo Ruiz de Gordejuela, Borja Barrueta, Ander Garcia, Asier Ardaiz eta Jean Marie Ecay musikariek osaturiko Euskal Boskotea taldearen emanaldiarekin.

Kontzertu bakoitzerako sarrerak eta ziklo osorako abonamenduak (35 euro) salgai daude dagoeneko Jazz Uhinak zikloaren webgunean