FEB. 17 2026 Gasteizko zenbait auzotako gizarte-etxe, eszenatoki bihurtuta Otsailaren 22tik maiatzaren 24ra Gasteizko zenbait auzo kultur ekitaldiz zipriztinduko dira, Auzo Eszena topaketak egingo baitira. Hiriko gizarte-etxeak izango dira eszenatokiak. Gizarte etxeak izango dira eszenatokiak. (Gasteizko Udala.) Bidaiari Auzo Eszena programaren 16. edizioaren lehen denboraldia egingo da otsailaren 22tik maiatzaren 24ra, Udalak antolatuta. Guztira, tokiko zazpi proposamen eskainiko dira, diziplina anitzekoak: antzerkia, dantza, poesia, musika eta pintura. Iaz deialdi publikoa egin zen Gasteizko antzerki edo artista talde ez profesional guztiek beren proposamenak aurkez zitzaten. Deialdira 16 proposamen aurkeztu ziren eta haietako zazpi denboraldi honetan taularatuko dituzte. Gainerakoak, urria-abenduko denboraldian.«2024-2028 aldirako Kulturako Plan Estrategikoaren helburuetako bat da auzoetako kultura indartzea eta eskaintzaren deszentralizazioa sustatzea, eta helburu hori lortzeko, funtsezkoa da auzo bakoitzeko gizarte etxeetan egiten den lana», esan dute antolatzaileek. «Programa hau espazio horietan antolatzen den programazio kultural arrakastatsuenetakoa da, ez bakarrik publikoaren eta parte hartzen duten taldeen artean duen harreragatik, baita proposamenen kalitateagatik eta originaltasunagatik ere», gaineratu dute. ‘Handicap rhapsody’ Denboraldia otsailaren 22an hasiko da, Arriagan, Handicap Gasteiz pop rock taldearen ‘Handicap rhapsody’ ikuskizunarekin, eta martxoaren 1ean, Anankek taldeak poesia nahastuko du zuzeneko musikarekin, dantzarekin eta pinturarekin ‘Discrepa’ emanaldian, Aldaben. Martxoaren 15ean, berriz, Baidefeis taldeak ‘21 días en Tinder’ antzezlana interpretatuko du Zabalganan, eta apirilaren 19an, Cuatro ojos antzerki taldeak ‘Las comadres’ toki berean. Programak maiatzaren 9an jarraituko du, Arriagan, Teatrearte taldearen ‘Un millón de razones’ lanarekin. Maiatzaren 10ean Salburuan izango da Biziarte taldea, ‘La sesión’ komedia dramatikoarekin, eta topaketak maiatzaren 24an bukatuko dira Aldaben, La claqueta taldearen ‘Amores de nuestro tiempo’ umorezko lanarekin. Sarrerak erosi ahal izango dira gizarte etxe eta kirol instalazio guztietan aurrez aurre (frontoietan izan ezik) edo online, emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte. Prezioa 5 edo 7 eurokoa izango da.