DEC. 05 2025 Egin planak ‘Amazoniak. Antzinako etorkizuna’, San Telmon Urriak 31-Apirilak 12 San Telmo museoan ikusgai dago ‘Amazoniak. Antzinako etorkizuna’ erakusketa eta Amazoniako kulturari begirada korala eskaini ez ezik, bertako ahotsak aldarrikatzen ditu, artea, pentsamendua, zientzia eta aktibismoa oinarri hartuta, naturarekin bizitzeko, hazteko eta erlazionatzeko bestelako moduak planteatzen dituztenak. Erakusketak lurraldearen, hirien eta Amazoniako komunitate indigenen aberastasun natural eta kultural izugarrian murgiltzen du bisitaria, planetaren etorkizunerako funtsezkoa den eskualde bateko artea, pentsamendua eta eragin ekologiko izugarria ezagut dezan. Jakina da munduko biodibertsitate gordailu handiena dela Amazonia eta bertan bizi dela planetako espezieen hamarrena. Hala ere, «lurralde mehatxatua ere bada; izan ere, hainbat bizimoduren arteko harreman-geruza konplexu bezain meheez osatua da, eta horrek ohartarazten digu gure ingurunea zein hauskorra den klima-kolapsoaren garaian», esan dute erakusketaren antolatzaileek. Amazoniatik sortutako proiektua da; besteak beste, artisten, aktibisten, pentsalarien, historialarien, antropologoen, arkeologoen, zinemagileen eta kuradoreen ahotsak eta ekintzak oinarri dituena, eta kartografia alternatiboaren bidez egin daitekeen bidaia modukoa da.