JUL. 22 2016 Urquijok helegitea aurkeztu du Azpeitiko Udalaren Sorkuntza Bekaren aurka Ainara Larrañaga zinegotziak deitoratu zuenez, «Carlos Urquijok luparekin begiratzen du aspaldian Azpeitian egiten duguna». Gaineratu zuenez, «ez da lehen helegitea, eta espero dugu azkena izatea». Last update: JUL. 22 2016 - 06:21h GARA DONOSTIA Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok helegitea aurkeztu du Azpeitiko Udalak udaberrian plazaratu zuen Sorkuntza Bekaren aurka. «Deialdia egin zen momentutik, Carlos Urquijok gertutik jarraitu du beka hauen ibilbidea. Argitaratu bezain pronto, informazioa helarazteko eskatu zigun. Orain, hizkuntza irizpideak aitzakia hartuta, helegitea jarri du deialdiaren kontra», salatu zuen asteazkenean Ainara Larrañagak, Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeko kideak. Josu Labaka batzordeburuak ere gogor kritikatu zuen PPko ordezkariaren jarrera. «Ainarak ondo azaldu duen bezala, hizkuntza erabili du euskal kulturaren aurka egiteko. Beka honen oinarria eta funtsa euskal kultura eta euskal sortzaile berriei beren proiektuak garatzeko baliabideak eskaintzea izan da hasieratik. Euskarazko sorkuntza. Bai Azpeitian, Euskal Herriko herririk euskaldunetarikoan, nagusiki euskalduna den herrian», gaineratu zuen. Sorkuntza Beka jaso dutenek beren proiektuak egiten jarraituko dute; izan ere, helegitea jarri badu ere, kautelazko neurririk ez du eskatu Carlos Urquijok. Diziplina desberdinetako hamar proiektu aurkeztu ziren eta epaimahaiak horietariko bost laguntzea erabaki zuen. EUSKARAREN ALDE «Eraso honen aurrean guk ere euskara eta euskal kulturaren aldeko gure lana eta konpromisoa berretsi nahi dugu», azpimarratu zuen Kultur Mahaiko lehendakari Maite Maizek.