bidaiari - bidaia aldizkaria

Nekaturreko landa ostatuen batez besteko okupazioa %68koa izan da abenduko zubian

Euskal Herriko Landa Ostatuen Elkarteak abenduko zubian zehar landa ostatuek izandako okupazio mailaren datuak eman ditu ezagutzera. Nekaturrek emandako datuen arabera, abenduaren 6an izan da egunik onena, batez besteko okupazioa %75,50ekoa izan baita.

2025eko urtarriletik azarora bitarteko tasa metatuak %43,11ko batez besteko okupazioa duela iragarri du Nekaturrek. (Esteban Martinena Guerrero | Getty Images)

Nekatur Euskal Herriko Landa Ostatuen Elkarteko kide diren landa ostatuek %68ko batez besteko okupazio maila izan dute abenduko zubian, hilaren 5etik 8ra, hain zuzen ere. Abenduaren 6an izan da daturik onena, batez besteko okupazioa %75,50ekoa izan baita, Nekaturrek emandako datuen arabera.

Lurraldeka, Araban, okupazioa %75,15ekoa izan da Nekaturreko kide diren landa ostatuetan, eta eskualdeen arabera, Gasteiz (%92) eta Arabako Bailarak (%88) nabarmendu dira.

Bizkaiari dagokionez, %68,38ko okupazioa izan du, eta eskualdeen artean Lea-Artiba %100a eta Durangaldeko %86a nabarmendu dira. Gipuzkoak, bestalde, %64,84ko batez besteko okupazioa izan du, Oarsoaldean %98koa eta Debagoienan %75ekoa izanik.

Egunen araberako okupazioari dagokionez, abenduaren 6an izan da daturik onena, %75,50 inguruko okupazioarekin, eta lurraldeen arabera, nabarmentzekoa da Araban egun horretan okupazioa %82koa izan dela.

Gabonetarako erreserbak

Orobat, Gabonetarako erreserba errealen berri ere eman du Nekaturrek, eta nabarmendu du landa turismoan egun horietan izandako goranzko joera berresten dutela. Hala, Gabon gauerako erreserbatuta daude plazen %75,97 Euskal Herrian, eta Urtezahar gauerako %78,94.

Azkenik, 2025eko urtarriletik azarora bitarteko tasa metatuak %43,11ko batez besteko okupazioa duela iragarri du Nekaturrek, hau da, 2024ko aldi berean baino %3 puntu gehiago.