GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bilduk Euskaraldian parte hartuko du, lagungarri izanen dela sinesten duelako


Euskaraldia azken urteotako euskara biziberritzeko jarduna astintzeko lagungarri izanen dela sinesten dute. Eta, horregatik, Euskal Herria Bilduko lagunek ahobizi edo belarriprest rolak hartuko dituzte azaroaren 23tik abenduaren 3ra, aktore nagusi herritarrak dituen ekimenean. «Unibertso euskaltzalea aktibatzeko, gure hizkuntza zabaltzen jarraitzeko, euskara ikasten, irakasten eta egunerokoan eraikitzen ari diren milaka emakume eta gizonen lana nabarmentzeko...». Hainbat xedetarako baliagarri ikusten dute Euskaraldia.

Halere, jakitun dira hori guztia ezin dela proiektu horrekin soilik lortu, eta euskaraz osoki bizitzeko baldintza politiko, juridiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak sortu behar direla azpimarratu dute. «Herri gisa dagozkigun estrategiak landu, adostu eta burutu behar ditugu. Egunerokoan eta esparru orotan. Konpromiso zehatzak hartuz modu pertsonal eta kolektiboan», adierazi dute. Aurtengoa urte berezia dela oroitu dute, Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenagatik eta Euskara Batuaren 50. urteurrenagatik, eta batasuna giltzarria dela nabarmendu dute. «Batasun hori sakondu eta zabaldu behar dugu».

Euskaraldiak asmo horri erantzuten diola ikusten dute eta bertan parte hartuko dute «etxe, lantoki, elkarte, erakunde eta lagunartean».