DEC. 05 2025 Arrantzaleen museoa, lehorreko itsas zeharkaldia Ertzilla dorrea leku pribilegiatuan kokatuta dago, handik, Bermeoko portu zaharraren gainetik, Kantauri itsasoaren panoramikaz goza daitekeelako. Beraz, esan daiteke eraikin historiko horrek hartzen duen Arrantzaleen Museoa kresal usaineko harribitxia dela, bai barrualdean gordetzen duenagatik, bai kanpoaldean eskaintzen duen panoramika paregabeagatik. Arrantzaleen Museoan dozenaka pieza daude ikusgai. (Bermeoko Arrantzaleen Museoa) Ane Iparragirre (Gorka Rubio | FOKU), Arrantzaleen Museoa eta Iñaki Marcaida) Gaur museoa da, Bizkaiko Foru Aldundiaren jabetzakoa, baina ez du beti funtzio hori izan. Aurrez, Ertzilla familiaren bizileku izandako dorrea, 1943. urtean monumentu nazional izendatua, biltegi bat zen, lehorreko zamategi antzeko bat, itsasoarekin eta arrantzarekin lotutako materiala biltzeko baliatzen zena. Urte batzuk geroxeago bihurtu zen museo, batez ere herritarrek hainbat urtez egindako dohaintzez poliki-poliki osatutakoa. Horrexegatik esaten dute bermeotarrek museoa beraiena ere badela. Dena dela, Arrantzaleen Museoaren helburu nagusia ez da elementu materialen bilduma hutsa erakustea, objektuen bilketa zerrendatu bat izatea, baizik eta ondare immateriala jasotzea, kontserbatzea eta ahalik eta ondoen transmititzea, denborak ez dezan memoria irentsi, kresalak kroskoak bezala. Eta, horretarako, solairuen arabera dago antolatuta museoa, gaika egituratuta. Zenbait piezaren helburua da denborak ez dezala memoria irentsi kresalak kroskoak bezala. (Bermeoko Arrantzaleen Museoa) Emakumeak protagonista dituen erakusketa dago zabalik egunotan: ‘Olatuaren enbatean. Emakumeak eta itsasoa XX.mendean’. (Bermeoko Arrantzaleen Museoa) Beheko solairuak, lehenak eta bigarrenak behin betiko erakusketa hartzen dute, eta ganbaran aldi baterakoak egiten dira, normalean pare bat urtean. Museoak eskaintzen duen itsas zeharkaldiak, beraz, beheko solairuan hasi eta goranzko norabidea hartzen du. Bidean, informazio interesgarri eta askotarikoa jasoko du bisitariak: museoaren inguruko informazioa, XV. mende amaieran eraikitako Ertzilla dorre historikoari buruzko istorio eta pasadizoak, Bermeoko historia eta etnografia, arrantzaleen eta haien familien bizimodua eta ohiturak, itsasoarekin zuzenean edo zeharka lotutako lanbide osagarriak, gremio antolaketa, arrantzarako eta nabigaziorako historian erabili izan diren itsasontziak eta teknikak, balearen ehizan erabilitakoak barne, merkantziaren komertzializazioa... Kostaldeko emakumeen eguneroko eta funtsezko lana aldarrikatzen du egunotan museoan ikusgai dagoen erakusketak, historian zehar ikusezin bihurtu diren objektuen eta testigantzen bidez. (Iñaki Marcaida) Museoaren helburu nagusia ez da elementu materialen bilduma hutsa erakustea, objektuen bilketa zerrendatu bat izatea, baizik eta ondare immateriala jasotzea, kontserbatzea eta ahalik eta ondoen transmititzea. (Bermeoko Arrantzaleen Museoa) Bisita gidatuei dagokienez, berriz, museoaren eskaintza zabala da, bisitari motaren arabera. Umeentzat eta ikastetxeentzat bereziki diseinatutakoak dituzte, bai eta helduentzakoak ere. Gai berak jorratzen badira ere, metodoa aldatu egiten da, adin tarte bakoitzari egokitutako egitarauak prestatzen dituztelako. Gainera, umeentzako tailerrak antolatzen dituzte, arrantza mundua era entretenigarri eta praktikoan hurbiltzeko haiei: arrain bakoitza noiz arrantzatzen den jakiteko, arrantzaren egutegia lantzen dute; korapilo bakoitza ezagutzeko koadroa egiten dute; banderak lantzen dituzte... Horregatik egiten zaie atsegina Bermeoko Arrantzaleen Museoak lehorrean eskaintzen duen itsas zeharkaldia. Orain (datorren urteko irailera arte) emakumeak protagonista dituen erakusketa dago zabalik: ‘Olatuaren enbatean. Emakumeak eta itsasoa XX.mendean’. Kostaldeko emakumeen eguneroko eta funtsezko lana aldarrikatzen du, historian zehar ikusezin bihurtu diren objektuen eta testigantzen bidez. Erakusketak ikusgai jarri du tradizioz isilarazi egin den ezinbesteko eskulanaren memoria.